Arraun Lagunak-ek esku-eskura du Euskotren Liga; Oriok, aldiz, ezinezkoa ez, baina zaila
Asteburu honetan jokatuko dituzte ligako azken bi estropadak, eta Zarauzko bandera prestigiotsua dago jokoan. Sei puntuko aldea du Arraun Lagunak-ek Oriorekiko. Juan Mari Etxabe ‘Lugañene’-ko entrenatzaileak, eta Patxi Frances Oriokoak bat egin dute esanez «zaila» dela ‘Mirotzek’ ezustekoa ematea.
«Nork esan du, ezinezkoa da? Nork onartu du, hori hala dela? Zaila bada, ez da ezinezkoa. Zaila bada, badago lortzea...». Urtz taldearen ‘Ez gaitu inork geldituko’ abesti hori gogoan izango du Oriok Zarauzko estropada hasi baino lehen. Asteburu honetan jokatuko dituzte Euskotren Ligako azken bi estropadak −larunbatean 17.25ean, eta igandean 11.20an−, eta sei puntuko aldea ateratzen dio Arraun Lagunak-ek Oriori.
‘Mirotzek’ ez dute lantegi erraza izango ligako txapeldunak izateko; ‘Lugañene’-ri nahikoa zaiolako hirugarren geratzea bi estropadetan −orain arte behin bakarrik egin dute hirugarren, gainerako guztietan aurretik geratu dira−.
«Zaila» dela badaki Patxi Frances (Donostia, 1958) Orioko entrenatzaileak, «ikusita puntuak eta Arraun Lagunak nola dabilen». Bide beretik, Juan Mari Etxabe (Oiartzun, 1966) Arraun Lagunak-eko prestatzaileak adierazi du Oriok azken hitza eman ez duen arren, ez luketela «arazo handirik izan behar txapela eramateko».
«Zaila dute. Guk akatsak egin behar ditugu; asko, gainera. Gertatu daiteke? Noski baietz», hausnartu du Etxabek. Hori horrela izanik ere, entrenatzaileak azpimarratu du «ondo bideratuta» dutela txapela eta Zarauzko «banderaren bila» joango direla.
Horrez gain, ‘Lugañene’-ko prestatzaileak nabarmendu du Zarauzko estropada ontzi «erregularrenak» irabaziko duela: «Uste dut inor ez dela gai izango larunbatean eta igandean irabazteko, aurten ligan hori egin dugun bakarrak gu izan garelako. Bi estropadak irabazteko asmoarekin aterako gara».
Patxi Frances: «Denbora kontuan hartuta, gu izan gara erregularrenak [...] Donostiarrari galdetu beharko zaio zergatik guk irabazi dugunean ez den sartu tartean»
Orio, ligara begira baino, geratzen diren azken bi bandera prestigiotsuei begira jarri da, eta beste era batera helduko dio ligako azken asteburuari. «Zarauzko estropada oso erronka polita da. Kontxaren ondoren, balio handienetarikoa duen estropada da Orioko herrian, eta uste dut nahikoa erronka dela horren alde borrokatzeko», nabarmendu du Francesek.
Horrez gain, entrenatzaileak adierazi du haien «bertsiorik onena» ematera joango direla: «Talde oso lehiakorra dut. Neskak gogo eta adore handiarekin daude. Zarauzko bandera irabazten badugu eta gero Kontxakoa, oso garrantzitsua litzateke taldearentzat, liga erregular hau bost banderekin amaituko genukeelako».
‘Lugañene’ lider hasieratik
Arraun Lagunak-ek jantzi zuen liderraren maillota ligako lehen estropadan, Coruñakoan. Etxaberen esanetan, «indartsu» atera ziren Galiziatik, eta geroztik, ez dute maillota erantzi.
