INFO

Ainhoa Barbarin bigarren aldiz kartzelara itzularaziko dute, 3. graduaren aurkako erasoaldian

Ainhoa Barbarin Urretxuko presoa bigarren aldiz kartzelaratua izango da, lehenengoan hirugarren gradua kenduta eta oraingoan horren aurkako helegitea aurkezte hutsarekin. Espetxeak planteatutako neurria Auzitegi Nazionaletik ezabatua izan da beste behin ere. Manifestazioa deitu dute ostiral honetan.

Ainhoa Barbarinen espetxeratzea salatu zuten jada otsailean Urretxun. Ostiral honetan berriz egingo dute.. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Euskal presoen kaleranzko lege bidezko progresioaren aurkako eraso berri bat jakinarazi du Etxeratek ostiral honetan. Oraingoan berriz Ainhoa Barbarin urretxuarra da biktima. Bigarrez espetxera itzuli beharko du, Fiskaltzak pasa den ostegunean onartu zioten hirugarren graduaren aurkako helegitea aurkeztu ostean. Duela hilabete batzuetan egindako aldaketaren bitartez, helegite hori aurkeztea nahikoa da presoa berriz kartzelaratzeko, Auzitegi Nazionalaren erabakiaren zain.

«Beste behin ere, horretarako ardura eta beharrezko informazioa duten Espetxe Tratamenduetako Batzordeen erabakiaren aurka egin du Estatuko Fiskaltzak, presoek garatu beharreko espetxe ibilbidea eta etxerako bidea oztopatuz», salatu du Etxeratek.

Kasu honetan bigarren aldia da, gainera, Xabier Atristainekin gertatu den bezala. Eta bi kasuetan «legeak dioen bideari jarraiki birgizarteratze fasean aurrera egiteko aukera eten zaio –nabarmendu du Sarek–. Legea eskuan hartuta, Ainhoak baldintza guztiak betetzen ditu 3.graduan egoteko, zigorraren 2/3 beteak bait ditu». 21 urte daramatza espetxean.

«Espetxe politikaren baitan aldaketak eman eta urruntze politikarekin amaitzeko urratsak eman diren honetan, Fiskaltzak, Audientzia Nazionalaren laguntzaz, legedia arruntaren ezarpenaren aurrean eta etxeratze prozesuaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen du, elkarbizitza zangotrabatuz», salatu du Sarek.

Gogora ekarri duenez, «legeak ez du inolaz ere esaten zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte, araubide irekian betetzeko aukerarik izan gabe, gizartearekin harreman estuagoan bizitzeko aukera ukatuz. Gure haserrea adierazi nahi dugu, berriro ere, oztopoak baino ez dituztelako jartzen presoek aspaldi hasitako espetxe ibilbidea moztu nahian. Etxera etortzea eskakizun demokratiko bat da, eta salbuespeneko auzitegiek ez lukete behin eta berriz boikotatu beharko».

Gauzak honela, ostiral honetan bertan mobilizatzeko deia egin dute, Urretxun 20.00etatik aurrera, Potros plazatik abiatuta.