INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

Jon Etxabe, «bizitza aberats» baten azken lekukotasunak

Jon Etxabek, hil berri denak, «bizitza aberatsa» izan zuela adierazi zuen NAIZek jasotako azken elkarrizketan. Abertzalea sehaskatik, apaiza gaztetan, ETAko kidea gero, borrokalaria beti... bizi izan zituen gaziak eta gozoak bildu ditugu, berak esandakoetatik.


Elgoibar, Saturraran, Zamora, Burgos, Eibar... luze joan da Jon Etxabe Garitazelaiaren bizitza eta toki adierazgarri horietan guztietan utzi du arrastoa. Aste honetan hil den ETAko militante izandakoak bazuen zer esanik, azken hamarkadetako pasarte askoren protagonista izan ostean. Iratzar Fundazioak lan zabalago baterako bildutako elkarrizketa bereganatu du NAIZek, bere jardueraren zenbait zertzelada irakurleengana eramateko aukera emanez. Elkarrizketa duela hilabete batzuk egin zen, bi aste besterik ez zitzaizkion falta 90 urte betetzeko, eta ahoskeran arazo batzuk bazituen Etxabek, baina burua guztiz argi mantentzen zuen.

2020an Burgosko Auziaren 50. urtemugaren harira ekitaldi batean emandako lekukotasuna ere jaso dugu lerro hauetan. Biekin osatzen da mosaiko txiki hau, Jon Etxabe zena eta utzi duena hobeto ulertzeko baliagarria izan daitekeelakoan. Berea da hitza hemendik aurrera:

Jon Etxabe, Txabi Etxebarrietarena zen idazmakina ondoan duela, Iratzar Fundazioari emandako elkarrizketan. (Andoni Canellada | Foku)

2020an Burgosko Auziaren 50. urtemugaren harira ekitaldi batean emandako lekukotasuna ere jaso dugu. Biekin osatzen da mosaiko txiki hau, Jon Etxabe zena eta utzi duena hobeto ulertzeko baliagarria izan daitekeelakoan. Berea da hitza:

Abertzale betidanik. «ETAko mundu honetan sartzeari zergatik esan nion baietz? Nire buruan horretarako kontestu bat bazegoelako jada. Altzolan jaio naiz, abertzalea nintzen betidanik, abertzale sentitzen nintzen. Euskaraz egin dugu beti etxean. Euskara izan da nire abertzaletasunaren muina. Euskara zen nortasuna ematen zidana. Gainera etxetik bidaliak izan ginen, nazionalak Altzolan sartu ondoren. Aitak alde egin behar izan zuen. EAJkoa zen. Ez genuen horretaz asko hitz egin baina nire iritzia da Altzolako batzokiaren sorreran ibili zela eta horregatik alde egin behar izan zuela».

Bere kontraesanak ala Elizarenak? «Apaiz bat ETAko laguntzaile… Kriston kontraesana dirudi, itxuraz hala da, baina nik garbi nuen. Seminarioan egon nintzenean ikasi nuen ondo Eliza zer zen, beti gerran egon da estamentua, Francoren alde egon zena... Elementu hori ere egon zen nik ETAri baietz esatearen atzean». 

Teoria baino, praktika nahiago. «ETAko militante batzuk nire kotxean eramatea proposatu zidan Maria Luisak [bere bikotea izango zenak]. Ez nintzen zalantza teorikoekin bueltaka ibili. Gehienetan iparrorratza galtzeko aitzakia bihurtzen dira teorizazio horiek. Elizaren doktrina ofizialari kasu eginez gero, kontraesan ikaragarria zela jakin banekien. Baina herriaren alde egiten nuenari ezin niola babesa ukatu uste nuen; Jaungoikoak ere ez zion ukatuko. Niretzat laguntza hori Ebanjelioaren muinean zegoen eta baietz esan nuen».

ETA eta herria. «Nire inpresioa da ez zegoela egitura handirik, eskualde honetan behintzat. Ni bezala norbait laguntzeko prest bidaltzen zutenean, luzaro egoten zen toki berean eta erre egiten zuten, horregatik nire inpresioa da ez zegoela egitura handirik. Baina egia da horrela giro bat sortzen zela; zerbait montatzen zenean berehala jende piloa biltzen zen».

«Abertzaleak ginen inkontzienteki, baina ETAk egin zuen kanpaina horrekin abertzale kontziente bilakatu ginen»

Abertzaletasunaz jabetzen. «Abertzaletasunak gorakada handi bat egin zuen momentu batean. Abertzaleak ginen inkontzienteki, baina ETAk egin zuen kanpaina horrekin abertzale kontziente bilakatu ginen. Ikurriñak jartzen hasi ziren tensio handiko kableetan, dorreetan… eta hasi zen jendea berotzen. Berotu ez da hitza, baina kontzienteago egin gintuen hark».

Militante armatua. «Gero ere, kolaboratzailea izatetik buruzagi izatera pasatzeko esan zidatenean, ez nuen dudarik izan. Propaganda arduradun egin ninduten eta horretaz ibili nintzen ETAn egin nuen denbora guztian. Orduan nik neuk eskatu zuen «pipa» eramatea, Poliziari aurre egiteko eraginkorragoa zen. Poliziak bi aldiz pentsatuko zuen niregana hurbiltzeko momentuan. Poliziak, bestela, lehenengo tiro egin eta gero galdetzen duelako».

Goitik behera torturatua. «Interrogatorioa oso gogorra izan zen. Detaile bezala, beti esaten zuten ‘en la cara no’. Ba ni hasi hemendik [lepoa seinalatuz] eta oinetako atzamar puntaraino ez neukan azazkal tamainako zurigunerik; dena beltz, dena beltz... Interrogatorio normaletan jada ispiluan begiratu eta nire burua ez nuen ezagutu. Mugimenduak egitean ohartu nintzen ni nintzela. Hain aurpegi arraroa, erdi deformatua nuen, sufrimenduagatik, guztiagatik… Ile luzea nuen eta arantzak balira bezala jarri zitzaidan».

«Atxiloketan ispiluan begiratu eta ez nuen nire burua ezagutu, dena beltz nuen eta aurpegi arraroa, deformatua, ileak arantzak balira bezala»

Burgosko garaipena. «Zer esan gehiago Burgosi buruz? Lortu genuela. Gure epaiketa, nire irudiko, ez zen hain gogorra izan, baina jendea kokoteraino zegoen Francorekin, eta momentu horretan altxatu egin zen. Jendea frankismoaren kokoteraino zegoen eta orduan eztanda egin zuen».

Epaiketa aurreko buruhausteak. «Kezka handia nuen epaiketaren aurretik. Ni apaiza izateagatik, epaiketa ateak itxita egiteko aukera bazuten, 1953ko Concordato delakoak honela aurreikusten zuelako, eta Francok horrela nahi zuelako, auzipetuen artean apaizak zirenean. Urduritasun handiko egunak izan ziren, zer egin ez genekielako. Presio asko izan ziren eta azkenean epaiketa era irekian izatea lortu zen. Aitzakia horrekin, gainera, Burgosko espetxean beste auzipetuengandik bereiztu gintuzten Julen Kaltzada eta ni. Egun haietan presoen artean eztabaida sakona zegoen eta nik hausnarketa horretan interes handia nuen, baina ezin izan nuen parte hartu».

Apaizez jantzita. «Epaiketan, bi apaizok eskuak aurretik lotuak izan genituen, eta beste kideok, aldiz, atzean lotuta. Baina zergatik zen hori guztia; adierazpen erlijiosoa, apaizen pribilegioa edo Elizarekiko nolabaiteko begirune ustela? Ni apaiza nintzela irudikatu nahi nuen epaileen aurrean, eta espetxeko zerbitzu buruak utzi nahi ez arren, apaizaz jantzita izan nintzen epaiketa osoan zehar».

«Gauza majo batzuk egin ditut, akatsak ere bai... Eman behar nuena eman dudala uste dut»

Torturaren errealitatea agerian. «Epaiketa horretan nire ekarpen garrantzitsuena torturarena izan zela uste dut. Denok salatu zituzten torturak, baina abokatuen galderak eten egiten zituen epaileak. Nere kasuan berezitasun bat zegoen: Zamorako espetxera iristean epaile militarrari deitu nion, torturaren salaketa zehatza egin nuen eta adierazpen horiek sumarioan sartuak ziren. Orduan, abokatuak orrialde horiek irakurtzea eskatu zuen eta epaimahaiak onartu behar izan zuen, ez zuen besterik. Giro desatsegina sortu zen, isiltasun berezi bat. Irakurria zuena egia ote zen galdetu zidan orduan abokatuak, eta nik hori guztia motza gelditzen zela erantzun nion».

Eman beharrekoa emanda. «Oso bizitza aberatsa izan dut. Gizarte honi nire bizitza eman diot eta pozgarria da, gauza majo batzuk egin ditut, akatsak ere bai. Eman behar nuena eman dudala uste dut, nahiz eta agian gauza gehiago egiteko kapazidadea nuen».