Oriok arantza handia kendu du etxean, itsaso zabalean inor baino trebeagoa izanda
Mirotzak oso nagusi izan dira Orioko uretan eta sailkapen nagusian bigarren ipini dira. Ia 9 segundoko aldea atera diote Arraun Lagunak liderrari, bigarren, eta 10 segundo Tolosaldea, hirugarren. Donostiarra estropadatik kanpo geratu da.
Larunbateko Bilboko erlojupekoa ostean, Orioko itsasoaren txanda izan da igande honetan. Denboraldi hasiera ez da Oriok espero zuen bezalakoa. Iaz Euskotren Ligako txapeldun izan zen eta denboraldiaurrea ez da guztiz espero zutena izan. Arraunlari askorekin aritu dira prestaketa lanetan, baina gaur etxean arantza handia kendu dute mirotzek, nagusitasun handiz gailendu baitira eta sailkapen nagusian bigarren jarri direlako.
Ezusteko handia ere gertatu da. Izan ere, Donostiarra estropadatik kanpo geratu da hasieratik. Nerea Perez patroiari pisua ahaztu zaio eta irteerarako prest ez egotean epaileek kanpoan utzi dute talde gipuzkoarra. Beraz, orain arte sailkapen nagusian bigarren zirela, punturik ez dute lortu gaurkoan eta galera handia jaso dute, laugarren postura jaitsiz Tolosaldearen mesedetan.
Estropadari dagokionez, Nadeth Agirre patroiaren Orio traineruak hegan egin du etxean itsasoa zaila zegoen egun batean. Lehen luzetik aurreko txandan Tolosaldeak egindako denborak hobetzen joan da eta ziabogan lau segundo hobeto egin du maniobra.
Bigarren luzean mirotzek ez dute ezustekorik izan eta bandera etxean geratu da. Arraun Lagunak atzetik iritsi da hamar segundora eta hirugarren aurreko txandan aritu den Tolosaldea izan da. Hondarribiak laugarren amaitu du.
Lehen txanda horretan, Tolosaldea ere oso nagusi izan da. Hibaikak ezin izan dio itzala jarraitu eta errenteriarrak, behintzat, txandako bigarren izan dira eta estropadako bosgarrenak, oso urruti geratu diren Cabo eta Tiranen aurretik.
Orioko XXIII. Emakumezkoen Estropada - Orio Kanpina XI. Bandera:
1. Orio 11:16.60
2. Arraun Lagunak 11:25.54
3. Tolosaldea 11:26.80
4. Hondarribia 11:41.96
5. Hibaika 11:57.34
6. Cabo 12:14.34
7. Tiran 12:22.06
* Donostiarra deskalifikatua
Sailkapen nagusia:
1. Arraun Lagunak 36 puntu
2. Orio 33
3. Tolosaldea 29
4. Donostiarra 26
5. Hondarribia 22
6. Hibaika 15
7. Cabo 12
8. Tiran 6