INFO
Entrevista
Iñaki Ortiz de Villalba
Musikaria eta abeslaria

«Jaiotzen eta hiltzen ikusiko zaituen hirian abestea ohore bat da»

Iñaki Ortiz de Villalbak, Betagarri eta Modus Operandi taldeetako kideak, Gasteizko jaietako txoko guztietatik ibiltzea gustuko duela adierazi du.

Iñaki Ortiz de Villalba. (Raul BOGAJO | FOKU)

Hainbat alditan jaiak «eszenatokitik bizi» izan ditu Iñaki Ortiz de Villalbak, Betagarri eta Modus Operandi taldeetako kideak, bi taldeekin gune ezberdinetan abesten. Jaietan, zuzeneko musikaz gozatu eta ingurukoekin kaletik izan da abeslari gasteiztarrak.

Ba ahal duzu ohituraren bat?

Abuztuak 4ean beti nire lagunaren etxera nator Zeledonen jaitsiera bere balkoitik ikustera, plazan bizi baita. Niretzat ohore bat da eta beti nire lagunari eskertzen diot. Normalean horiekin bazkaltzen dut, Zeledon ikusten dugu eta gero hortik ibiltzen gara. Aurten desberdina izan da, kontzertua izan dudalako. Egia da ohituta nagoela jaiak eta lana uztartzera, azken finean abuztuan jai ugari daude. Horretaz gain, 6ean nire urtebetetzea da, orduan beti familiarekin elkartzen naiz bazkaltzeko eta gero lagunak ikusi eta kaletik zerbait hartzen dugu.

Musika zure bizitzaren alor garrantzitsua da, jaietan nola bizitzen duzu musika?

Kontzertuetara joaten naiz, azken finean, musikari guztiek behar dugu publikoa. Publikorik gabe ez gara ezer, eta ikusleak dira, hain zuzen ere bultzada ematen digutenak. Guk musika egiten dugu guk disfrutatzeko eta jendeak musikaz gozatzeko. Gustuko ditudan taldeen kontzertuetara hurreratzen naiz, Gaztetxera, Txosnetara, Foru plazara, Aihotz plazara. Egunero zer dagoen ikusi eta gehien gustatzen zaidan taldera hurreratzen naiz. Tabernetara ez naiz gehiegi joaten, espazio zabalak eta irekiak nahiago ditut. Data hauetan zuzeneko musika bultzatzea nahiago dut.

Nolakoa da Gasteizko jaiak eszenatokitik bizitzea?

Ba Gasteizko jaietan hainbat alditan jo dut, Betagarri eta Modus Operandirekin; Foru plazan, Aihotz  plazan, txosnetan. Egia esan , egun horren zain zaude, oso berezia baita zure hirian jotzea. Jaiotzen eta hiltzen ikusiko zaituen hirian abestea ohore bat da. Gainera, hainbatetan, zenbait talderekin kolaboratu dut jaietan ere, ETSrekin adibidez. Nahiz eta zu ez jo, askotan gonbidatzen zaituzte. Musikarien bizitzaren zati oso garrantzitsua dira kontzertuak eta jaietan abesteko aukera izatea zoragarria da.