INFO

Evenepoel edota Tourreko etapa irabazle euskaldunak arituko dira Donostiako Klasikoan

Hilaren 29an ospatuko den Donostiako Klasikoan behin-behineko zerrendan txirrindulari handiak aurreikusi dira. Guztira 175 kirolari arituko dira 230 kilometro eta zazpi mendate izango dituen proban.

Donostiako Klasikoa gaur aurkeztu dute Donostiako Udaletxean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hilaren 29an ospatuko den Donostiako Klasikoa aurkeztu dute asteazken honetan Donostiako Udaletxean. Duela egun batzuetatik bagenekien iazko txapeldun Remco Evenepoel irteeran izango dela, baina gaur beste izen batzuk ere iragarri dituzte, ibilbide ofizialak eta iazkoarekin alderatuta egin diren aldaketekin batera.

«Egutegiko Klasiko garrantzitsuenetako bat 42. ediziora iritsi da. Behin-behinean izena eman dutenen zerrenda luzeak ezin hobeto irudikatzen du Klasikoak eragiten duen oihartzuna», azaldu du Julian Eraso OCETAko presidenteak.

Izan ere, behin-behineko zerrendan txirrindulari handiak aurreikusi dira: Julian Alaphilippe (2018an irabazle) eta Klasikoko azken irabazlea, Remco Evenepoel (Quick-Step Alpha Vinyl Team), 2021eko Klasikoko irabazle Neilson Powless, (EF Education – Easypost), Bauke Mollema (2014ko irabazlea), Tony Gallopin (2013), Simon Yates (Jayco Alula), Tony Gallopin (LDL-Trek), Juan Ayuso (UAE Emirates) edota gaur egun Tourreko laugarren sailkatua Carlos Rodriguez (Ineos-Grenadier). Euskaldunen artean, hortxe izango dira, besteak beste, Tourrean dabiltzan Mikel Landa eta Pello Bilbao (Bahrain Victorious), Ion Izagirre (Cofidis) edota Alex Aranburu (Movistar).

Aurtengo ibilbideak 230 kilometro izango ditu eta zazpi mendate eta 3,7 kilometroko desnibela: lehenengo mailako bat (Erlaitz), bigarren mailako lau (Iturburu, Jaizkibel, Mendizorrotz eta Murgil tontorra), eta hirugarren mailako bi (Meaga eta Alkiza).

WorldTeam lizentzia duten 18 taldeek parte hartuko dute, Movistar nafarra tartean dela, eta horiekin batera UCI ProTeam lizentzia duten beste zazpik, tartean Euskaltel-Euskadi, Kern Pharma eta Caja Rural euskal taldeak daudela. Guztira, 175 txirrindulari arituko dira 25 taldetan banatuta.

Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak azpimarratu duenez, «Donostiako Klasiko honek urtero laguntzen digu gu geu garena mundu mailan erakusten. Izan ere, maila honetako lasterketa batek mundu osoko zale, komunikabide eta kazetarien arreta bereganatzen du, eta hori baliagarria zaigu mundura irekitzeko eta nazioarte mailan geure burua erakusteko».

Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu nahi izan duenez, «nazioarteko egutegiko egun bateko lasterketa onenetako bat daukagu. Hala adierazten digute parte hartzera etortzen direnek, behin baino gehiagotan irabazi dutenek eta Jaizkibel, Erlaitz, Mendizorrotz eta Murgil igotzen izugarri sufritu dutenek. Eta, hala da gaur hemen zaudeten eta existitzen den kirol ederrenetako batean Donostia mundu mailako erreferente izatea posible egiten duzuen pertsona guztiei esker».