INFO

Ke-pote batek ikusmena kendu zion Pello Mindegiari Errenteriako jaietan duela 40 urte

Ikusmena galdu zuen Pello Mindegiak 1983ko uztailaren 21ean, duela 40 urte. Errenteriako jaiak hasi berriak ziren eta polizia batek ke-pote bat bota zion gertutik burura. Euskal Herrian «errepresio planifikatua» pairatzen zela salatu du NAIZekin gertaera haiek oroitzeko egin duen solasaldian.

Pello Mindegia Irungo baserrian. (Martxelo DIAZ)

Errenteriako jaiak hasi berriak dira, giro onean gainera. Duela 40 urte, 1983an, ordea, festak ez ziren berdin abiatu. Uztailaren 21ean Pello Mindegiak begi bat galdu zuen polizia batek zuzenean ke-pote bat bota ziolako burura. Garai hartan, udaletxean bandera espainola jartzen zenean tirabirak sortzen ziren eta arraultzak botatzen zizkioten alkateari. Egun horretan ere hori gertatu zen eta erantzun errepresiboa bortitza izan zen; udaletxetik bertatik polizia espainolak sutsuki atera ziren plazan zegoen jendea jipoitzera. Gertatutakoaren eta garai hartako giro politikoaren inguruan solastu da NAIZekin egun Irunen bizi den malerrekarra.

Aldez aurretik ezagutzen zituen Mindegiak Polizia espainolaren tratuak. 1982an atxilotu zuten aurreko urtean emaztearen aitari Ipar Euskal Herrira ihes egiten laguntzeagatik. «Familia osoa atxilotu zuten. Madrilen torturatu ninduten. Kasko bat jarri eta kolpeak ematen zizkidaten», gogoratu du. Baionara egindako bidaiak grabaturik zituen Poliziak.

Handik gutxira jasan zuen ke-potearena. «Madalenetan afari batean ginen EMK-ko militanteak. Ni ere EMK-ko militantea nintzen. Istiluak izan ziren Errenterian eta hurbildu egin ginen. Eliza ondoko barrikadaraino hurbildu ginen. Ez nuen deusetarako denborarik izan. Berehala ke-pote bat bota zidaten burura, begi ondoko hezurra apurtu eta begi guztia lehertu zidaten», gogoratu du.

Pello Mindegia Errenteriako Garbiñe Ramirez keramista egin zion lanaren alboan. (Martxelo DIAZ)

Txikitan, lau urterekin istripua izan zuen guraize batzuekin eta eskubiko begiarekin ez zuen ikusten ordurako. Ke-potearen kolpearen ondorioz, sano zuen begiko ikusmena ere galdu zuen. Duela 40 urte erabat itsu gelditu zen Pello Mindegia. Larritasunik kendu gabe, zortea ere izan zuela nabarmendu du. «Bizirik nago. Oraindik ahal dut kontatu eta hitz egin», azpimarratu du.

PSOE, Gobernu espainolera heldu berria

1983ko egoera politikoa gogora ekarri du Mindegiak, errepresio maila oso handia pairatzen zela nabarmenduta. «PSOE Gobernu espainolera heldu berria zen, 1982an irabazi zituen hauteskundeak. Julen Elgorriaga gobernadore zibila zen eta, nire ustez, Madrildik ezarritako politika ezartzen ari ziren. Gero ikusi dugu zer gertatu den: Lasa eta Zabala, Galindo, errepresio ikaragarria, GAL, ... ETAren inguruan zeuden militantziei edo alorrei politika berri hori erakutsi nahi zieten. Begiratu non hasi ziren eta non bukatu duten. X pertsonajea oraindik garbi azaldu gabe dagoela diote», azaldu du.

Pello Mindegia, 1983an egin zioten irudian.

Julen Elgorriaga gobernadore zibila ezaguna zuen Mindegiak. «Irundik ezagutzen nuen, frankismoaren garaietatik. Alkateordea ere izan zen. Gertatatukoa gertatu eta harengana joan nintzen Gobernu Zibilera eta argi eta garbi esan nion: ‘Julen, zertan ari zarete? Erotu egin zarete? Irungo mobida guztietatik ezagutzen dugu elkar eta begiratu nola bukatu dudan: itsua, zure politika zikinarengatik. Nola bidali dituzu hainbeste polizia arkupeetara jendea jipoitzera? Nori okurritu zaio hori herriko jai batzuetan?’».

«Elgorriaga ezagutzen nuen. Gobernu Zibilera joan eta argi eta garbi esan nion: ‘Julen, zertan ari zarete? Erotu egin zarete?’»

 

«Politika berri bat egitera etorri gara», izan zen Elgorriagaren erantzuna, Mindegiak gogoratu duenez. «A zer politika berria! Bandera espainola jartzeagatik eta arraultzak botatzeagatik bidali dituzu indar parapolizialak?», bota zion Mindegiak gobernadore zibilari. «Udaletxe barruan zeuden eta paisanoz atera ziren. Parapolizialak ziren», oroitu du.

Ikusmena galduta bizimodu berri bati ekin behar izan zion Mindegiak. Ordurarte Lesakako Laminaciones lantegian aritzen zen eta enpresa batzordeko kidea zen. Urte horietan greba gogorrak izan zituzten eta Altos Hornos-ekin ekiparazioa lortu zuten. «Lesakako grebak hiru hilabetekoak izaten ziren, urteetan eta urteetan. Esperientzia polita izan nuen sindikalista bezala», gogoratu du. Ume txikia zuen eta emaztearen gurasoen etxean bizi ziren, Hondarribian. Ikastolako juntakide izan zen eta publifikazioan parte hartu zuen. Horrekin batera, ekologismoan alorrean mugitu izan da, proiektu ugari bultzatuz bai Irunen bai Hondarribian.

