Zezenketen aurkako manifestazioa egingo dute Donostiako jaien hasieran
Gipuzkoako zezenketen aurkako plataformak mobilizazioa antolatu du abuztuak 12an, larunbatean. Donostiako Aste Nagusiko zezenketak bertan behera uzteko aldarria berretsiko dute. Arratsaldeko 18.00tan izango da manifestazioa, eta Bulebarretik abiatuko dela jakinarazi du elkarteak.
Gipuzkoako zezenketen kontrako plataformak mobilizazioa antolatu du abuztuak 12an, larunbatean, 18.00tan Bulebarretik, ondoan kainokada ofizialak jaia abiatu aurretik. Plataformako kideek nabarmendu dute Donostiako Aste Nagusian ez dituztela zezenketarik nahi, eta horrelako ekimenek haien «donostiar harrotasuna lotsaizun bilakatzen» dutela.
«Udal honek ondo daki donostiarron gehiengo zabalak ez duela zezenketarik nahi gure hirian», ekarri du gogora plataformak. Jakina denez, 2011-2015 legegintzaldian bertan behera utzi ziren hirian, alkatetza Bilduren eskuetan zelarik, baina Eneko Goiak kargua hartu ondoren berrabiatu ziren.
Elkarteak azpimarratu nahi izan du «zezenen tortura eta erailketa» ez dela jaialdi gisa ulertu behar eta horregatik ez dela Aste Nagusiaren parte izan behar.
Plataformak Udala zezenketak jarraitzearen «erantzulea» dela adierazi du. Horregatik, kideek Donostiako alkateari, Eneko Goiari, zezenketak egiteko areto publikorik ez alokatzeko eskatu diote. «Udalak bere aretoak egoki ez deritzen ekitaldietarako ez alokatzeko aukera du», oroitarazi dute elkartearen kideek.
«Faenarik onena, egiten ez dena»
Horretaz gain, Donostiako Aste Nagusiko zezenketetako ‘Faena onenaren saria’ desagerrarazteko eskaera egin dute plataformako kideek. «Faenarik onena egiten ez dena da», adierazi dute. Eta eremu publikoetan zezenketen publizitatea kentzea ere eskatu dute. «Festen programan zezenketak ez azaltzen jarraitzea nahi dugu, ez baitira beronen parte», azpimarratu dute plataformako kideek.
Zezenketak «erailketa zaharrak» direla azpimarratu dute, jaien parte izan behar ez direnak. Hori dela eta, abuztuak 12an «udalaren geldotasuna» salatuko dutela adierazi du plataformak, Ilumbeko espazioa zezenketetarako alokatzeagatik eta «animalien erailketak jarraitzeko baimena emateagatik».
Aurten hiru zezenketa antolatu dira Donostian, aurreko urteotan baino gutxiago, apurka-apurka behera doaz ikusle kopuruaren seinale emanez. Hilaren 13an, 14an eta 15ean izango dira, igandetik asteartera bitarte beraz.