«Zerbait ondo egin dugu. Ematen du Arraun Lagunak-ek zorteagatik irabazi duela, gauzak ez ditugula ondo egin, eta bat-batean orain jarri garela lider, eta ez da horrela. Arraun Lagunak lehen estropadatik jarri zen lider, eta hor mantendu gara», nabarmendu du prestatzaileak.
Zentzu horretan, taldea «sendotu» egin dela azpimarratu du Etxabek: «Nire hirugarren denboraldia da, lehenengo urtea bikaina izan zen. Klubarentzat dena da nobedadea, irabaztea nobedadea da. Orion, aldiz, ez. Pauso bat aurrerago daude eta proiektu sendoagoa da. Gu ikasten ari gara; iaz sufritzea tokatu zitzaigun eta aurten estropadak irakurtzen ikasi dugu. Atzean geratzen bagara gai dira egoerari buelta emateko, arraunketa harrapatzeko eta paper on bat egiteko. Iaz gaizki hasten ginen eta okerrago bukatzen genuen».
Aldi berean, ‘Lugañene’-ko entrenatzaileak uste du arraunlariek aurten presioa «hobeto» eraman dutela, eta hori urteotan bildutako eskarmentuagatik izan dela: «Klubak formakuntza hori behar zuen. Lehen beste modu batera bizitzen zen arrauna, baina orain txapeldunak dira eta beste modu batera ikusten dira gauzak».
Arraun Lagunak-ek lau bandera astindu ditu eta lehenak geratu ez direnetan, bigarren egin dute, estropada batean izan ezik, hirugarren egin zutela. Ontzia erregularra izan den seinale: «Ez duzunean irabazteko aukerarik, egun txarra duzulako edo besteek hobeto egin dutelako, onena da gainerakoengana hurbiltzea eta horri eustea. Lehiakortasun handia erakutsi dugu urte osoan, baita beti borrokarako prest gaudela ere».
Donostiako traineruak ligari ezin hobe ekin zion; Oriok, ordea, ezin du gauza bera esan: Galiziako uretan laugarren egin zuten, bigarren txandatik arraun eginda, Arraun Lagunak-ek, Donostiarrak eta Tolosaldeak lehenengotik egin zuten.
Estropada horrek markatu al dio Oriori liga? «Argi dago baietz. Ni ez naiz galtzailea, irabazlea baizik. Baina egia da asko markatu zigula», erantzun du Francesek, eta segidan hau adierazi du: «Normalean liga erlojupeko batekin hasten da Bilbon, eta iazko postuetatik abiatuta, azkenak aterako ginateke erlojupekoan, gainerakoen erreferentziak jakinda, eta ez dut uste laugarren egingo genuenik estropada horretan».
Juan Mari Etxabe: «Ematen du Arraun Lagunak-ek zorteagatik irabazi duela [...] eta bat-batean orain jarri garela lider, eta ez da horrela»
Orioko prestatzaileak nabarmendu du Bilbon hasi ordez, Galizian hasi zela liga «zozketa batekin, zortzi ontzirekin eta itsasoan, jakinda nola zegoen itsasoa». Gainera, Oriori lehen txandan arraun egitea egokitu zitzaion, Francesen hitzetan, «zuzeneko aurkaririk gabe eta haize gehiagorekin»: «Hori gutxi ez, eta bakarrik estropada bat jokatu genuen, eta etxera joan ginen zaplazteko galantarekin».
Ez zen hasiera ona izan Oriorentzat, martxa hartzea kostatu zitzaion, eta etxeko estropadan lortu zuen sasoiko lehen bandera. Guztira lau lortu dituzte ‘Mirotzek’, eta lehenak egin ez dutenean, Galiziako laugarren postua eta Lekeitioko bigarrena kenduta, hirugarren postuan geratu dira.
