INFO

Jaietan izandako erasoak salatu ditu Gasteizko Mugimendu Feministak, autodefentsara deituz

Gasteizko Jaiak hasi zirenetik orain arte jakinarazi diren sei erasoak salatzeko elkarretaratzea egin dute Andra Mari Zuriaren plazan jaien azken-aurreko egunean, Mugimendu Feministak deituta.

Jaietan izandako erasoak salatu dituzte feministek elkarretaratze batekin. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko mugimendu feministak deituta, dozenaka pertsonek Andra Mari Zuriaren jaietan orain arte emandako erasoak salatzeko kontzentrazioarekin bat egin dute astearte honetan Andra Mari Zuriaren plazan. «Nazkatuta» daudela azpimarratu dute eta antolakuntza, autodefentsa eta elkarlana aldarrikatu dituzte.

«Kaleak, jaiguneak eta gauak gureganatzeko» borrokan «etenik gabe» jarraitu behar dela nabarmenduz. Batetik, gizon zisheteroen «ardurari» dei egin diete «beraien arteko konplizitatea apurtu» dezaten eta erasoak identifikatu eta geldiarazi ditzaten.

Bestalde, «alarma sozialak» biktimak errudun sentiaraztearen arriskuaz ohartarazi dute, «zapaldutako identitatea kontrolpean izatea bilatzen» duelako. Orain arte mugimendutik egindako lana eta honen emaitzen garrantzia nabarmendu dituzte.

Sei eraso

Honela, ostiralean, Gasteizko jaietako lehenengo egunean, 49 urteko gizon bat atxilotu zuten emakume bat erasotzeko akusaziopean. Igandean, Gasteizko auzitegiak aske utzi zuen gizona. Gasteizko Udalak erasoa salatu zuen eta emakumeari «laguntza osoa eskaini zion».

Igandeko gauean gizon bat atxilotu zuten adin txikiko emakume bat erasotzeagatik. Kasu honetan, emakumea adin txikikoa izanik, ez da erasoaren inguruko informazioa zabaldu. Hala ere, Gasteizko segurtasun zinegotzi Iñaki Gurtubayk adierazi du «herritarren laguntzarekin» atxilotu zutela erasotzailea.

Egun berean, 46 urteko gizon bat bere emazteari eraso egiteko akusaziopean atxilotu zuten. Poliziak elkar jotzen zuten bi gizon topatu zituen. Horietako batek bere emazteari eraso egin ziola jakinarazi zuten eta atxilo hartu zuten. Emakumea ospitalera lagundu behar izan zuten.

Asteleheneko goizaldean, aldiz, 45 urteko gizon bat atxilotu zuten bere emazte ohia mehatxatu eta bere etxeko atean azidoa botatzeagatik. Urruntze agindua urratu izana ere egotzi diote.

Astelehenetik astearterako gauean, beste bi atxiloketa gertatu dira. Lehena, 26 urteko gizoneko batena, bere bikotekideari mugikorra lapurtu izanagatik. Eta bestea, 36 urteko gizonezko batena; Gasteiz erdialdean bere bikotekide ohia zihoan autoaren aurka nahita talka izatea leporatzen zaio. Urruntze agindua ezarria zuen, gainera. Bi atxiloketa hauek udaltzainek egin dituzte.

«Honek guztiak aborrokatzen jarraitzeko beharra plazaratzen digu, autodefentsa kolektiboak ekarri dituen aurrerapausoak balorean jarri eta erasoei planto zuzena egiten jarraituz», amaitu dute feministek. Egun hauetan gertatzen diren erasoei erantzuna emateko telefono bat martxan duela gogorarazi du: 747414834.