INFO

‘Bibby Stockholm’ kartzela-itsasontzian lehen errefuxiatuak sartu ditu Gobernu britainiarrak

Erresuma Batuko Gobernuak ‘Bibby Stockholm’ polemikoan sartu nahi dituen 500 asilo-eskatzaileetatik 50 ontziratu dituzte astelehen honetan, Portlandeko portuan. Errefuxiatuen giza eskubideen inguruko kezka adierazi dute erakunde eta bizilagunek.

Asilo eskatzaileak, Portlandeko portuan ainguratuta dagoen ontzira sartzen. (Ben STANSALL | AFP)

Erresuma Batuan asiloa eskatu duten 50 lagun inguru ‘Bibby Stockholm’ izeneko ontzi polemikora bidali ditu Gobernuak. Portlandeko portuan, Ingalaterrako hegoaldean, kokatuta dago barkua. Herrialdeko komunikabideen arabera, bertara 500 pertsona bidaltzea aurreikusi du Rishi Sunak buru duen Exekutiboak. Hainbat gobernuz kanpoko erakundek erabakia gaitzetsi eta giza eskubideen inguruko kezkak azaleratu dituzte.

Migratzaileak 222 gela dituen ontzi horretan sartuta ostatuetara bideratutako dirua aurreztu nahi du Gobernuak. Asilo eskatzaileak hemezortzi hilabetez bertan eduki nahi dituzte.

Ontzia, drone batetik ikusita. (Ben STANSALL | AFP)

Agintariek behin eta berriz errepikatu dute oinarrizko behar guztiak aseko zaizkiela bertan sartuko dituzten pertsonei. Uneoro, janaria eta mediku zerbitzua bermatuko zaiela azpimarratu dute.

Gobernuak dioenez, hotelak erabiltzeak pertsonekin trafikatzen duten legez kanpoko talde askori mesede egiten die, migratzaileak erakartzeko baliatzen baitzuten hori.

Nolanahi ere, adierazpen horiek ez ditu konforme utzi ez gobernuz kanpoko erakundeak ez eta herritar ugari ere. «Gatazketatik, jazarpenetik edota izutik ihes egin duten pertsonak hartzeko modu hau guztiz lotsagarria da», adierazi du Amnesty International erakundeak. Barkuak «garai biktoriarreko kamarote-espetxeak» gogora ekartzen dituela nabarmendu du Steve Valdez-Symondsek, AI-ko migratzaileen eskubideen arloko zuzendariak.

Care4Calais gobernuz kanpoko erakundeak ere ez du begi onez ikusi pertsona migratzaileak ontzi horretara bidaltzea, askok «esperientzia traumatikoak» bizi izan baitituzte barkuetan. Hori dela eta, erabakia «krudela» dela azpimarratu du. «Pertsonak ontzietan sartzea trauma berpiztea eragin dezake», esan du Amnesty Internationalek.

Horregatik, Care4Calais erakundeak protesta bat antolatu du Portlandeko portuan bertan. Erakundearen arabera, 20 migratzaileren ontziratzea ekiditea lortu dute ekimenarekin. Pertsonak «karga objektu» gisa erabiltzen dituztela salatzeaz gain, «tratu txar» honekin amaitzeko beharra azpimarratu du elkarteak.

Portalndeko bizilagunek migratzailei «ongi etorria» emanez. (Ben STANSALL | AFP)

Hau bezalako neurriekin, migrazioari oztopo gehiago ezarri nahi dizkio Rishi Sunaken Gobernuak. Bestelako neurri batzuk ere hartzen saiatu dira, tartean asilo eskatzaileak beste herrialde batzuetara bidaltzea (Ruandara, esaterako), baina momentuz ez dute indarrean jartzerik izan.

Britainia Handiko agintariek jakinarazi dutenez, aurten 15.072 migratzailek gurutzatu dute Mantxako kanala. Iazko datuekin alderatuta, %15 jaitsi da zifra hori, 17.785 izan baitziren.

Randall's Island New Yorken

Ozeano Atlantikoaren beste aldean, New Yorkeko Alkatetzak Randall's Island-en -Harlem, Bronx hegoaldea eta Queens iparraldearen artean dagoen uhartea- migranteei ostatu emateko ‘megazentro’ bat eraikitzeko proiektua berreskuratu du, Eric Adams alkateak astelehen honetan iragarri duenez.

Zentroak gizon helduak hartuko ditu, mila oheko edukiera izango du eta «zerbitzu gehigarri batzuk» eskainiko ditu, ustez janaria eta lege-aholkularitza, Alkatetzak igorritako komunikatuan zehazten ez bada ere.

Antzeko ideia bat iragarri zuten joan den urrian, eta Alkatetzak karpa erraldoi bat altxatzera iritsi zen, baina interesdunen kopuru txikia zela eta, hiru aste geroago itxi zuten, baina orduan ez zen jakinarazi huts egindako operazioaren kostua.

Hala ere, urte osoan zehar New Yorkera iritsitako etorkinen etengabeko fluxuak, baita hilabeterik hotzenetan ere (orain 57.200 pertsona dira). Adamsek iragarri zuen oraingoan New Yorkeko estatuak hartuko duela bere gain eraikuntza, mantentze eta langileen kontratazio kostua.

«Asilo-eskatzaileen kopurua egunero ehundaka handitzen den bitartean, gure sistema porrot egiteraino tenkatuz eta haratago ere, gero eta ahalegin handiagoa egin behar da gauero behar adina ohe aurkitzeko», esan du Adamsek, hiriak jada baliabide nahikorik ez duela ohartaraziz eta gobernu zentralari laguntza eskatuz.