INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

Batuaren bultzatzaile nagusienetakoa izan zen Joseba Intxausti zendu da

Historialaria, ‘Jakin’ aldizkariko zuzendaria, euskaltzaina eta batez ere euskararen aldeko txinaurri lana egin duen pertsona izan da Joseba Intxausti segurarra. 87 urterekin hil da batuaren bultzatzaile nagusietakoa izan zena. Informazio honetan, horretaz 2018an NAIZi eman zion elkarrizketa.


Joseba Intxausti Rekondo, azken 60 urtetan euskararen sustatzaile nagusietakoa izan dena, hil da azken orduetan. Ibilbide luzea egin du hizkuntzaren alde baina zerbait nabarmendu behar izatekotan batuari eman zion bultzada aipa daiteke, Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’rekin batera.

Kulturgintzan sekulako lana egina du Intxaustik. ‘Jakin’ aldizkariko zuzendaria izan zen 1958tik 1964ra, oraindik legez kanpo zegoenean, eta 1969tik aurrera, behin legeztaturik. Urte honetan Historia lizentziaduna bilakatu zen, Bartzelonako Unibersitatean. Aurretik eliz ikasketak egin zituen Arantzazun.

Hamarkada bat geroago UZEIko zuzendari izendatu zuten, 1980. urtean hain zuzen ere. Eta ohorezko euskaltzaina izatera helduko zen 2004an (1961tik euskaltzain urgazlea bazen).

Dozenaka lan argitaratu ditu, gehienak euskarari buruzkoa: ‘Izatea eta bere zentzua’ izan zen lehena, 1960an, eta azkenak mende honetan idatziak ditu, tartean Arantzazuri edota bere herriari, Segurari, eskainiak.

Tartean frantzizkotarra izateari utzi dion, besteak beste Elizak hizkuntzekiko izan duen jarrerarekin kritiko agertuz.

Ibilbide luze eta ezin oparoago honetan, mugarri garrantzitsua da euskara batuari eman zion bultzada. Horretaz hitz egin zuen luze NAIZerako 2018an, batasunaren 50. mendeurrenaren harira, Xole Aramendi Alkortak eginiko elkarrizketan: «Monzonek eta Txillardegik antolatutako bilerara joan nintzen. Ni mandataria nintzen. “Jakin”-ek, urteroko bileren bitartez, egina zuen sare soziala. Seminarioetatik zetozen gazteak ziren, gerra pertsonalki ezagutu gabeak, eta premia bertsuak zituztenak euskararen kulturgintza egin ahal izateko. Horrek batasuna sortu zuen eta bilerek beren emaitzak eman zituzten, proposamenak egin ere bai. Haien berri Baionan bildutakoei ematea zen nik jasotako mandatua. Ni ez nintzen ezeren protagonista», esan zuen, apaltasunez.

«Nahikoa da? Ez dut uste»

Batuari buruz oraindik adierazten direnei buruz, uste hau azaldu zuen Intxaustik: «Hizkuntza guztiak dira naturalak eta artifizialak. Belaunaldi bakoitzak egiten du bere hizkuntza artifiziala. Eta horrek irauten baldin badu eta jendearen ahotara iristen bada, azkenean naturala da. Hizkuntzak beti aldatuz doaz, batzuetan hobera eta besteetan txarrera. Ez aldatzea da hizkuntza baten kalamitaterik handiena».

Agintari politikoekin ere kexu agertu zen elkarrizketa horretan: «Gure agintari klaseak ez du gure hizkuntza serio hartu (...) Eta gero kanpotik etorri dira erasoak, larriagoak, noski, eta mintzatzaile ahulari zuzen-zuzenean eraso diotenak». Eta euskararen etorkizunari buruz, kezkatuta: «Miraria daukagu. Penintsulako gainerako hizkuntzak III. eta IV. mendean desagertu egin ziren. Non geratu dira hizkuntza haiek? Historiatik dakarkigun karga gainetik kenduko dugula eta hizkuntzaren etorkizuna segurtatuta dagoela pentsatzea... ez dut ikusten hala denik, nahiz balorazio positibo guztia duen egindako lanak. Eta harrituta nago eta gozatuz nabil zenbat ekimen dauden herrian gauzak hobera egiteko. Nahiko da? Ez dut uste».