INFO

‘Eusko Gudariak’ bi hizkuntzetan, Korsikako herrixka batean emandako kontzertuan

L'Ascusgi musika talde korsikarrak ‘Eusko Gudariak’ kantuaren bertsioa eraman zuen Korsikako iparraldeko herrixka batera pasa den larunbatean. Sare sozialetan aise zabaldu da bideoa euskaldunen artean.

Este navegador no soporta el elemento video.


Abuztuaren 12ko uda giroko gaua, Korsika iparraldeko Piedicroce izeneko herri txiki batean. L'Arcusgi talde korsikarrak ohikoa du bere musikaren bitartez korsikar hizkuntza eta identitatea aldarrikatzea, hala egin dute 1984tik, taldea sortu zenetik.

Pasa den larunbateko kontzertuan, baina, kantu berri bat eraman zuten ehun biztanle inguru dituen herrixkako oholtzara: ‘Gudari ziren’, ‘Eusko Gudariak’ kantuaren bertsio propioa, leloa euskaraz kantatuta eta gainontzekoa korsikeraz. «Ez frantsez, es espainiar, bere izena da: Euskal Herria», abestu zuten korsikeraz entzuleen aurrean.

‘Gudari ziren’ kantuaren bideoa bolo-bolo zabaldu da euskaldunen artean sare sozialetan. Hainbat erabiltzailek elkartasun, esker on eta «anaitasun» mezuak zabaldu dituzte musika talde korsikarrarentzat.

Ez da L'Ascusgi taldeak Euskal Herriari elkartasun keinua eskaintzen dion lehenengo aldia, ez eta euskaraz abesten duena ere. ‘Askatasunera’ izeneko abestia kaleratu zuten 2014an, euskal eta kortsikar identitatearen aldarria, bi hizkuntzetan kantatuta hau ere.

Beren errepertorioaren parte ere bada ‘Uda’ abestia, Maddi Heguyren omenezkoa.

‘Txoria txori’ ere ekarri dute beren kantaldietara. Hainbat adibide elkartasunaren ikur.