INFO

79 urteko gizon bat hil da eta 74 pertsona artatu ditu Osakidetzak bero boladaren ondorioz

Osakidetzako larrialdi zerbitzuak 74 pertsona artatu ditu azken hiru egunotan izandako bero boladaren ondorioz, eta horietako bat asteazkenean zendu zen Gipuzkoan. Artatutako 74 pertsonetatik 44 ospitalera eraman behar izan dituzte, eta zortzi osasun zentro batera.

Bilboko termometro bat, asteazkenean, egunik beroenean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Lakuako Osasun Sailak jakinarazi duenez, azken egunotan Euskal Herrian izan diren tenperatura altuen ondorioz 74 pertsona artatu ditu Osakidetzak eta 79 urteko gizon bat zendu da Gipuzkoan.

Gipuzkoa izan da, hain zuzen, abuztuaren 8tik 10era osasun laguntza behar izan zuten pertsona gehien bildu zituen herrialdea: 38 guztira; Bizkaian, berriz, 29 eta Araban zazpi.

Asteazkenean, abuztuak 9, tenperatura maximoetara iritsi zen eguna izan zen; halaber, laguntza gehien eman zen eguna ere izan zen: 58. Horietatik 27 Gipuzkoan artatu zituzten; eta aurretik aipatu bezala, horietatik pertsona bat hil zen, 18 ospitalera eraman zituzten eta beste lau osasun zentroetara.

Egun horretan bertan, 26 pertsona artatu zituzten Bizkaian; horietatik 12 ospitalera eraman zituzten, eta bi, osasun zentroetara. Araban, bost pertsona artatu zituzten, eta horietatik lau ospitalera eraman zituzten.

Ostegunean Gipuzkoan eman ziren daturik txarrenak berriro: 11 pertsona artatu zituzten; horietatik sei ospitalera eraman zituzten eta bi osasun zentroetara. Bizkaian pertsona bat artatu zuten, inora eraman beharrik izan gabe; Araban, berriz, inork ez zuen laguntza jasotzeko beharrik izan.

Ostiral honetan Osakidetzako larrialdi zerbitzuek bi pertsona artatu dituzte Araban eta beste bi Bizkaian; guztiak ospitalera eraman dituzte. Gipuzkoan inork ez du laguntza jasotzeko beharrik izan.