INFO

Urdaibai Bird Center, hegaztien aterpe eta behatoki, biosferaren erreserban

Este navegador no soporta el elemento video.


Laster 40 urte beteko dira Unescok Urdaibai Biosferaren Erreserba izendatu zuenetik. Orduan jada hezeguneen garrantzia nabarmentzen zuen natura ingurune pribilegiatu horretan. Hezeguneak hegaztien espezie anitzen ezinbesteko habitatak dira, baita karbono dioxido xurgatzaile handiak ere. Urdaibai Bird Center padura horiei begira dago Gautegiz Arteagan, 365 egunetan zehar, eta 24 orduko behaketa eginez. Naturaren museo bizi gisa eta hegaztien nazioarteko aireportu gisa aurkezten du bere burua. Hala ere, askoz handiagoa da zentroak egiten duen lana; bai Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen gidaritzapean, bai ikerketa zientifikoaren eta dibulgazioaren ikuspuntutik.

Hegaztiek Europako iparraldetik Afrika epelera egiten duten migrazio prozesurako funtsezko geldialdi bat eskaintzen dute Urdaibaiko padurek milaka hegaztirentzat; aldi berean, behaketa egiten duen zentroan 35.000 eta 40.000 bisitari artean izaten dituzte urtero, altxor hori ezagutzeko. Han, Jon Garatxena hegaztien zentroko teknikariak egin dio harrera GAUR8ri. Paduren ikustoki ederreraino eraman gaitu. Hegaztiak ikusteko teleskopio ezberdinak daude han, bisitarien eskura. Zirimiri itxiko eguna da, goiz da, eta oraindik ez dira bisitariak heldu; beranduago familia bat helduko zen mira horietatik begiratzera.

Jon Garatxena, hegaztien zentroko teknikaria. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Urdaibai Bird Center ikerketa zentro bat da, eta egiten dugun ikerketa hegaztietan eta ingurunean zentratuta dago; gero hori guztia jendeari transmititzea da helburua», zehaztu du Aranzadiko teknikariak, zentroaren izaeraz galdetuta. Hezegune ikusgarri horien aurrean, duten garrantziaz galdetu diogu Garatxenari: «Pentsa hegaztiek zer ibilbide egin behar duten. Hemendik pasatzen diren gehienak Europako iparraldean jaiotzen dira, Holandan, Danimarkan, Alemanian..., eta hegoalderantz joaten dira, Afrikara; iparraldera asko, eta batzuek Sahara gurutzatzen dute. Bidaia luze horretan, oso garrantzitsua da geldialdi puntu hauek behar bezalako kontserbazioa izatea, zeren txarto kontserbatuta badaude, eta hemen gelditu ezin badira, orduan hurrengo geltokiraino joan behar dira, eta beraz, egun gehiago bidean, horrek suposatzen duenarekin».

Maila handiago batean, Aranzadikoak nabarmendu du hezeguneak karbono dioxido gordekin handiak ere badirela, eta azpimarratu du Urdaibaiko paduren kasuan, gainera, duten kontserbazio egoera oso ona dela.

Gautegiz Arteagan dagoen zentroaren ikustokia. Aritz LOIOLA / FOKU

Nazioarteko jarraipena zuzenean

Urte osoan zehar heldu eta alde egiten dute hegaztiek Urdaibaitik. Uda ugalketa sasoia izaten da: «Oso polita da ikustea estaltze prozesu horietan hegazti bakoitzak egiten duen dantza edo erakustaldia, eta garrantzitsua da hegaztien ugalketa horri adi egotea, haien portaera jarraitzea... horrek esaten baitu animalia horren portaera aldatu bada, zein izan den horren zergatia». Jarraipen horren barruan, gainera, eraztuna duten hegaztien joan-etorriak kontrolatzen dituzte. «Datu horiek oso garrantzitsuak dira, nondik igaro diren erakusten dutelako», dio Garatxenak, kamerek eskaintzen dituzten irudien xehetasunak nabarmenduz.

