INFO

Iñigo Cabacas Herri Harmailak «zuzendutako animazioa» eten du nozitzen duen «errepresioagatik»

«Bazkide izateko eskubidea kentzea edo 80.000 euroraino igotzen diren zentzurik gabeko isun ekonomikoak», salatu ditu ICHHk, «udan ere etenik izan ez duten gertakariak». Athleticek erantzuna atera du, «Estatutu Sozialetan jasotzen diren zehapen-prozeduretan» oinarrituz iaz jaso zirela gorabeherak.

Iñigo Cabacas Herri Harmaila pasa den denboraldiko neurketa baten. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Iñigo Cabacas Herri Harmailak oharra atera du Real Madrilen aurka larunbat gaueko 21.30etan 2023/24 denboraldiari ekin bezperetan. Herri Harmailak hamargaren urteurrena beteko du aurten, «jarraitzaileak protagonista izango dituen Athletic herrikoi baten aldeko apostua» egiten.

«Beste denboraldi bat hastear dago eta Iñigo Cabacas Herri Harmailak ilusio eta determinazio osoz ekingo dio aurretik dituen erronkei. Aurten gure hamargarren urteurrena betetzen dugu eta askotarikoak izan dira egindako ekimenak bidaiak, Athletic Clubeko jarraitzaileen aldeko ekimen ugariak, Herri Harmaila handitzeko bultzada erabakiorra... Orain dela hamar urte ekindako bidea da gure balioen, usteen eta gure ekiteko moduen adierazlerik argiena; jarraitzaileak protagonista izango diren Athletic herrikoi baten aldeko apostu argia egiten dugu», dio ICHH-ren oharraren hasierak.

Baina zapatu gaueko neurketatik hasita, «zuzendutako animaziorik» ez dutela burutuko argitu du ICHHk, suposatu dien «errepresioa» dela-eta. «Bazkide izateko eskubidea kentzea edo zentzurik gabeko isun ekonomikoak», salatu ditu, orotara 80.000 euroraino igotzen diren isunak, hain zuzen.

«Herri Harmailako animazioan aktiboki parte hartzeak errepresioa ekarri digu, bazkide izateko eskubidea kentzea izan edota zentzurik gabeko isun ekonomikoen forman; isun horien kantitatea, guztira, 80.000 eurokoa da», zehaztu dute.

Baina ICHH-ren salaketak beste maila bat egin du gorantz. Idatzi dutenez, «gertakari hauek udan zehar ez dute etenik izan eta pasa den denboraldian jasotako errepresioari gehitu behar zaizkio: speakerrei isunak, bonboekin harmaila animatzen dutenen kontrako erasoak eta orokorrean, ICHH osatzen duten pertsonen kontrako jazarpena».

Arrazoi horiengatik «momentuz ez da zuzendutako animaziorik egongo. Iñigo Cabacas Herri Harmailak bere borondate osoa adierazi nahi du gure Klubaren alde egiten jarraitzeko eta bide horretan bultzatzeko. Hala ere, baldintza hauetan eta tamalez, ezinezkoa zaigu Herri Harmailako animaziorekin jarraitzea, izan ere, ez dugu inolako ziurtasunik isunak jasotzen jarraituko ez dugula baieztatzeko».

Klubaren erantzuna

Iñigo Cabacas Herri Harmailak argitaratutako komunikatuaren ondoren, Athleticek bere erantzun propioa atera du bere webugunean. Hasteko «bazkideek bazkide bakoitzaren Estatutu Sozialetan jasotzen diren zehapen-prozedurak», argitaratu ditu.

Hala, klubaren Estatutuen arabera «bazkideekiko diziplina-ahalmena bi organo independentek gauzatzen dute: Diziplina Batzordeak (lehen auzialdian) eta Apelazio Batzordeak. Organo horiek modu autonomo eta independentean jarduten dute Klubeko gainerako organoetatik (Zuzendaritza Batzordea barne)», azaldu dute hasteko.

«Diziplina Batzordeko eta Apelazio Batzordeko kideak klubeko bazkideak dira, eta bazkide konpromisarioek izendatzen dituzte. Gaur egungo Diziplina Batzordeko eta Apelazio Batzordeko kideak 2022ko urriaren 26ko Batzarrean izendatu ziren».