Antxotegi baserria erosi zuen 2000. urtean Irungo Meaka auzoan, Aiako Harriaren azpian. Bertan, landetxea izan du orain gutxi arte, hemezortzi urtez. Erosi ahal izateko sententzia batek eman zion 20.000.000 pezetako kalte-ordaina (120.000 euro) erabili zuen. Hori jasotzeko hamar urteko ibilbidea egin behar izan zuen, Auzitegi Nazionalean hasita Epaitegi Gorenean amaitzeko. «Sindikalista izatetik inbertsore izatera pasa nintzen», dio barre artean.

Lasai bizi da Pello Mindegia, naturaz inguraturik paraje ederrean. 2007an emaztea hil zitzaion minbiziarekin. Baina ez du ahazten ekologismoaren aldeko borroka. Eta memoriaren aldekoaren garrantzia ere nabarmendu du behin eta berriz.

«Beti erreibindikatzen dut: Euskal Herrian jasan dugun errepresioa izugarria izan da. Ondo aztertu gabe dago. Eta epaitu gabe are gehiago», aldarrikatu du.

Inpunitatea

Bere kasuan kalte-ordaina aitortu zion epaia lortu zuen, baina epaitegietan ez zaio inolako erantzukizunik eskatu ikusmenik gabe utzi zion poliziari edo gertatutakoaren ardura politikoa izan zuen inori. «Asko eta askori gertatu zaio hori. Nik gutxienez alor administratiboan irabaztea lortu nuen», dio.

1983ko uztailaren 24ko “Egin’-ek jaso zuen informazioa.

«Helburuak argi ditut. Ni militante historikoa naizenez, eta betidanik mamitu dudanez, jarraitzen dut horretan. Interes handia dut politikagintzan, ekologian, feminismoan, ... Gure militantzia politikoa ere nahiko zabala izan zen maila horretan, ikuspuntu askotakoa. Eta hor mugitzen naiz», azaldu du.

Jasandakoren aurrean elkartasun maila handia jaso duela nabarmendu du Mindegiak. «Gizartearen partetik, lankideen partetik, sindikatuengandik, ... Baina instituzioek oso interes gutxi izan dute gai hauek argitzeko. Badakigu garai gogorrak zirela, baina hala eta guztiz ere!».

«Euskal Herrian ez da errepresioari buruzko benetako ikerketa bat egin. Ikerketa zientifikoa behar dugu. Unibertsitateak egin beharko luke»

Lakuako Gobernuak indarkeria polizialaren biktimen inguruan ireki duen lan ildoan parte hartu du Mindegiak. «Oraindik prozedurak betetzen ari gara», dio.

«Baina beti diot: Euskal Herrian ez da errepresioari buruzko benetako ikerketa bat egin. Ikerketa zientifikoa behar dugu. Unibertsitateak egin beharko luke. Gure UPV-k ez badu egiten, agian Pompeu Fabrakoei deitu beharko diogu, edo ez dakit nori, benetako ikerketa bat egin ahal izateko», esaten du.

«Euskal Herria errepresioaren probaleku bat izan da. Hemen garatu den errepresioa mota guztietakoa izan da: instrumentalak, zuzenak, ... Talde armatuei aurre egin nahian aritu ziren. Baina nor izan gara kaltetuak? Herriko jende xumea. Makina bat jende dago kaltetuta. Eta hori guztia ez da aztertu. Inpunitate maila altua dago eta asko kostatzen da hori aztertea», nabarmendu du.

Errenteriako Udalak memoriaren alde pauso garrantzitsuak eman baditu ere, samintasunez kexu da Mindegia duela 40 urte jazotakoa ez duelako kontuan izan. Erakusketaren bat antolatu izana falta botatzen du.

«Indarkeria polizialaren biktimak» esamoldea ez du gustuko Mindegiak eta berak pairatu zuenak Estatu terrorismoaren biktima bihurtu duela azpimarratu du. «Planifikatutako zerbait izan zen. Julen Elgorriaga, Julian San Cristobal eta GALeko hasierak 1982-1983ko gauzak dira. Gero Lasa eta Zabala eta abar luze bat izan ditugu. Eta hori planifikatuta dago. Garai hartako PSOEk politika errepresibo berri bat ireki zuen. UCDk egiten zuen politika Martin Villarekin ezaguna genuen. Baina PSOEk zer uste zuen? Euskaltasuna, feminismoa, errepresioaren aurkako mugimendua, amnistiaren aldeko mugimendua, intsumisioa eta abar pil-pilean zeuden. Ikaragarrizko mobilizazioak zeuden Euskal Herrian. Horri aurre egin behar zioten. Eta ez zuten beste tresnarik gure herriko iraultza mailari aurre egiteko. Ez ziren gai», azaltzen du.

Azken 40 urteetan gauza asko aldatu badira ere, Iñigo Cabacasen kasua ez da zaharra. Ezta begia galdu zuen Aingeru Zudairerena. Katalunian ere kasu ugari izan dira. Errepresioa ez dela desagertu argi du Mindegiak. «Hondarribian emakumeen Alardearen aldeko mobilizazio batean ertzainek hartu ninduten eta arrastaka eraman ninduten. Itsua dela jakinda ere ez dute problemarik pertsona bat arrastaka eramateko! Oraindik ez dakite nola bideratu manifestazioetara doan jendea aurre egiten dietenean. Lasaitu zaitezte! Ikusi ditugu Tubacexeko langileak ere errepresioa jasaten. Horretan ez gara birmoldatu», dio.