Xabier Atristainek espetxean jarraituko du, hirugarren graduaren inpugnazioa onartuta
Xabier Atristainek espetxean jarraituko du, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak hirugarren graduaren aurka ezarritako helegitea onartuta. Espainiar justizian «krudelkeriak Zuzenbidea ordezkatzen duela» salatu eta ostiralean Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du Sarek.
Xabier Atristain donostiarrak kartzelan jarraitu beharko du, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak euskal presoaren hirugarren graduaren aurka aurkeztutako inpugnazioa onartu baitu epaitegi bereziak. Hala jakinarazi du Sarek ohar batean. Espainiar Justiziaren jarrera salatu du, «non errebantxak eta krudelkeriak Zuzenbidea ordezkatzen duten», eta hileko azken ostiralarekin bat uztailaren 28an Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du.
Atristainen kasua aski ezaguna da: espainiar auzitegiek ezarri zioten 17 urteko zigorra Europako Giza Eskubideen Auzitegiak bidegabetzat jo zuen arren, epaiari muzin egin eta kondena bere horretan utzi zuen espainiar Auzitegi Gorenak. Inkomunikazioan jasan zuen babes juridiko falta nabarmendu zuen Europako epaiak, paradigma berria ezarriz, beste preso askoren auzietan ere eragina izan beharko lukeena.
Hasiera batean aske geratu bazen ere, segituan espetxeratu zuten donostiarra, ekainaren 2an. Handik hilabetera, Martuteneko Tratamendu Batzordeak hirugarren gradua proposatu zuen eta, Lakuako Gobernuak onartu ondoren, Atristain aske geratu zen, 2022ko uztailaren 8an.
Urrian, ordea, Fiskaltzak hirugarren graduaren aurkako helegitea jarri eta berriro kartzelara itzularazi zuten, bigarren graduan sailkatuta.
Martuteneko Tratamendu Batzordeak beste behin ere bere sailkapena berrikusi zuen 2022ko azaroaren 30ean, eta hirugarrenez proposatu zuen hirugarren gradura igarotzea. Lakuako Justizia Sailburuordetzak berretsi egin zuen proposamena 2023ko martxoaren 2an, baina fiskalak berriro helegitea jarri zuen Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Lehen Sekzioan eta honek onartu egin du aste honetan bertan. Horrenbestez, Atristain berriro bigarren graduan sailkatu eta preso jarraitu beharko du.
Sarek gogoratu du Atristainek hirugarren graduan egoteko legezko baldintza guztiak betetzen dituela eta Auzitegi Nazionalaren eta Ministerio Fiskalaren «etengabeko jarrera oztopatzaile eta konfrontatzailea» gaitzetsi ditu, Xabier Atristrain eta «gainerako euskal presoen aurka egiten ari den jazarpena» salatzearekin batera.
«Justizia ez da bere boterea justiziaz erabiltzen ari, errebantxa eta mendekuz baizik. Nekez uler daiteke, ETAren jardueraren amaieratik 12 urte baino gehiago espetxean sartzeko eta espetxetik irteteko zigor krudela ezartzen ari zaiela pertsona horiei. Jarrera horiek ez dute betetzen espetxe politika humanistaren legezko helburua; aitzitik, gizagabetzat baino ezin da jo», nabarmendu du.