Hamar urte bete ditu bestazaleen sabelaren zaintza hartzen duen Laborarien Xokoak
Edozein ostatuan bezala bezperako giroa sumatzen zen gaur Roland Barthes zabalgunean kokatzen den Laborarien Xokoan. «Tokiko mozkinekin eginiko janari ona, sanoa eta ez karioa» eskaintzeko badira hamar urte hartu zuten engaiamenuari eutsiko diote ELBko kideek bihar hasiko diren Baionako Bestetan.
2013. urtean sortu zuten Laborarien Xokoa, Baionako Herriko Etxeak, alde batetik, eta ELB sindikatuak, bestetik, tokiko ekoizpenak bestetako menuan sartzeko hautua egin ondotik.
Geroztik, bere ibilbidea egin du ostatuak. Gaur goizean eginiko aurkezpenean azaldu dutenez, urratsak eman dituzte, beti ere tokiko ekoizpenek gero eta presentzia gehiago izan daitezen.
Badira urte batzuk pentsa ezina zirudien arren, Laborarien Xokoan zerbitzatzen duten ura Gipuzkoatik ekartzen dute, pastak Zuberoatik hektzen dira eta burgerraren zapotea goraipatzeko Ketxupa Larresorotik.
Laborantza herrikoia biziarazteko engaimenduak hartzen duen forma anitza islatzen du, bost egunez, eskualdeka antolaturik, ostatuaren zerbitzua bermatzeko bolondrosek eginen duten lana.
60 bat lagunek jarduten dute egunero-egunero Laborarien Xokoan. Hornitzaile kopuru berari esker ahal dute «poltsiko guztientzako» janaria eskaini.
Maritxu Lopepek mahaigainean jarri duenez, covidek eragindako pandemiak bi urteko etenaldia ekarri zuen eta, geroztik, «ohituren aldaketa» sumatu dute Laborarien Xokoan.
Asko dira bertan saltzen duten produkturik merkeena eskatzen dutenak, taloa alegia.
«Agian hangurbesaren moda pasatzen ari da, edo familien ekonomiak gero eta zailago bilakatu du besta egitea», azaldu du Lopepek.
Nolatan bazkari azkarra saltzeko furgonetak Laborarien Xokoaren ondoan?
Litekeena da janari azkarra saltzeko xede duten kamioneta horiek zer ikusia izatea ere. Badira zenbair batzuk ez bezala, bestak hasi aurretik ere truck delako horiek Xaho kaian aparkatuta ziren uztalaren 25 honetan.
Bitxia egiten da, Laborarien Xokoa bultzatu duen udalak bazkari azkarra banatzen duten ostatu gurpukdun horien kokapenari buruz eginiko hautua.
Zailtasunen gainetik, ekoizleen eta kontsumitzaleen artean oreka gorde nahian «iazko prezioak abantzu ez ditugu aldatu», baieztatu du Jean-Paul Duhaldek.
ELBko ordezkariak nabarmendu duenez, horrek esfortzu bat eskatzen du, eta ez edonolakoa.
Finean, nekazaritza politikak ez duelako jokatzen eredu herrikoia sustatzen duten ekoizleen alde, Ramuntxo Laskarainek agerian jarri duenez.
Azken urtetan aldiro azaltzen den hegazti gripeak kinka larrian jarri du ahateen kanpoko hazkuntza. Hori gutxi balitz, neguko lehorteak oraindik ere gehiago zamatu ditu etxalde anitz.
Ezinbestean, bestezaleei plater goxoak eskaintzeaz gain, Laborarien Xokoak herritarren sentsibilizazioa lantzeko aukera eskaintzen du.
Hala, Baionan besta giroa nagusitzen den bitartean, laborantza lurren gainean dagoen espekulazioari aurre egiteko borrokak aurretza segitzen duela, hala nola Senperen martxan den okupazioaren bidez, gogorarazteko paradarik ez dute galduko «borroka bere adierazle nagusia duen sindikatuko kideek» ondoko bost egunez zurigorriz jantziko den hirian.