INFO

Oiartzunek eta Markina-Xemeinek jokatuko dute Euskal Herriko eskuzko Herriarteko finala

Gipuzkoarrek eta bizkaitarrek erraztasun handiz, partidarik galdu gabe, atera dituzte aurrera Bastida eta Leitzaren aurkako euren kanporaketak.

Markinako Alvarez jubenila sake bat egin aurretik. (NAIZ)

Oiartzunek eta Markina-Xemeinek jokatuko dute Euskal Herriko Herriartekoaren eskuzko finala –datorren igandean Zumarragan goizeko 11.00etatik aurrera– asteburu honetan Bastida eta Leitzaren aurkako euren kanporaketak nagusitasun handiz aurrera aterata. Gipuzkoarrek eta bizkaitarrek 3-0 atera dituzte aurrera Zumarragan jokatutako euren kanporaketak eta sei partidetatik bakarrean, Oiartzun eta Bastidaren arteko nagusienetan baino ez ditu galtzaileak 10 tanto baino gehiago egin, 16 lortu zituzten arabarrek.

Kolore bakarreko kanporaketak izan dira hortaz finalerdietakoak. Larunbatean, egungo txapeldunak diren oiartzuarrek aukerarik txikiena ere ez zieten eman arabarrei eta minutu gutxitan lortu zuten finalerako txartela. Kadeteetan Olatz eta Zelarainek tanto bat baino ez zieten egiten utzi Ruiz de Urratarrei eta jubeniletan ere sekulako jipoia eman zieten Etxeberria-Leonetek Rituerto eta Ormazabali (22-3). Dena erabakita zela, nagusien mailakoa izan zen partidarik lehiatuena eta bertan, Ugalde-Zalakainek 22-16 irabazi zieten Diaz de Gereñu-Alvarez de Eulateri.

Aukerarik gabe

Karmen egunean, Markina-Xemein ere estuasun handirik gabe nagusitu zaio Nafarroaren ordezkari izan den Leitzari. Iruñearen aurka jokatu beharreko herrialdeko finala oraindik ere airean dela, leitzarrak izendatu zituen Nafarroako Federazioak euren ordezkari txapelketa honetarako baina, Zumarragara jende ugari eraman duten arren, ezer gutxi egin izan dute Bizkaiko txapeldunen aurka.

Bezperan gertatu bezala, lehen bi partidak, eta baita hirugarrena ere, aitaren batean atera dituzte aurrera irabazleek. Kadeteetan, Egurrola-Ibarzabalek 22-8 irabazi diete Telletxea-Sagastibeltzari eta jubeniletakoa ere kolore bakarekoa izan da; Alvarez-Calvo 22-5 gailendu zaizkie Martinez-Arregiri. Nagusietan oreka pixka bat gehiago espero zen baina Agirremalloa-Pujanak ez diete aukerarik eman Txoperena-Goikoetxeari, 22-9.

Finalean gauzak askoz estuago izatea espero da.