INFO

Zilindrada handiarekin luzean ere eusteko gai direla erakutsi dute Ezkurdia-Mariezkurrenak

Elordi-Albisuk oso partida hasiera ona izan dute eta 12-5 ere aurreratu dira, baina azkenerako nafarren potentzia nagusitu da Lekunberriko partida lehiatuan.

Hotz hasi badira ere, Ezkurdia-Mariezkurrena azkenerako nagusi izan dira kantxan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Bihar amaituko da Mastersaren hirugarren jardunaldia Laudion, baina dagoeneko iazko bi bikote finalistak hasiak dira sailkapenean lehen aldeak irekitzen. Hori bai, ostiralean Altuna-Imazek Oiartzunen bezala, Lekunberrin Ezkurdia-Mariezkurrenak lana beltz eginda oso maldan gora zuten partida bat irauli behar izan dute, azken hatsean Elordi-Albisuri tanto bakarraren aldeaz irabazteko. Zilindrada handiko bikotea osatzen dute bi nafarrek, bidea garbi izanda partida oso segundu gutxitan hausteko modua duten horietakoa, baina gaurkoan fidagarriak eta luzean jarduteari beldurrik ez dutenak direla erakutsi dute, partida gogortu denean aurkariak baino sendoago aritu direlako.

Lehen jardunaldian Elizondon garaipenik bildu ezinik aritu ostean, nahiz eta pronostikoak aurka izan, Elordi eta Albisu oso entxufatuta irten dira. Elordik argi zuen ezin ziola Mariezkurrenari eroso jokatzen utzi eta, saketik hasita, aurkariak kantxan ibili arazi ditu, lehen pilotakada aldatu edo ahal zuenean errematera zorrotz sartuta. Atzean, behar zuen ataundarrak halako partida bat, noren eta gaur egun enpresan atzelarien artean lehen postua kendu dion gaztearen aurka, eta oso txukun aritu da. Normalean defentsan aritzea egokitu zaio, baina tarteka pilotakada bikainak luzatuz, 8-3koan jotako errebote garbia lekuko.

Hasiera epela

Urdinen hasiera, ordea, nahiko epela izan da. Gaizki aritu gabe, Ezkurdiari kosta egin zaio aurrean zuloak ikustea nahiz eta boleakada latz batzuk eman eta Berriozarrekoak ere ez ditu beste batzuetan irekitako zuloak egiterik izan, hein handi batean ataundarra oso ondo aritu delako defentsan. Gauzak horrela, 8-3koan lehen aldiz jarri dute dirua euren alde eta lehen atsedenaldi luzera partidako alderik handienarekin heldu dira (12-5).

Aldageletatik bueltan, ordea, gauzak errotik aldatu dir. Lekunberrikoa pilotaleku berezi xamarra da, bizkorra, eta jartzea pixka bat kostatu bazaie ere, poliki-poliki egungo txapeldunak euren potentzia balorean jartzeko gai izan dira. Atzean Jon Mariezkurrenaren nagusitasuna gero eta handiagoa izan da eta Joseba Ezkurdia ere bere erremateak kalibratzen joan da, erasoan mina eginez. Hamabosnakoa izan da partidako lehen berdinketa eta, gorriek berriro bi tantotako aldea hartu badute ere, nafarrak izan dira bigarren atsedenaldira aurretik sartu direnak (17-18), Albisuk jotako txapa pare bat ere alde izan dituztela.

Partida luzatu eta orekatu egin da azken txanpa horretan eta piloteoan nagusitasuna nafarrena izan bada ere, edozein aldetara erori ahal izan da. Hori bai, azkenerako pilotalekuari neurria hartu dion Jon Mariezkurrenaren eskuinkadak erabakigarriak izan dira.

 

FITXA TEKNIKOA

Elordi-Albisu: 21

Ezkurdia-Mariezkurrena: 22

Pilotakadak: 579. Iraupena: 65 minutu. Markagailua: 5-0, 5-1, 7-1, 7-3, 8-3, 8-4, 10-4, 10-5, 12-5, 12-6, 13-6, 13-10, 14-10, 14-12, 15-12, 15-15, 17-15, 17-18, 18-18, 18-19, 20-19, 20-21, 21-21 eta 21-22. Sakeak: 3 Elordik eta 0 Ezkurdiak. Egindakoak: 7 Elordik, 1 Albisuk, 10 Ezkurdiak eta 4 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 2 Elordik, 6 Albisuk, 5 Ezkurdiak eta 4 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Sarrera polita Lekunberriko Jayan Jai pilotalekuan, dirua oso urdin hasieratik. Lehen sakea gorri.