«Diziplina Batzordearen eta Apelazio Batzordearen funtzionamendua Estatutuetan eta 2022ko urriaren 26ko Batzarrean ere onartutako Erregelamendu Organikoan araututa dago».

«Diziplina arloan independentzia ziurtatzeko, Klubak zuzenean bidaltzen dizkio Diziplina Batzordeari Klubeko segurtasun arduradunak partida bakoitzaren ondoren ematen dituen txostenak, eta txosten horietatik abiatuta Diziplina Batzordeak parte hartzen du, bere irizpidearen arabera. Horrela, Klubeko gainerako organoen independentzia ziurtatuta geratzen da (Zuzendaritza Batzordea barne)».

«Bazkideei aplikatu beharreko diziplina-esparruan ez bezala, abonatuei aplikatu beharreko araubidea Zuzendaritza Batzordeari dagokio. Aurreko denboraldian, zehapen bat ezarri zen abonatu izaera kanporatzeagatik».

«Ertzaintzak indarkeriazko ekintzengatik indarrean dagoen araudia aplikatuz jar ditzakeen salaketak eta Joko eta Ikuskizun Sailak, bere eskumenen esparruan, ezar ditzakeen zehapenak ez datoz bat klubarekin».

Hala, Athleticen oharrak aditzera eman duenez, «2022/23 denboraldian 35 gorabehera gertatu ziren, eta horietatik 30 Athletic Clubeko bazkideei zuzendutako idatzizko ohartarazpenak izan ziren. Beste bost espedienteetatik, bat artxibatu egin zen, eta gainerako lau espedienteak Estatutuetan arauhauste oso larritzat jotako jokabideengatik amaitu ziren: batek bazkide izaeratik kanporatzea eta hiruk aldi baterako etetea. Jokabide oso larri horiengatik, Kluba bera zigortu zuten».

«Athleticetik beti saiatuko gara San Mameseko giroa eta animazioa ahalik eta onena izaten», argitu du klubak. «Gure taldea animatu nahi duen pertsona orok hori egiteko modua nahi dugu eta bilatuko dugu, bazkide bakoitzak, abonatu bakoitzak nahi duen moduan, baina betiere gure gizarte-masa osoak onartu dituen Estatutu Sozialen defentsaren barruan eta herritar bakoitzari eragiten dioten indarreko arau eta legeen barruan».

«Athletic Clubek eta bere Zuzendaritza Batzordeak beti borrokatuko dute San Mamesen gure balioen barruan etikotzat jotzen ez den edozein jokabiderekin zerikusirik ez duen giroa lortzeko, baita zatitzeko edo aurrez aurre jartzeko kirolaz kanpoko edozein adierazpen lortzeko ere. Athletic animatzea izango den San Mames batean sinesten dugu», esanda amaitu du bere oharra.

Gogoan izan behar da pasa den denboraldian ICHHko kideek jaso zituzten isunak, besteak beste, Pablo Gonzalez Polonian preso dagoen kazetari bizkaitarraren askatasuna eskatzeagatik edota Donbasseko Errepublikaren bandera erakusteagatik izan zirela.

Falta direnei begira

Zapatuko partidari begira, bai Athleticek zein Real Madrilek hainbat jokalari faltako dituzte. Zuri-gorrien artean Yeray, Yuri Berchiche, Dani Garcia edo Alex Berenguer faltako dira, ia guztiak hasierako hamaikakoan lekua beharko luketen jokalariak.

Real Madrili dagokionez, Courtois atezaina faltako zaio, ezker belauneko lotailuak apurtu ostean. Horrez gain, Ceballos, Mendy eta Güler ere faltako dira Carlo Ancelottik zuzentzen duen taldean. Ondorioz, 21 jokalariz osaturiko deialdia burutu du, tartean harrobiko Lucas Cañizares eta Fran Gonzalez direla. Horrez gain, Athleticek Andriy Lunin atezain ukrainarraren maila ezbaian jarriko ote duen ikustea izango da neurketaren giltzarrietako bat.