Francesi galdetu zaio ea erregularragoak izatea falta izan ote zaien liga irabazteko, eta irmoki adierazi du «ezetz, gertu egon» direlako: «Lehiakorrak izan gara. Atera diguten alderik handiena 11 segundokoa izan da, Lekeition, eta guk hamahiru segundoko aldea atera genion Arrauni Getxon. Donostiarrari are gehiago atera dizkiogu. Beraz, denbora kontuan hartuta, gu izan gara erregularrenak. Beste kontu bat da puntuei dagokiena. Donostiarrari galdetu beharko zaio zergatik guk irabazi dugunean ez den tartean sartu, eta Arraunek irabazi duenean bai».
Batzuen poza, besteen tristezia
‘Lugañene’-k Hondarribiko eta Lekeitioko estropadetan eman zion astindu ederra sailkapenari; asteburuko bi estropadak irabazita eta sailkapenean Oriori hiru puntutik seira handituta aldea.
Etxaberen esanetan, ligara begira «pauso garrantzitsua» izan zen, eta arriskatu egin zuela nabarmendu du: «Momentu horretan sasoi betean zegoen taldean aldaketak egin nituen eta ondo atera ziren. Ordura arte egindako lana gero eta gertuago ikusi genuen. Gainera, hurrengo asteburuan Galiziara joan behar genuen, eta Galizia beti da bidaia beldurgarria, buruagatik batez ere, eta koltxoi hori izateak beste martxa bat eman zigun».
Batzuen poza eta besteen tristezia izan ziren Hondarribiko eta Lekeitioko estropadak. Oriok jaso zuen kolperik gogorrena. Francesen hitzetan, kolpea «are handiagoa» izan zen, aurretik bi asteburu zail izan zituztelako.
«Ez dut hitz egingo galtzaile baten moduan, ni ez naizelako galtzailea eta nire taldea ere ez. Baina uste dut Getxon ontzia oso ondo zihoala eta erakustaldia eman genuela −bandera eraman zuten−. Eta, hurrengo egunean, Santurtzin, lehen kalea tokatu zitzaigun, eta horrek akabatu egin gintuen. Hurrengo asteburuan, Hondarribian, berriro ere kalerik txarrena egokitu zitzaigun, eta orduan zaila da zure puntua bilatzea. Bi estropada horietan emaitzak ateratzea kostatu zitzaigun. Hala ere, uste dut estropada lehiatu genuela. Hau arrauna da eta badakigu estropada bakoitzean kaleak zozketatzen direla, eta egun batean zuri mesede egiten dizula eta beste batean kale».
Oriok iaz hamabi banderetatik 11 astindu zituen. Aurten, baina, ‘mirotzek’ erakutsi zuten nagusitasuna amaitu egin da. Jokatu dituzten 11 banderetatik launa irabazi dituzte Oriok eta Arraun Lagunak-ek, eta beste hiru Donostiarrak. Parekotasuna handia izan da, eta gorengo koskan dauden bi taldeen entrenatzaileek hori berretsi dute, nabarmenduz, liga «gogorra eta lehiakorra» izan dela.
Francesek azpimarratu du jende askok esan duela denboraldi honetan traineruak «oso azkar» doazela: «Boiroko estropadan Donostiarrak egin zuen denbora inork ez du egin emakumezkoen arrauneko estropada batean. Guk ere larunbateko Moañako estropadan egin genuen denbora, 10:47, haizearekin gainera, sekulako denbora da».
Aldi berean, Etxabek esan du hiru ontzien artean «lehiakortasuna handia» dela, eta «gauzak ondo egin dituenak, eta zorte pixka bat izan duenak», irabaziko duela liga. Francesek ere adierazi du hiru traineruen maila «oso altua» dela, eta «detaile txikiek» markatu dutela emaitza: «Egun batean asmatu duenak edo kalearekin zortea izan duenak irabazi du. Denboraldi osoan zehar hori ikusi da».
Horrekin lotuta, aurten aurrenekoz zortzi traineru lehiatu dira Euskotren Ligan, eta horren inguruko balorazioa ere egin dute bi entrenatzaileek. Etxabek nabarmendu du lehiakortasun «polita» dagoela, bai ohorezko txandan, baita bigarrenean ere.
