INFO

Donostiarren gehiengo zabalak ez duela zezenketarik nahi berretsi dute manifestazioan

Aste Nagusian egiten diren zezenketek donostiar izatearen «harrotasuna lotsaizun» bihurtzen dutela adierazi dute jaien hasierako protestan. Udala jo dute «zezenen tortura eta erailketek» ospakizunaren parte izaten jarraitzearen erantzule, eta eskaera batzuk egin dizkiote Eneko Goia alkateari.

Zezenketen aurkako aldarria, Donostia erdian jaia abiatu aurretik. (Iñigo Uriz | Foku)

Kanoikadak Donostiako Aste Nagusiari hasiera eman baino lehentxeago, zezenen «tortura eta erailketek» ezin dutela jaiaren parte izan azpimarratu dute manifestazio batean. Gipuzkoako Zezenketen Aurkako Plataformak deitu du protesta, eta ehunka herritarrek hartu du parte bertan. 18.00etan abiatu dira Bulebarretik.

«Udal honek ondo daki donostiarron gehiengo zabalak ez duela zezenketarik nahi gure hirian», oroitu dute. Eneko Goiaren Udal Gobernua jo dute ekitaldi horiek Aste Nagusian segitzearen arduradun. Izan ere, 2011 eta 2015 bitarteko Bilduk gidatu zuen legegintzaldian bertan behera utzi zituzten arren, alkate jeltzaleak kargua hartu zuenean berriro hasi ziren egiten.

Hainbat eskaera Udalari

Plataformako kideek zezenketak egiteko areto publikorik ez alokatzeko eskatu diote Goiari, baita ‘Faena onenaren saria’ deusezteko ere, «faenarik onena egiten ez dena» delako. Toki publikoetan zezenketen publizitatea kentzeko ere exijitu diote.

Zezenketak «erailketa zaharrak» direla uste dute. Gero eta ikusle gutxiago dituzte, gero eta gutxiago egiten dira –aurten hiru–, baina Udala «geldo» ikusten dute, «animalien erailketak jarraitzeko baimena emanez» eta Ilunbe horretarako alokatuz oraindik.

«Stop» zioten kartelak ageri dira mobilizazioan, eta buruan zihoan pankartak «gure eskuetan da», nabarmendu du. Bulebarretik irtenda, Alderdi Ederretik pasa dira manifestariak, beren aldarria kainoikadaren zain zeuden lagun guztiei helaraziz.

Hiru zezenketa aurreikusita daude aurten Illunben, igandean, astelehenean eta asteartean. Aurreko urteetan gehiago izan dira, eta bistan da beheko joeran dela tauromakia ikusleei dagokienez, baina oraindik Donostian eutsi egiten diote.