Tibia eta peronearen lotailua hautsita, amaitu da denboraldia Jean Olharan puntistarentzat
Larunbatean Gernikako Grand Slameko finalerdia jokatzen ari zela hartu zuen min Paueko aurrelariak. «Gorputzak erabaki du nire ordez», onartu du Olharanek. Hurrengo sei asteetan hanka geldirik izan beharko du eta orotara hiru eta bost hilabete artean kantxetatik at izango da.
«Gorputzak nire ordez erabaki du», adierazi dio Jean Dominique Olharan puntistak France Bleu hedabideari. Larunbatean Gernikako Grand Slameko finalerdia jokatzen ari zela tibia eta peronea lotzen dituen lotailua hautsi zuen eta, tamalez, denboraldia Paueko aurrelariarentzat. Hiru eta bost hilabeteren artean izan beharko da pilotalekuetatik kanpo.
Ezker horman jauzi eginez pilota bat eramaten saiatu zelarik, «partidan lauzpabost aldiz egiten dudan keinua», Paueko pilotariak «krakatekoa» sentitu zuen eta aldageletara erretiratu behar izan zuen.
«Lurrera erori naizenean, oinaren behatza horman itsatsita geratzen da. Hala, maleoloaren gainean ‘arraildura’ entzuten dut. Eta min bizi-bizia. Orduan, ezinezkoa da ibiltzea. Beraz, ulertu genuen hori ez zela parte oneko», gaineratu du Olharanek.
Ondorioz, ezin izan zuen partida jarraitu eta Johan eta Zabala pasa ziren hilaren 12ko final nagusira, zeinetan Erkiaga eta Del Rio izango dituzten aurkari.
Lotailua hautsita
Aurreneko azterketen arabera hautsirik ez zuela zirudien arren, X izpien eta erresonantzia magnetikoaren irudiek agerian uzten dute «tibia-peronea lotailua, peroneari tibiari eusten diona, guztiz lehertu dela. Orkatila osoan zuntzak daude».
Sei astez geldirik izan beharko du eskuin hanka Jean Olharanek, bota eta makulu eta guzti, eta ebakuntza bat egingo diote ostean 34 urteko puntistari.
«Gorputzak agintzen du», onartu du Pauekoak. «Egia esateko, asko jokatzen dugu eta apur bat nekatuta nengoen. Irailean edo urrian atseden txiki bat hartzea ere pentsatzen nuen, baina badirudi gorputzak erabaki zuela nire ordez. Nire gorputzak agintzen du. Berdin dio, horrela da eta ez naiz kexatuko jokalari talde baten parte naizelako. Batzuetan, zahartzen zarenean, hobe da indarberritzeko denbora pixka bat hartzea», gaineratu du, bere buruari barre eginez.
Orotara, hiru eta bost hilabete artean kantxetatik urrun egon daiteke Olharan, baina orain, bere hitzetan, badu motibaziorik. «Azaro amaierarako edo abendu hasierarako topera itzultzea espero dut ‘Winter Seriesetan’ parte hartzeko», negu honetan, Gernikan.