INFO

EH Bildu abstentzioari buruz galdetzen ari zaio gaur Nafarroako militantziari

Hilaren 2an egoera politikoa aztertzeko asanblada egin zuen EH Bilduk Berriozarren. (EH BILDU )

Hogeita lau orduko galdeketa telematikoa egiten ari da gaur EH Bildu, Maria Chiviteren inbestidura bozkatzen denean, Nafarroako Mahai Politikoak proposatu duen bezala, abstentziora egitearen alde dauden ala ez jakiteko.

PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak atzo sinatu zuten akordioaren ondoren, Gobernu berria osatzeko, EH Bilduren abstentzioa ezinbestekoa da. Joan den astean Laura Aznalek behar izanez gero aldeko bozka emateko aukera aztertzeko prest zeudela bota zuen, baina atzoko akordioarekin hipotesi hori gainditu egin da, eta abstentzioa baino ez da behar Chiviteren inbestidura posible egiteko.

«Testuinguru konplexu batean gaude, agortzen ari den erregimenaren politika zaharraren eta bazterketarik eta konplexurik gabeko etapa berri baten artean. Garatzen ari garen lerroan sakontzeko unea da, eta horretarako lehen geldialdia inbestidura izango da: aurrera egiteko aukera eman behar digun ezinbesteko geldialdia», adierazi du EH Bildu Nafarroaren Mahai Politikoak ohar batean.

Arrazoiak

Barne hausnarketa politikoaren ondoren, abstentzioaren aldeko hautura egiteko orduan, arrazoiak ere aipatzen ditu Mahai Politikoak.

«Nafarrei bi hauteskunde-deialdietan esandakoari zor diegu. Nafarroan gehiengo aurrerakoiak daude eta herritarrek ez dute nahi eskuinak Nafarroan edo Madrilen gobernatzea», aipatzen du lehen arrazoi bezala.

«Eskuinak beste lau urte egiten baditu oposizioan, Nafarroaren etorkizuna baldintzatzeko gaitasuna galduko du; bereziki, hamarkadetan zehar Nafarroan indar hegemonikoa izan den UPNk», jotzen da bigarren arrazoitzat.

«Legealdi honek eskuindarrek eta ultraeskuindarrek PSN-PSOE baldintzatzeko eta EH Bildu baztertzeko erabiltzen duten markoa gainditu behar du», hori da hirugarren arrazoia.

«EH Bilduren eragin-maila indartzeko aukera izango dugu legegintzaldian zehar. Edukietako giltzarri izango gara berriz ere: Nafarroa subjektu politiko gisa indartzeko, erabakitzeko eskubidean eta autogobernuan, herritarren eskubideetan eta politika publikoetan. Norabide horretan jarraitzeko anbizio guztiarekin jarduteko asmoa dugu», da laugarren arrazoia.

«Euskal Herrian ziklo berri baten atarian gaude. Hegemoniaren aldeko borroka Nafarroan ere zabaltzen ari da. Pazientziarekin eta aurrera egiteko gogo osoarekin, pauso erabakigarriak eman ditzakegu norabide horretan legegintzaldian zehar», aipatzen du EH Bildu Nafarroaren Mahai Politikoak bosgarren arrazoia bezala.