INFO

2023ko Herriarteko Pilota Txapelketa Markina-Xemeingo pilotarien garaipenarekin itxi da

Iaz Oiartzunen aurka galdu ostean, bizkaitarrek iazko arantza ateratzea lortu dute. Aurreneko bi partiden ostean markagailua garaipen banarekin berdinduta iritsi arren, nagusien kategorian Agirreamalloak eta Pujanak 5-22 egurtu dituzte Etxeberria eta Landa, eta hor joan da finala.

Markina-Xemeingo pilotariak, Oiartzungoen aurrean zutik, Herriarteko Txapelketa irabazi berritan, pozarren. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Markina-Xemeingo taldeak eraman du 2023ko Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketa Zumarragako Beloki pilotalekuan Oiartzuni 1-2 irabazi dio talde bizkaitarrak eta iaz aurkari berberaren kontra galdutako finalaren arantza atera du horrela.

Finalak berak izan duen emozioa falta izan dute neurketek, alde oso handiak izan baitira hiru kategorietan. Hala, Markina-Xemeingo Egurrola eta Ibarzabalek nagusitasunez irabazi dute kadete mailako partida. Espero bezala, bizkaitarrak nagusitu dira Olaiz eta Etxebarriaren aurka, nahiz eta 12-22koa erdiesteko lana gogotik egin behar izan duten. Egurrola aurrelari markinarraren bizitasunak partidako erdialdera jasandako estuasunei –markagailua 3-10etik 8-10era pasa den unean– buelta emateko balio izan du.

Oiartzunek, nolanahi, Zabala eta Leoneten bitartez, erraz asko berdindu dute final nagusia jubenil kategorian Alvarez eta Calvo 22-8 hankapean erabili eta gero. Bizkaitarrak bi atzelarirekin kantxaratu dira eta, bada, Zabalak aurrean tantoa bilatzeko ez du inolako arazorik izan, aurreko koadro horietan mugitzeko behar den bizitasun horren faltan, Markina-Xemeingo Alvarezek gorriak eta beltzak ikusi ditu Zabalaren erremateen aurrean. Zumarragako pilotalekua ez da erraza aurren jokatzen ohituta ez dagoenarentzat eta, hala, 168 pilotakada eta 26 minutu eskasen ostean finala berdintzea erdietsi du talde gipuzkoarrak.

Nagusien kategoriak erabaki behar zuen finala, eta baita hala erabaki ere, ezusteko moduan izan bada ere. Etxeberria eta Landa bikote oiartzuarrak gaztetasuna eta jokoa ditu sendogune, baina baita ahulgune ere. Agirreamalloak eta Pujanak, aldiz, Markina-Xemeingoen eskarmentua izan dute arma nagusi.

Unax Landa atzelari gipuzkoarraren ezkerra ikustekoa izan da. Ezkerrez errebotera ere bidali du pilota bat, baina eskuinez, dela eskua ondoegi izan ez duelako, dela bestela ere ez duelako ezkerrez adina konfiantza, atzelari gazteak ez du Pujana menpean hartu, nahiz eta bi koadro atzerago jotzeko ahala izan.

Aurrean, berriz, Agirreamalloak Etxeberria erotu egin du. «Gure jokoa partida aurrean nahastea zen, eta berehala konturatu gara joko klase horrek balio zigula Oiartzunen aurka. Gure jokamoldea inposatu dugu eta horri esker irabazi», adierazi du Agirreamalloa beteranoak partida amaieran.

Aurrelari bizkaitarrak jokoa aurreko koadroetara ekarri du, erritmo bizian jokatu araziz aurkariei eta nahi bezalako patxadarik gabe. Esan bezala, tarteka sekulakoak eman dizkio Unax Landa atzelariak, ezkerrez batik bat, baina akordatzerako markagailua 1-10 jarri dute Markina-Xemeingoek.

Etsita, Oiartzungo bikotea ez da bere jokorik egiteko gai izan eta 5-22 zapaltzaile batekin irabazita lortu dute Herriarteko Txapelketako sari nagusia etxeratzea Markina-Xemeingo kideek.