Juan Mari Etxabe: «Txanda bakoitzean dago zeregina eta zeinek irabazia. Urtetik urtera pauso bat ematen ari gara eta maila hor ikusten da»
«Jende askok esaten du bigarren txandan begiratzeko galiziarrak noiz heldu diren. Baina hori gertatzen da bai nesketan bai mutiletan, ohorezko txandatik azkenekora minutu bateko aldea dagoela. Txanda bakoitzean dago zeregina eta zeinek irabazia. Urtetik urtera pauso bat ematen ari gara eta maila hor ikusten da».
Aldi berean, Francesek ere adierazi du emandako pausoa garrantzitsua dela emakumezkoen arrauna maila «oso altua» hartzen ari delako eta «babesa» eman behar zaiolako.
Baina, bestalde, Orioko prestatzaileak nabarmendu du «min» egiten diola Galiziako ontziak, «egiten dutena egiten dutela», bi urtez bermatuta izatea Euskotren Ligan egotea: «Hibaikari kanporaketak jokatzea ez dagokio, eta uste dut horrek molestatu egiten duela. Ez da normala galiziarrei erraz irabazten dien traineru batek kanporaketak jokatu behar izatea».
Kontxan, «zorte pixka bat»
Kontxako Bandera da arraunlarien altxorrik preziatuena, liga baino garrantzitsuagoa izateraino. Oriorentzat errebantxa ona litzateke, liga irabazten ez badute, Kontxa bigarrenez jarraian astintzea.
Francesek hori argi du: «Ni Kontxa zalea naiz. Orain alde zaharrera noa, amaren etxera eta familiakoek badakite zenbat Kontxa irabazi ditudan; zenbat liga, ordea, ez. Gainera, tradizioarengatik, bihotzarengatik, sentimenduengatik, eta zaharragoa naizelako [barreak], Kontxa asko maite dut».
Zer behar da Kontxa bat irabazteko? Orioko prestatzaileak nabarmendu du «zorte pixka bat» izan behar dela: «Posible da txanda bat egokitzea zure aurkari zuzenik gabe, haize gehiagorekin edo gutxiagorekin... Horrek eragin handia du, eta gainera, traineruen artean hain alde gutxi egonda… baldintza horiek kanpoan utz zaitzakete».
Patxi Frances: «Zarauzko bandera irabazten badugu eta gero Kontxakoa, oso garrantzitsua litzateke taldearentzat, liga erregular hau amaituko genuelako bost banderekin»
Arraun Lagunak-ek orain dela bi urte irabazi zuen Kontxa. Covid garaia zen eta zalerik gabe ospatu behar izan zuten. Etxaberi galdetuta ea arraunlariek gogoa duten zaleekin Kontxa bat ospatzeko, adierazi du taldeak «ondo ospatu» zuela 2021eko Kontxa, eta «ondo» gogoratzen dutela. Hala ere, onartu du arraunlariek beti nahi izaten dutela kalea animatuta ikustea eta jendea balkoira ateratzea.
Aurtengo Kontxa «detaile txikietan» egongo dela nabarmendu du Arraun Lagunak-eko prestatzaileak: «Ikusten da orain hiru talde gaudela oso segundo gutxira, eta detaile txikietan egongo dela aurtengo Kontxa. Faboritoa nor den? Ez dago esaterik. Agian gu, gauzak ondo egin ditugulako, eta Orio bigarren, eta Donostiarra hirugarren. Taldearengan konfiantza dut gauzak gaizki jarri direnean ere aurpegia eman duelako eta buelta eman diolako egoerari. Uste dut Arraun Lagunak-ek baduela zer hobetu eta pixka bat gorago egiteko gai garela. Prestakuntza horretara bideratuta dago eta espero dut distira ikustea».