INFO

Safronov kazetariari ezarritako 22 urteko zigorra berretsi du Errusiak, espioitza egotzita

Errusiako Auzitegi Gorenak berretsi du Ivan Safronov kazetariari ezarritako 22 urteko kartzela-zigorra, NATOren alde espioitza egitea egotzita.

Duela hiru urte atxilotua izan zen Ivan Safronov kazetari errusiarra. (Kirill KUDRYAVTSEV | AFP)

Errusiako Auzitegi Gorenak atzera bota du asteazken honetan Ivan Safronov kazetariak aurkeztutako helegitea. Aurretik 22 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten NATOren alde ustez espioitza egiteagatik eta erabaki honetan kondena berretsia izan da.

TASS agentziak dioenez, Gorenak zigorra «aldaketarik gabe mantentzea» erabaki du, defentsaren errekurtsoa baztertuz.

Epaiketa ateak itxita egin zen, kasuan erabili ziren sekretupeko gisa sailkatutako agiriengatik. Eta Safronovek Telegramen duen laguntza-talde baten arabera, kazetaria ez zuten Gorenera eraman, Siberiako kartzela batean baitago.

«Bideokonferentzia bidez ere ez zuen parte hartu, argitu ez ziren arrazoiengatik», adierazi zuten ekintzaileek.

22 urteko kartzela-zigorra

Errusiako justiziak 22 urteko kartzela-zigorra ezarri zion irailaren 5ean Safronovi, epaileek «goi mailako traizioagatik» errudun jo zutelako.

Fiskaltzak 24 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen kazetariarentzat, Roscosmos Errusiako espazio agentziako aholkulari ohia zena.

Ikertzaileek «goi mailako traizioko» bi delitu egotzi zizkioten kazetariari. Hiru arte daramatza espetxean.

2017an Txekiako ordezkari bati Errusiak Afrikan eta Ekialde Ertainean armaz hornitzeari buruzko informazio sailkatua ematea leporatu zioten. Ikertzaileen arabera, Estatu Batuetako ordezkariek jaso zuten informazio hori.

Safronovek, ‘Vedomosti’ eta ‘Kommersant’ egunkari errusiarrentzat lan egin zuenak, akusazioa goitik behera ezeztatu zuen eta errugabe jo zuen bere burua. Bere familiari, lagunei eta herritarrei zuzendutako gutunetan, kazetariak «zentzugabetzat» jo ditu bere kontrako salaketa guztiak.

Atxiloketa horrek kezka sortu zuen kazetarien artean eta Amnesty International (AI) bezalako erakundeetan. Zenbait lankide ospetsu bere alde agertu dira ere.