INFO

Ez sinisteko buelta bat, bolada sinestezin bat are gehiago handitzeko

Jokoan erabat nagusituta, Larrazabal-Zabaleta 2-9 eta 5-11 aurreratu dira, baina erabat amildu dira eta ordura arte protagonismorik gabe zebilen Jokin Altuna nahieran aritu da Masterseko bigarren puntua batu (22-12) eta uztaileko hamargarren garaipena pilatzeko.

Gaurkoan ere Jokin Altunaren aurrean amore eman behar izan du Larrazabalek. (Iñigo URIZ/FOKU)

Jokin Altuna ez ohiko gauzak egiten ikustea ohiko bihurtzen ari da gaur Oiartzunen beste adibide garbi bat ikusi ahal izan dugu, Ander Imazek lagunduta oso maldan gora zuten partida bat iraulita, ia inoren esku dagoen bere udako emaitzen bolada are gehiago handituz. Caixabank Masterseko bigarren puntua lortu dute amezketarrak eta oiartzuarrak eta Aspeko aurrelariaren kasuan, uztailean jokatutako hamaika partidetatik hamargarren garaipena izan du, azken zortziak jarraian. Eta estatistikak harrigarriak badira, Madalensoron aurrera ateratako partida ez zaio atzean geratzen, lehen erdian erabat ezinean aritu ostean, bigarren partean erabat nagusitu baitzaizkie goitik behera amildu diren aurkariei 16-0eko partzial batekin (5-11tik 21-11ra).

Partida hasieran kontrola nabarmen izan da urdinena. Bigarren partida zuen Larrazabalek Jokin Altunaren aurka eta beste jotzaile handi bat lagun, sanferminetako finaleko lezioa ikasita heldu da amurrioarra Oiartzunera eta aurrean nahastu beharrean, bere atzelariari Ander Imaz zigortzen lagundu dio. Jose Javier Zabaletak nabarmen agindu du piloteoan, herriko semeari Rezustari baino gehiago kosta zaio nafarrari atzean eustea eta Jokin Altunak apenas izan du aukerarik jokoan sartzeko. Jokoaren erabateko kontrolarekin, arabarra eta nafarra 2-9 aurreratu dira markagailuan.

Beltza eta zuria

Lan erdietara ere partida euren aldera oso ekarria zutela heldu dira urdinak, 5-11, baina huts batzuk pilatu eta goitik behera amildu dira. Ordura arte etxarrendarrak geldiezina bazirudien, hortik aurrera erabat gozakaitz aritu da, Larrazabalek ere ez dio apenas lagundu eta ur nahasi horietan Jokin Altuna nahieran aritu da, ordura arte eskutik kendua zioten protagonismoa erabat berea eginez. Ander Imazek nabarmen egin du behetik gora partidan eta jokoak zuritik beltzera egin du aitaren batean eta Jokin Altunak bere errepertorio ia osoa ateratzeko astia izan du. Lehen atsedenaldi luzerako gipuzkoarrak aurretik jarri dira (11-12) eta hortik aurrera ordura arteko sufrikarioa gozamen bihurtuta, 22. kartoira ez dira zuzenean joan, amezketarraren gantxo batek bete-betean txapan jo duelako. Etena motza izan da, ordea, eta hurrengoan ez du barkatu.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Imaz: 22

Larrazabal-Zabaleta: 12

Pilotakadak: 423. Iraupena: 53,03 minutu. Markagailua: 1-0, 1-4, 2-4, 2-9, 5-9, 5-11, 21-11, 21-12, 22-12. Sakeak: 1 Altuna III.ak eta 0 Larrazabalek. Egindakoak: 8 Altunak, 1 Imazek, 5 Larrazabalek eta 0 Zabaletak. Galdutakoak: 4 Altunak, 3 Imazek, 7 Larrazabalek eta 5 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera bikaina Oiartzungo Madalensoro pilotalektuan.