INFO

«Estrategia askatzaile berriak» pentsatzeko unea heldu dela dio Ehunek

Euskal errepublikaren bidean estrategia askatzaile berriak pentsatzeko unea heldu dela nabarmendu du Ehunek, erakundeetan egindako ekintza azaltzeko bidalitako adierazpenean. Estatu espainola eta frantsesaren menpeko jarduerekin amaitzeko aldarria egin du.

Ehunek erakundeetan egin duen ekintzaren irudia. (EHUN)

«Euskal errepublikanismoa iritsi da urmugara. Iritsi da pantaila aldaketara. Iritsi da zirt edo zart egin beharreko momentura. Iritsi da Espainian eta Frantzian ezin dela onartu eta estrategia askatzaile berriak pentsatzen hasteko momentura. Espainiarekin eta Frantziarekin Game Over», nabarmendu du Ehunek gaur plazaratu duen adierazpenean.

Honekin batera, Euskal Herriko «boteregune subordinatuen» egoitzetara (Ipar Euskal Herriko Elkargoa eta Gasteiz eta Iruñeko parlamentuak) joan dira «Nahi al duzu Espainiatik eta Frantziatik atera eta euskal errepublikan bizi?» galderari baiezko erantzunez betetako haustekutxak uzteko.

«Ekintza honekin aditzera eman nahi izan dugu ez garela inoren baimenaren zain gelditu behar. Guk geuk, gure udaletxeetan egin ditzakegula eta egin behar ditugula erreferendum lotesleak. Kosta ala kosta. Hori dela bidea; burujabetza eskatu beharrean burujabe jokatzen hasi behar dugula. Orain eta hemen etorkizuna gure esku dago, ez Frantzia eta Espainiaren baimenaren esku. Euskal errepublika da etorkizuna. Aldebakarrez derrigorrez», azaldu du Ehunek.

Menpekotasuna gainditu

«Sorreratik, Euskal Herriko independentismoak munduikuskera subordinatua izan du.  Euskal independentismoaren hastapenetan izugarrizko eragina izan zuen karlismoak, adibidez,  Espainiako dinastia gerra batean errege konkretu baten alde egin zuen, hark  foruak errespetatuko zituelakoan.  Sabino Aranak, estrategia nazionalista erabiltzen hasi arren, karlismoaren ikuspegi berarekin jarraitu zuen: independentzia, independentzia hori lapurtzen ziguten berberek onartu behar zuten.  Espainiako II. errepublikarekin berdin; errepublika hark eman behar zuen baimena. Francoz geroztik, bi bide nagusitu ziren. Autonomista bata eta negoziatzailea bestea. Lehenengoan Espainiak ematen eta kentzen zituen eskumenak. Bigarrenean, aldiz, Espainia autodeterminazio eskubidea onartzera eraman behar zen. Bi bideek Espainiaren tutelajea onartzen zuten», azaldu du.

«Azken urte hauetan, Espainiako balizko gobernu aurrerakoi baten esku utzi da gureak diren burujabetzen onarpena. Gure bizitzen tutelajea 78ko erreginenaren esku uzten jarraitu dugu, beraz. Eskubideen alorrean gobernu horren baimena bilatu dugu, gureak diren eskubide sozial, politiko eta kulturalak praktikara eramaten hasi beharrean. Diferentziak diferentzia, Estatu frantziarrarekiko logika berarekin jokatu du independentismoak», erantsi du.

«Euskalerritarrok, nahiz eta saiakerak egin, sekula ez dugu gutxiagotasun konplexu hori albo batera uzteko gaitasunik izan. Umeak denetarako baimena eskatzen duen modu berean bilatu dugu zapaltzailearen oniritzia. Asktasuna Espainiak eta Frantziak eman behar zigutela sinetsita pentsatu ditugu estrategiak. Posible zela sinetsi nahi izan dugu. Euskal errepublikarako lehenengo urratsa Espainia eta Frantzia demokratizatzea zela, alegia», nabarmendu du Ehunek.