INFO

Gasteizko Herrandarren kalea berritzeko lanak udazkenean hasiko dira

Herrandarren kaleak Gasteizko hegoaldea eta iparraldea lotzen du. Udalak ostegun honetan esleitu ditu berritzeko lanak, udazkenenean hasiko direnak. Lehen faseko lanak 12 milioi euroko kostua izango dute ta 20 hilabete iraungo dute.

Parke lineal berri bat sortu nahi dute Herrandarren kalean. (GASTEIZKO UDALA)

Herrandarren kalea eta haren ingurua berritzeko lanak esleitu ditu Gasteizko Udalak ostegun honetan. Yarrituk egingo ditu lanen lehen fasea, Jose Mardones eta Estenaga Apezpikuaren kaleen artean egingo dena. 12 milioi euroko kostua izango dute, eta udazkenean hasi eta 20 hilabete iraungo dute.

«Bertan bizi eta bertatik igarotzen diren pertsonen bizitza aldarazi nahi dugu. Berdegune gehiago, zarata gutxiago, atseden hartzeko eta adingabeek jolas egin ahal izateko espazio gehiago nahi ditugu. Gaur egungo asfaltoaren irudi gris hori aldatu eta irudi atseginagoa, berdeagoa eta osasungarriagoa lortu nahi dugu. Pertsonentzako espazioa handituko dugu. Hala, bizi-kalitatea eta ongizatea hobetuko ditugu», adierazi du Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi eta alkateorde den Beatriz Artolazabalek.

Udal Gobernuak ohar batean azaldu duenez, «kalitatezko espazio publiko berri bat» sortuko dute, «bertan egoteko eta erlaxatzeko». «Izaera berdea duen bide baten bitartez sartuko da natura berriro ere hirian, eta parke lineal moduko bat sortuko du, oinezkoentzako espazio handiekin, herritarrek goza dezaten, bai eta haurrek jolasteko eremuekin ere. Eremu horiek pergolak izango dituzte haurrak babesteko», adierazi du.

Zehazki, hiru eremu pergolekin estalita egongo dira, eta ura urmaelak izango dira ere. Hauek otuta egongo dira kanal baten bidez, eta ur-jauzi txiki baten bitartez isuriko ditu urak azken urmaelera. Urmael bakoitzak hainbat iturri izango ditu ingurua girotzeko.

Zelai berde handi bat egongo da ere, eta egungo konifero handiek zein landatuko diren berriek osatuko dute pasealeku nagusia. «Bertan jolastu eta atseden hartu ahal izango da. Proiektuan sortutako beste bi berdeguneekin batera, Artiumeko aire zabaleko erakusketa eremu gisa funtzionatzea proposatu dute», dio Udalak.

Honen esanetan, «oinezkoen mugikortasuna nabarmen hobetuko da ardatz osoan zehar, espaloi osagarri zabalak izango baitira, hainbat hiri-altzarirekin. Bizikleten mugikortasunak, bestalde, hobera egingo du, motordun trafikotik bereizitako bidegorri berria egingo baita».

Proiektuak Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Bioaniztasuna Fundazioaren laguntza jaso du Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsekin finantzatutako Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan.