INFO

Olharanen lesioak Gernikako Grand Slameko finalerdiak mikaztu ditu

Lekerikarekin, Johan eta Zabalaren aurka lehenengo seta jokatzen ari zela zapatuan, «krakatekoa» sentitu zuen Paueko aurrelariak. Ez dirudi, nolanahi, astelehenean egin beharreko proben aurretik, lotailua hautsi duenik. Erkiaga eta Del Riok Goikoetxea eta Lekerika menperatuta finalera pasa ziren.

Olharan, min hartiu berritan, aldageketara bidean, Lekerikak eta Zabalak lagunduta. (GUK JAI ALAI)

Zesta puntaren «katedrala» del Gernikako Jai Alai pilotalekua mutu geratu zen larunbatean, Gernikako Grand Slameko bigarren finalerdian, Jean Dominique Olharan Paueko aurrelariak min hartu zuelako. Hala, hilaren 12ko final handirako Johan eta Zabala alde batetik, eta Erkiaga eta Del Rio bestetik sailkatu izana bigarren mailan geratu zen.

Markagailua 11na zen Olharan eta Lekerika, Johan eta Lekerikaren kontrako neurketako aurreneko setean gertatu zen zorigaitzeko jokaldia. Johan Sorozabal airez sartu eta sahietseko posturan barrura errematatu zuen; orduantxe hartu zuen min Olharanek. Pilota xisteran sartzeko arineketan abiatu zen barrurantz, eskuineko oina ezker paretean jarri eta «krakateko» bat entzun zuen, orkatila baino 10 bat zentimetro gorago. Isilik geratu zen Katedrala. Beste pilotariek lagunduta atera zen kantxatik irten behar izan zuen Paueko puntistak.

Igande goizean lehen erradiografia egin diote Donibane Lohizunen Olharani eta hasiera batean, ez dauka hezurrik hautsita. Pilotariaren beraren hipotesi nagusia beraz, albo batera utzi dute medikuek eta proba gehiago egin beharko dizkiote diagnostikoarekin asmatzeko. Astelehenean erradiografia bat egingo diote ea lotailuen haustura duen ala ez argitzeko.

Horrela bukatu zen berez festa handi bat izan behar zuen gaua. Gernikako Jai Alai pilotalekua leporaino bete zen berriz Grand Slameko finalerdiak ikusteko. Olharan eta Lekerika faborito argiak ziren eta 5-0 jarri ziren aurretik, Johan Sorozabal eta Jon Zabalaren aurka. Partiduak ez zuen kolorerik, edo ala zirudien. Baina 6-1ekoaren ondotik, Johan jokoan sartu zen, hamargarren koadrora jaitsi zen bere atzelariari laguntzera. Errebesez ondo piloteatu zuen eta errematean asmatu. Zazpi tantu egin zituen, mota guztietakoak, partidua eten zen arte.

Olharanek eta Lekerikak ez zuten arriskatzeko premiarik. Seguru jokatzea nahikoa izango zuten, ziurrenik, finalera sartzeko. Johanek aldiz arriskatu egin behar zuen eta partidua eten zen arte, bera izan zen lau pilotarietan onena.

Behin aldageletan, Olharanek halaxe esan zion Lekerikari: «Sentitzen dut Unai, finala izorratu dizut». Eta gernikarrak erantzun: «Lehenego osasuna da Jean Do! Emaitzak etorriko dira».

Faboritoak nagusi

Hilaren 12ko finalari begira Erkiaga eta Del Rio dira faborito, argi eta garbi. Baina Johanek eta Zabalak badute euren aukera. Pilota motela behar dute. Horrekin sufritzen dute gehien Erkiagak eta Del Rio euren aurkariek, aurreneko setean ikusi zen bezala.

Lehen seta irabaztea kosta egin zitzaien Erkiaga eta Del Riori (13-15) baina bigarrenean, pilota berotuta, airean joan ziren 15. kartoira, 5-15 nagusi izan baitziren. Goikoetxeak eta Manziren aukera bakarra lehen seta irabaztea zen, eta ondoren hirugarrenean partida irabaztea. Baina lehen jokoa galdu egin zuten eta bigarrenean ez zuten inolako aukerarik izan.