INFO

Nafarroan fase politiko berri bat hasi behar dela nabarmendu du EH Bilduk

Eskubiari ateak ixteko bide bat da Chiviten inbestidura. Baina ez da nahiko eta aurrera egin behar da, Nafarroan fase politiko berri bat hasiz, adierazi du EH Bilduren eledun Laura Aznalek. Hasi berria den legegintzaldia ez dela aurrekoa bezala nabarmendu du.

Maria Chivite, kaskoekin, Laura Aznalen hitzak entzuten. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Legegintzaldi honetan aurrera egin behar dela nabarmendu du EH Bilduren eledun Laura Aznalek, Nafarroan fase politiko berri bat hasi behar delarik. Hori nabarmendu du Maria Chiviteren inbestidura saioan Parlamentuan.

Akordio programatikoan gabezi ugari ikusi dituztela esan du eta hori dela eta, aurrera egiteko EH Bilduk motorea martxan jarri behar duela azpimarratu du Aznalek.

Aurrera egiteko eskubiarekin loturak apurtzeko garaia dela adierazi du Aznalek. Duela bi hilabete udaletan gertatutakoa aurpegira bota dio PSNri. «Ez zineten ausartak izan. Ez zenute nahiko adorerik izan», esan die, une hauetan udaletan eskubiak agintzen ez jarraitzeko gehiengo aurrerakoi nahikoa eta herritarren eskaera egon badaudela adierazi aurretik.

UPNren partetik jasotzen dituzten irainek bide onetik doazelaren froga direla erantsi du. Berri Txarrak taldearen kanta moldatuz, «gure berri onar zuen berri txarrak direla eta gure ametsak zuen amesgaiztoak direla» bota du.

Azken bi hauteskundetan herritarrek zer nahi duten argi hitz egin dutela esan du Aznalek. «Ezkerretik eta antifaxismotik eraiki nahi dute etorkizuna. Eta EH Bildu horretan ezinbestekoa dela esan dute, indar handiagorekin». Izan ere, EH Bildu Nafarroan eta Hego Euskal Herriko udaletan lehen indarra eta Nafarroako Parlamentuan hirugarrena gogoratu.

«Esaten duguna egiten dugu. Kilometro Zeroko ezkerra gara eta neoliberalismoari aurre egiteko aliantzak egiten ditugu. Feministak gara, berdintasuna eta diskriminazioa eza nahi dugu. Euskaltzalea gara eta euskaraz bizi nahi dugu. Abertzaleak gara, hemen dena erabaki nahi dugulako, mugarik gabe. Errepublikazaleak, eskubide berdinak dituzten pertsonen errepublika aldarrikatzen dugulako», laburbildu du EH Bilduren proiektua. «Epe motzetik eta begirada laburretik haratago doan proiektua da», gaineratu du.

Hori dela eta, akordio programatikoa lortzeko negoziazioak kritikatu ditu. «Mozorrorik gabe, aulkiak lortzeko gerra izan da».

Horren aurrean, Chiviteren inbestidurari abstentzioaren bidez ahalabidetzea «erantzunkizunarengatik» egiten dutela adierazi du. «Ez diogu eskubiari itzultzeko aukerarik emango. Inboluzioaren blokea prest da eraiki duguna desegiteko prest. Hori aurre egitea guztion ardura da». Ildo horretan, behar izanez gero, Chiviteren aldeko botoa emateko prest zeudela esan zutela gogoratu du. «Muserako ondo daude hordagoak, baina gehiagi dugu jokoan Nafarroan», esan du.

«Legegintzaldi hau ez da aurrekoa bezala izanen»

Hasi berria den legegintzaldia aurrekoa bezala ezin daitekela izan nabarmendu du Aznalek. Eskubiari ateak hirugarren aldiz ixtea ezinbestekoa dela azpimarratu du, «baina ez da nahikoa».

Aurrera egiteko bide horretan, euskara Nafarroako hizkuntz propioa bezala behar duen errekonozimendua eta zonifikazioarekin amaitu behar dela aldarrikatu du Aznalek.

Honekin batera, Nafarroak burujabetza behar duela azpimarratu du. «XXI. mendean foruen izena erabakitzeko eskubidea da. Nafarroako jendartea heldua da eta Estatuarekin eta Euskal Herriko beste lurraldeekin zein motako harremana izan nahi duen erabakitzeko eskubidea du».

Beharrezkoak diren fondoak lortzeko erreforma fiskala, Osasun arlo legea eta Mapa Lokalaren garapena aurreko legegintzaldian lortu ez ziren helburuak direla gogoratu du. Ondorioz, datozen lau urteotan horiei heldu behar zaiela esan du.

Lehen aldiz Nafarroako Parlamentuan den Voxentzako hitzak izan ditu Aznalek ere, indarkeria matxistaren ondorioz emakumeak hiltzen dituzten kontzentrazioetan talde honek mezu negozionistak paratzea onartezina dela azpimarratuz.