INFO

Hemeretzi herrialdetako hamaika film lehiatuko dira Zinemaldiko New Directors sailean

Zuzendarien lehen eta bigarren lanak saritzen dituen Donostiako Zinemaldiko New Directors sailean hamaika filmek parte hartuko dute, besteak beste, Txinako, Japoniako, Iraneko eta Kazakhstaneko sortzaileek egindakoak. Saria 50.000 eurokoa da.

Zinemaldiko aurreko edizio baten irekieraren artxiboko irudia. (Gorka Rubio | FOKU)

Hemeretzi herrialdetako hamaika ekoizpenek parte hartuko dute irailarn 22tik 30era aurten 71. edizioa izango duen Donostia Zinemaldiko Kutxabank-New Directors sailean. Aukeratutako lan guztietatik, egileen zazpi lehen lan daude eta gainerakoak, berriz, egileen bigarren filmak dira.

Ostegun honetan Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendari Marta Madinabeitiak eskainitako prentsaurrekoan azaldu dituzte sail honetan 50.000 euroko saria eskuratzeko lehiatzen diren lanen nondik norakoak.

Beraien bigarren filmarekin lehiatuko direnen artean Liang Ming (Yichun, Txina. 1984) aktore, zuzendari eta gidoigilea dago; Mingen lehen lanak –‘Wisdom Tooth’ (2020) izenekoak– aintzatespena lortu zuen nazioarteko hainbat zinema jaialditan. Zuzendariak New Directors saila inauguratuko du ‘Xiao Yao You / Carefree Days’ filmarekin; Ban Yu idazlearen eleberriaren moldaerak gaixorik dagoen eta munduan bere tokia aurkitu nahi duen emakume gazte bat du protagonista.

Zenbait film labur eta ‘Roll’ (2020) film luzea zuzendu ondoren, Daichi Murase (Shigaraki, Japonia. 1997) japoniarrak bere bigarren filma aurkeztuko du, ‘Kiri no Fuchi / Beyond The Fog’, New Directors saila itxiko duena. Belaunaldiz belaunaldi mendiko herri urrun batean ostatu bat zuzendu duen familia baten deskribapen intimoa egiten du zuzendariak.

Bere lehen lanarekin –‘À l'ouest de Pluton / West of Pluto’ (2008) izenekoarekin–, Henry Bernadet (Quebec, Kanada. 1977) zuzendariak nazioarteko zenbait jaialditan –hala nola Rotterdamekoan eta Zürichekoan– hartu zuen parte. Oraingoan, ‘Les Rayons Gamma / Gamma Rays’ lanaren bidez, Montrealen bizi diren gazte batzuen belaunaldiaren deskribapena egiten digu zinemagileak.

Gainera, New Directors sailak ekoizpen espainiarreko bigarren film bat barne hartuko du: Javier Maciperen (Zaragoza, espainiar Estatua, 1987) ‘La estrella azul / The Blue Star’, hain zuzen. ‘Golden Zippers’, ‘Más Birras’ eta ‘Almagato’ taldeen sortzaile Mauricio Aznar musikari zaragozarraren bizitzarako hurbilketa bat da filma, fikziozkoa. Bere lehenengo film luzearekin –‘Los inconvenientes de no ser Dios’ izenekoarekin (2014)– Zaragozako zinema jaialdiko lehenengo film onenaren saria irabazi zuen Macipek. Horrez gain, fikziozko zenbait film labur zuzendu ditu; Goya sarietan finalista izandako ‘Gastos incluidos’ (2019) eta ‘Os meninos do rio’ (2014), besteak beste.

Zuzendarien lehenengo lanak

Hautaketan sartutako gainerako zinemagileak beren lehen lanarekin lehiatuko dira. Horrela, Farhad Delaram zinemagileak (Teheran, Iran. 1988) New Directors sailean parte hartuko du ‘Ashil / Achilles’ izeneko bere filmarekin. Egilearen lehen film luzean, ospitale batean lan egiten duen zinemagile gazte bati bizitza aldatuko zaio neska gazte misteriotsu bat ezagutu ondoren.

Askhat Kuchinhirekoven (Almaty, Kazakhstan. 1982) lehen lanak ‘Bauryna salu’ du izena; antzinako tradizio nomada batetik hartzen du izena filmak, eta tradizio horretan, lehen seme edo alaba aitona-amonei ematen zaie, haiek zaindu dezaten haurraren gurasoen ordez. Zuzendaritzan hasi aurretik, Kuchinhirekovek aktore eta zuzendari laguntzaile gisa egin izan du lan, hala nola Sergei Dvortsevoyen ‘Tulpan’ (2008) eta ‘Aika’ (2019) filmetan (Cannesen Un Certain Regard saria irabazi zuen lehenak eta emakumezko aktore onenaren saria bigarrenak).

Taylor Russell, Ewan McGregor eta Ellen Burstyn dira ‘Mother, Couch!’ pelikularen protagonistak. Niclas Larssonen (Malmö, Suedia. 1990) lehen lan honen hasieran, elkarrengandik urrun dauden hiru anai-arreba elkartzen dira, amak zergatik ez duen nahi mugitu altzari denda bateko sofatik jakin nahi dutelako.

Orain arte gidoilari eta muntatzaile gisa lan egin duen Ilia Malakhova (San Petersburgo, Errusia. 1973) ‘Hi, mom’ film luzearekin estreinatuko da Zinemaldian. Filmean, protagonistak –Kira izeneko 36 urteko emakume batek– ezin du amaren desagerpena gainditu, eta ahizpa txikiaren eta iloben etxe berean bizi da.

Juan Sebastián Quebrada (Medellin, Kolonbia. 1987) zuzendariak ‘Días extraños’ gradu-lana Bacifin estreinatu eta ‘La casa del árbol’ (2017) film laburra Torontoko zinema jaialdian aurkeztu zuen. Aurten bere lehen film luze ‘El otro hijo / The Other Son’ aurkeztuko du, 2020an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen obra, hain zuzen. Zinemagile kolonbiarrak nerabe baten historia kontatzen du; anaia ustekabean hil ondoren, bizitzen jarraitzeko beharrezko indarra bilatzen saiatuko da protagonista.

Diwa Shah (Nainital, India. 1995) indiarrak, zuzendari laguntzaile eta eleberrigile gisa lan egin izan duenak, ‘Bahadur the Brave’ filmarekin egin du debuta zuzendari gisa; gaixorik dagoen semea sendatzeko dirua irabazten saiatzen den etorkin nepaldar baten istorioa kontatuko du Shahk pandemiaren lehen garaietan Nepaleko mugatik gertuko herrixka indiar batean kokatutako film berri honetan.

Hautaketan egongo da, halaber, ‘Last Shadow at First Light’, Nicole Midori Woodford (Singapur, 1986) zuzendariaren lehen film luzea, agerraldi errepikakorrez atsekabetuta egonik Japoniara desagertutako amaren bila joango den emakume gazte baten istorioa kontatzen duena. Singapurtarrak zuzendutako film laburrek hainbat jaialditan hartu izan dute parte, hala nola Busangoan, Clermont-Ferrandekoan eta Tokiokoan.