INFO

Erabakiak hartzeko astea Lezaman

Mexikotik egindako biratik itzuli ondoren, 30 jokalaritik gora elkartuko dira Athleticen lehen taldearen entrenamenduetan eta ostegunean Racing taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak.

Iñaki Williams ez zen joan Mexikora eta Lezaman geratu zen entrenatzen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Denboraldiaurrearen laugarren asteari ekingo dio Athleticek Lezaman. Ateak itxita izango dira lan saio guztiak eta ostegunean Racing taldearen kontra jokatuko dute. Amaitu da Mexikotik egindako bidaia eta erabakiak hartzen hasteko unea iritsi da. Agirrezabala, Sancet eta Paredes oporretatik bueltatzen direnean, 36 jokalari egon daitezke Ernesto Valverderen aginduetara entrenatzen eta asmoa lehen taldea 24 futbolaritara mugatzea dela komentatu zuen teknikariak.

Harrobiko zazpi jokalarik abiatu zuten denboraldiaurrea eta lehen partidetan egindako minutu banaketatik lehen erabakiak nondik nora joango diren ondorioztatu daiteke. Gastesi atezaina eta Barandalla atzelaria biratik kanpo geratu ziren eta Padilla atezainak, Egiluz atzelariak eta Junior Bitak ez zuten jokatu Necaxaren kontra.

Postu batzuetan lehia handia dago, zelai erdian eta goian jokatzeko esaterako. Atepean Unai Simon eta Julen Agirrezabala daude. Defentsan, berriz, hutsuneak igartzen dira. Iñigo Martinezek utzitako tokiari ezker hegalean Yuri eta Imanol lesionaturik daudela gehitu behar zaio.

Klubaren zerbitzu medikuek aurreratu zutenez, Gallartako ezker atzelaria eta Yeray taldekideei batuko zaizkie datozen egunetan. Yuri beranduago itzuliko da, baina liga hasierarako prest egotea espero dute. Chivasen eta Necaxaren kontra jokatutako partidetan Lekuek eta Morcillok jokatu dute ezkerretik. Iaz ere proba bera egin zuen Valverdek. Hala ere, Zornotzako mutilak ez zuen minutu askorik izan, nahiz eta kontratua luzatu 2024rarte. 25 urte egingo ditu irailean eta Amorebietara joatea aukera ona izan daiteke Morcillorentzat.

Antzeko egoeran aurkitzen da eskuin hegaletik jokatu duen Alex Petxarroman eta Andorrak argi utzi du gustura hartuko lukeela berriro donostiarra. De Marcos eta Lekue daude eskumatik aritzeko eta Hugo Rincon bigarren taldetik igo daiteke.

Martonek bi gol egin zituen Necaxaren aurka. (@AthleticClub)
Martonek bi gol egin zituen Necaxaren aurka. (@AthleticClub)

Fitxaketarik iristen ez bada, Yeray, Vivian eta Paredesekin batera defentsaren erdialdea osatzeko beste postu bat egongo da jokoan. Valverdek hainbat proba egin ditu Mexikon jokalariak nola moldatzen diren ikusteko. Ziur asko, Beñat Pradosen eta Nolaskoainen artean erabaki beharko du eta Unai Egiluz bigarren taldean geratuko da. Durangarrak min hartu zuen Chivasen kontra eta, Alex Padilla atezaina eta Junior Bita erdilari gaztea bezala, jokatu gabe geratu zen bigarren partidan.

Zelai erdian jokalari ugari daude eta Unai Vencedor utzita ateratzeko asmoa dagoela onartu zuen Mikel Gonzalez kirol zuzendariak. Aldi berean, Herrera, Dani Garcia eta Vesgari, Iñigo Ruiz de Galarreta gehitu zaie eta itxura ona eman du eibartarrak. Unai Gomezek ere bere dohaiak erakutsi ditu eta pase bikain bat utzi zuen Martonek Necaxaren aurka egindako bigarren golean. Nafarrak aukera aprobetxatu du eta Valverdek ondo hausnartu beharko du zer egin. Izan ere, Iñaki Williams, Guruzeta, Raul Garcia eta Villalibre dauzka goian jokatzeko. Ahaztu gabe Sancet edo Muniain sartzeko ere toki bat egin beharko dela hamaikakoetan.

Hegaletan Williams anaiak eta Berenguer aritu daitezke. Nico Serranok zerbait gehiago erakutsi beharko du lekua egiteko eta baita ere Malcom Adu Aresek.

Hiru partida abuztuan Liga hasi aurretik

Abuztuaren 12an, larunbata, jokatuko du Athleticek Ligako lehen partida San Mamesen Real Madrilen aurka. Bigarren jardunaldia Sadarren ospatuko da Osasunaren kontra abuztuaren 19an. Norgehiagoka horiek ondo prestatzeko aurkari gogorrekin neurtuko dituzte indarrak zuri-gorriek. Abuztuaren 1ean Glasgown arituko dira Celtic taldearen kontra eta hilaren 3an Las Llanasen jokatuko dute Eibarren aurka. Abuztuaren 6an, aldiz, Dublinen izango dira Manchester United taldearen kontra jokatzeko.

Ligako hirugarren jardunaldia abuztuaren 25rako jarri dute San Mamesen. Betis izango da aurkaria Aste Nagusian. Hala ere, aldaketak egon daitezke. Osasuna Europatik kanpo geratzen bada eta bere lekuan Athletic sartuko balitz, abuztuaren 24ean Conference League txapelketako kanporaketaren joaneko partida jokatu behako litzateke.