INFO

Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde, hitzordua abuztuaren 6an hondartzetan

Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hamabost hondartzatan hitzordua jarri du Etxeraten abuztuaren 6an, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoek «etxera itzuli behar dutela» aldarrikatzeko.

Preso, iheslari eta deportatuen senideak, Donostian eginiko agerraldian. (Jon URBE | FOKU)

Beste urte batez, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen eskubide urraketak amaitzeko aldarria euskal kostaldera eramango du Etxeratek abuztuan. Aurten hitzordua hilaren 6an jarri du, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hamabost hondartzatan: La Arena, Bakio, Laidatxu, Laida, Laga, Ea, Lekeitio, Ondarroa, Mutriku, Deba, Zarautz, Orio, Donostia, Hondarribia eta Hendaian, hain zuzen ere. ‘Etxera’ lelopean egingo dira mobilizazioak, «gure senideek oraindik bizi duten egoeraz ohartarazteko: 151 preso, 17 iheslari eta 5 deportatu politikok etxera itzuli behar dutela adierazteko».

Agerraldia egin dute Donostian ostegun honetan hondartzetako ekimenaren berri emateko. Nabarmendu dutenez, dispertsioa eta urruntze politika gaindituta, «hobeto gaude, dudarik ez dago, baina amaiera horrek ez du ekarri euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen urraketaren amaiera, etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau direlako oraindik».

Hala, salatu dute «Auzitegi Nazionaleko sektoreek» gradu erregresioak eta «beste hainbat oztopo» mantentzen dituztela, «beste garai batean bizi galera kontuan izan gabe». Horren aurrean, argi utzi nahi izan dute ez direla «pribilegioak» eta ez dutela beren senideentzat pribilegiorik eskatzen, «eskubideak baizik». 

Joan zen asteburuan hil zen Sebas Etxaniz gogoan izan dute, ia 80 urterekin, apiriletik baldintzapeko askatasunean. «Erbesteko eta espetxeko urte luzeak ez zaizkio oharkabean pasatu Sebasi».

Nelson Mandelaren Nazioarteko Eguna izan berritan, EAEko Arartekoaren adierazpena ere aipatu dute, «non erakunde honek dei egiten die erakundei, modu koordinatuan lan egiten jarrai dezaten, ingurune irekiko zigorrak eta neurriak indartzeko, birgizarteratze sarean aurrera egiteko eta espetxean dauden pertsonen eta haien senideen, biktimen eta gizarte osoaren eskubideak errespetatzeko».

Adierazpen horrekin bat egin eta «izenpetzen» dutela adierazi dute, preso eta erbesteratuen kolektibo baten senide diren aldetik, izan ere, «batez beste, 20 urtetik gorako espetxealdia eta urruntasuna baldintza txarrenetan gainditzen dute gure senideek, asko eta asko jada adinduak dira eta horietako batzuk gaixotasun larriekin diagnostikatuak».

Horregatik guztiagatik, abuztuaren 6an hondartzetako elkarretaratzeetan parte hartzeko gonbita egin dute, baita Sarek presoen eskubideen alde deitu dituen mobilizazioetan ere.