Eraztuna duen bat heltzen denean, kode hori kamerekin begiratu, eta erregistroa ordenagailura eramaten dute, Urdaibai Bird Center bezalako beste zentro batzuekin partekatzen duten sarean islatuz. «Hemen, bertan jaiotako hegaztiei jartzen diegu eraztuna; baina mokozabalei, adibidez, ez, iparraldean jaiotzen direlako. Datu horiek izateak eta partekatu ahal izateak garrantzi handia du. Nire helburua da hemen jarritako eraztuna beste nonbait irakur dezaten, horrela, jakin dezakegu ez dakit nora joan dela, eta batzuetan “zer egiten du hor” ere galdetzen diogu gure buruari». Garatxenak nabarmentzen duenez, datu horiek kontrolatzea ezinbestekoa da, «askotan gauza bat delako teoria eta beste bat errealitatea». Kontrol horri esker jakin dute, esaterako, Urdaibaira heldutako mokozabal batek 26 urte baino gehiago dauzkala; ez da arraroa, «baina bitxia bai: ni baino zaharragoa den hegazti bat ezagutu ahal izan dut», zehaztu du hezitzaile gisa ibiltzen den teknikariak.

Behaketarekin lotuta, ospe handia lortu dute Urdaibai Bird Centerren webguneak eskaintzen dituen zuzeneko irudi horiek. Pandemian, itxialdiaren garaian, jarraipen datu guztiak hautsi zituzten zuzeneko irudi horiekin; eta ez bakarrik Euskal Herrian, munduan zehar asko izan ziren naturaren leiho horretara begira egon zirenak, garai hartan, naturara zabalik zegoen leiho baten modukoa izan baitzen atal hori.

Leiho horretatik jarraitu ahal izan genuen, adibidez, Roy eta Landa arrano arrantzaleen istorioa Urdaibain. Duela lau urte izan zuen bikoteak lehen txitaldia Urdaibain, espeziea birsartzeko proiektu baten barruan. Arrastoa galdu genuen ondoren, baina Urdaibai Bird Centerren izan dugu istorio horren azken kapituluen berri: «Ezin izan dugu jakin txita haiek zergatik hil ziren, hil ondoren habitik ateratzen baitzituzten, eta ezin izan ditugu aztertu, baina gure hipotesia da hipotermiaz hil zirela, txita jaio berriek ez dutelako izaten helduen lumajerik», gogoratu du Garatxenak.

Dakitena da hurrengo urtean Roy ez zela Urdaibaira etorri. Landa, bai, baina arra aurkitu ez, eta alde egin zuen. «Naturak esaten die ugaldu egin behar direla, eta beste ar baten bila joan zen», gogorarazi du teknikariak. Zehaztu duenez, «Santander aldean dago, txitaldia egin du han, eta ziurrenik hara itzuliko da hurrengoetan». Urtero etorri izan den Rayri buruz ez dakite ezer, eta ez da seinale ona, onartzen duenez. «Urteetan zehar hutsik egin gabe etortzen zen Urdaibaira. Badakigu Royk zortzi bat urte dituela, eta arrano bat 15-20 urte izatera hel daitekeela, baina migrazio prozesuaren ondorioz, hilkortasun tasa handia dute».

Istorio horien artean, hegazti harrapari bat agertu da zeruan, prismatikoak hartu eta aztorearen itxura daukala esan du ozen. Ondoren, kideari kontatu dio. Orduak eman daitezke ikustoki horretan paduretara begira.

Lertxuna paduretan, teleskopioko miratik ikusita. Aritz LOIOLA / FOKU

Jakin beharrekoak

Uztailean eta abuztuan egunero dago zabalik zentroa, 11.00etatik 19.00etara. Helduen sarrerak 7 euro balio du; lau eta hamabi urte bitarteko haurrenak, 4 euro. Irailean eta urrian, ordutegi hori bera du larunbat, igande eta jai egunetan, eta asteartetik ostiralera, 16.00ak artekoa. Audiogidak daude bisitak egin ahal izateko eta zenbait teleskopio eta kamera daude paduran gertatzen dena ikusteko. Ostatu zerbitzua ere badu zentroak.