INFO

EAJk «match ball» bat du U23an eta Estebanek hartu du jokatzeko ardura

EAJk Bilbon itxi zuen kanpaina, ohi bezala, baina jeltzaleek ohikoak ez diren zalantzekin aurre egingo diote biharko hitzorduari. M28ko emaitzak uste baino txarragoak izan ziren, eta orain antzeko zerbait gertatuz gero ataka zailean geratuko dira. Aitor Estebanengan jarri dute itxaropena.

Sabin Etxeko pankartan ikusten den bezala, Aitor Esteban izan da EAJren kanpainako protagonista nagusia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Niretzat hauteskunde hauek pixka bat misteriotsuak dira, zaila da zer gertatuko den jakitea». Aitor Estebanek Iñaki Iriondori esan eta iragan ostegunean orrialde hauetan argitaratutako hitz hauek oso esanguratsuak dira. Alde batetik, egia delako bihar zer jazoko den aurreikustea ez dela batere erraza, baina, baita ere, hitzordu honi begira EAJren barruan dagoen aldartea erakusten dutelako. Jeltzaleak ez daude eroso, maiatzaren 28ko emaitza kaskarren ondoren ia ez dutelako astirik izan egoerari buelta emateko, eta badakitelako, hauteskunde hauetan antzeko zerbait gertatuz gero, ataka larrian egongo direla.

Hain zuzen, halakorik gerta ez dadin, Estebanen bizkarrean utzi dute ardura eta harengan jarri dute itxaropena. Politikari deustuarrak ia protagonismo osoa izan du kanpainan, nahiz eta azken txanpan Iñigo Urkullu lehendakariak bere alea jarri duen. Ekitaldiak Araban edo Gipuzkoan izanagatik ere –Nafarroan EAJ Geroa Bairen parte da–, bizkaitarra izan da hizlari nagusia, eta jokaldiak zentzua daukan arren, egia baita bera dela hautagai ezagunena –zenbat jendek ezagutzen ditu zerrendaburu jeltzale arabarra eta gipuzkoarra–, arriskuak ere badakartza, emaitza txar baten erantzukizuna berari ezar dakiokeelako.  

Eserlekuak berdintzea helburu

Aurreikuspenak ez dira bereziki onak EAJrentzat. Aurrekoan sei diputatu eta bederatzi senatari eskuratu zituzten jelkideek, eta, Ganbera Altuko zenbakiak berdintzea ia ezinezkoa izango dutela badakiten arren, Kongresuko sei eserlekuei eustea lorpen gisa saldu lezakete, inkesta gehienek bost ematen dizkietelako. Hortik beherako edozein emaitza ñabardurarik gabeko desastrea izango litzateke Sabin Etxean, eta agertoki katramilatsua irekiko litzaieke.

Izan ere, datozen hilabeteek berebiziko garrantzia izango dute alderdi jeltzalean. Alde batetik, berandu baino lehen –data zehaztu gabe dago– 2024an hauteskunde autonomikoak egingo dira EAEn, eta, maiatzekoen ostean igandeko emaitzak ere kaskarrak badira, zalantzak ugarituko dira. Bestetik, hurrengo urtean EAJren zuzendaritza berrizteko prozesua abiatzea espero da, eta hauteskundeen emaitzen arabera, agian ez da giro izango.

Ikusteko dago, baita ere, Andoni Ortuzarrek eta Iñigo Urkulluk zer egingo duten. Honek, hiru legealdi egin ditu lehendakari gisa, eta logikak dio beste hautagai bati txanda emateko unea heldu zaiola; baina, hauteskundeetara alderdia krisian heltzen bada, lekukoa ematea zailagoa izan daiteke. Antzeko zerbait gerta dakioke EBBko buruari; ez da gauza bera egoera onean edo gainbeheran dagoen talde batean erreleboa ematea.

PPrekin harremana estutzen

Ardura horrekin atera dira Esteban eta haren kideak zelaira. Egiari zor, hauteskunde hauek ez dira errazak, PSOE eta PPren arteko polarizazioak ezinbestean kanpaina markatzen duelako, baina jeltzaleei kostatu zaie euren mezua kokatzea. Gainera, ez dute zehaztu Sanchezen eta Feijooren artean noren alde egingo luketen –argi utzi dute Voxekin ez dutela ezer jakin nahi–, eta ez dute baztertu, zenbakiek lagunduko balute, galiziarra babestea.

Ildo honetan, Durangoko alkatetza eta Gipuzkoako Aldundia eskuratzeko PPren botoak jasotzeak eta Bastidan alderdi horri alkatetza oparitzeak areagotu egin du jeltzaleen jarrerarekiko zalantza. Bihar ikusiko da zenbateraino.