INFO

Taylor Swiften bira eta Kaliforniako grebalarien egoera

Kontraesanak kontraesan, Taylor Swift abeslariaren tourrak ez du inor epel utzi. Los Angelesen izan dituen sei kontzertuetara joateko, batez beste 1.200 euro inguru ordaindu dituzte ikusleek. Emanaldiak, ordea, Hollywoodeko gidoilarien eta hoteletako langileen borroken bozgorailu bihurtu dira.

Swiften birari heldu diote borrokan diren zenbait sektorek oihartzun bila, bai eta lortu ere. (Michael Tran | AFP)

Taylor Swift musikariaren emanaldiak, milioika jarraitzailerentzako ikuskizun ahaztezinak izateaz gain, The Eras Tour birako hirietan sekulako ondorio ekonomikoa daukaten gertaerak dira. Kalifornian egon berri den honetan, baina, aktore eta gidoilariekin batera greban diren hoteletako langileen salaketa aireratzeko balio izan du emanaldiak.

Taylor Swift The Eras Tour bira martxoan hasi zen, eta urte eta erdi iraungo du, 150 emanaldi inguru izango dira guztira. Latinoamerikan, Asian, Australian, Afrikan eta Europan joko du musikariak, urtebete barru azken emanaldiak egitera berriz ere Ipar Amerikara itzuli aurretik.

Orain arte itzelezko ikusmina piztu du, eta are handiagoa izan da Estatu Batuetan egin dituen azken emanaldien ondoren. Guztira, sei kontzertu izan ditu Swiftek, abuztuan, Los Angelesen; 70.000 ikusle baino gehiago izan dira horietako bakoitzean, Inglewoodeko zelaian. Aurretik San Frantzisko inguruan izandako beste bi emanaldiak gehituta, Pennsylvaniako kantariak milioi erdi ikusle baino gehiago bildu ditu Kalifornian aste eta erdian. Horrek guztiak, jakina, sekulako jende eta diru mugimendua ekarri du AEBetako estatu populatuenera; ikusle bakoitzak 1.200 dolar baino gehiago gastatu baititu.

Kalifornian, baina, beste errealitate batzuk agerrarazteko ere balio izan du birak: aspaldian ez bezala mobilizatu diren langile-borrokek oihartzun berezia izan dute azken asteotan. Grebarik ezagunenetakoa Hollywoodetik iritsi da, gidoilariek duela 100 egun baino gehiago ekin zioten lanuzteari, eta ikus-entzunezko beste langile batzuek jarraitu zieten uztailaren 14an; aktoreek, tartean. Hala, entretenimenduaren industria erabat gerarazi dute. Diotenez, litekeena da plataforma digitaletako estreinaldietan grebaren ondorioak laster nabaritzen hastea, iragarritako estreinaldi asko zenbait hilabete atzeratuko baitira.

Hollywoodeko eta Los Angeleseko ekonomian berebiziko garrantzia daukan beste sektore bateko hamabost mila beharginek ere protestak egin zituzten une bertsuan: Kaliforniako hiriko hoteletako langileek txandakako lanuzteei ekin zieten, egun bakoitzean hitzarmena adostu ez zuten hoteletako batzuetan greba eginez. Ostatu bakarrak onartu ditu orain arte langileen eskaerak, eta gainerakoan, protestak izan dira nagusi; hoteletako segurtasunaren aldetik piketeen aurkako indarkeria ere izan dela salatu dute azken asteetan sindikatuek. Beharginek diotenez, gaur egun jasotzen duten soldatak ez die Los Angeles bezalako hiri batean bizitzeko ematen, eta beharginetako batzuk haien ibilgailuetan bizi behar direla salatzen dute; hotelak dauden inguruetan ordaintzeko moduko etxerik aurkitzea ezinezkoa zaiela-eta.

Protesta-olde honen erdian iritsi da Kaliforniara azken hamarkadetan ikusminik handienetakoa piztu duen musika-bira. Izan ere, Taylor Swiftek zapaldutako hiri bakoitzean utzi duen eragin ekonomikoa milaka milioi dolarretakoa izaten ari da (Filadelfia, Chicago eta beste hiri batzuek 200 eta 300 milioi dolar bitarteko eragina kalkulatu dute bira bertatik igaro denean). Diru-sarrerarik garrantzitsuenetakoa hoteletan gertatzen da, musikariaren emanaldiaren datetan prezioek sekulako gorakada izaten baitute, eta hala ere, guztiz beteta egoten baitira.

Egunotan, ikusleen artean oso ezagunak izan dira, besteak beste, Emma Stone, Kevin Costner, Charlize Theron eta Selena Gomez. Baita oporretan Kalifornian zebilen Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa ere.

Gutuna musikariei

Honen guztiaren aurrean, Los Angeleseko hoteletako langileen sindikatuak ohar bat idatzi zion artistari, hirian bizi zen greba-egoeraren aurrean, kontzertuak atzeratu zitzala eskatuz: «Hoteletako langileak beren bizitzaren alde ari dira borrokan. Bizi ahal izateko soldata baten alde borrokan. Greban hasi dira. Zure laguntza eskatzen ari dira. Zaude hoteletako langileen alde eta atzeratu itzazu zure emanaldiak». Gutunak zabalkunde handia izan du Estatu Batuetako hedabideetan, eta Kaliforniako politikari ugarik ere bat egin dute deialdiarekin. Oharraren sinatzaileen artean dago, besteak beste, Eleni Koulanakis, estatu horretako gobernadoreorde eta 2026ko bozetako balizko hautagaia.

Gutunak berehala lortu zuen oihartzun mediatikoa, eta laster, agerian geratu zen grebalarien eskaera ez zela beteko; herrialde guztian eta atzerrian dozenaka milaka lagunek sarrerak, hegaldiak eta hoteletako erreserbak eginak baitzeuzkaten. Baina azken horretan, hoteletan, berebiziko presioa ekarri du. Hala, Janice Hahn Los Angeleseko konderriko gobernuburuak mozioa aurkeztuko duela iragarri du, 60 behargin baino gehiago dituzten hoteletako eta jolas-parkeetako langileen gutxieneko soldata orduko 25 dolarretara igotzeko. Irailean bozkatuko dute proposamena; onartzen bada, azaroan sartuko litzateke indarrean igoera, eta orduko 30 dolarretara iritsiko litzateke 2028an, hiriak Olinpiar Jokoak hartzen dituenerako.