INFO

Kontagailua zeroan Ipuruan

Eibarrek denboraldiko lehen partida jokatuko du bere zaleen aurrean, debutan jipoia hartu ondoren. Liga etxean galduz hasi zuen Elx jeitsi berria hartuko dute armaginek.

Denboraldiaurrean lesionatu ondoren, Bautista hamaikakoan sartu daiteke bihar. (S.D. Eibar)

Bada astebete Liga hasi zela baina Ipuruak zeroan jarraitzen duten bi taldeen arteko lehia hartuko du bihar (17.00). Sekulako jipoia hartu zuen Eibarrek Santanderren; ondorioz, sailkapenaren azken postuak eman du aste osoa, eta Elxen debuta ez zen askoz hobea izan markagailua estuagoa izan bazen ere, Racing de Ferrol igo berriaren aurka galdu baitzuen etxean. Ondorio handirik gabeko estropezua kasu bietan, batez ere denboraldiaren une honetan, baina baina igoera helburua duten taldeentzat porrotak beti dira mingarriagoak. Eta horixe da hirugarren saiakeran igoera xede duen Eibarren eta Lehen mailatik jeitsi berria den Elxen kasua.

Kontagailua zeroan eta taldea «gogotsu» ekingo diote armaginek neurketari, Joseba Etxeberriaren esanetan. Amorratuta agian, kolpea gogorra izan baitzen. «Galtzeak beti egiten du mina, are gehiago horrela galtzeak. Horrelako kolpe baten ondoren, erreakzioa ikusi behar da eta nik oso gogotsu ikusi dut taldea astean zehar, Santanderren gertatutakoari buelta emateko gogo handiekin», esan du entrenatzaile gorri-urdinak. Horregatik, biharko partidak bere taldeari «motibazio bikoitza» eskaintzen diola uste du. Alde batetik, nahitaezko erreakzio hori ikusteko aukera ematen diolako eta, bestetik, «gure jendearen aurrean jokatuko dugun lehena», izango delako.

Zaleak etortzea espero du, abuztua izan arren, eta «taldea lagunduko» duela ziurtzat jo du. Baina taldeak harreman hori lehen keinua egin behar duela uste du, «zelaitik energia transmitituz. Ipuruan denboraldi honetan izango garena ikusi behar da». Hau da, talde «intentsoa, azkarra, erabakitasunez jokatzen duena eta, ahal bada, eraginkortasunarekin. Hori da izan nahi duguna eta, beraz, Sardineron eskaini genuen iruditik dezente aldendu behar gara», onartu du. «Etxean oso talde sendoa izan behar gara, intentsitatea ezin zaigu falta inolaz ere, ahal dugun erritmo handiena ezarri behar dugu eta garaipenetik gertuago egoteko ondo jokatzea garrantzitsua dela baina garrantzitsuena irabaztea dela jakin begar dugu», gaineratu du.

Aurrelariak

Taldearen irudia aldatzeko ez du elgoibatarrak argitu taldearen beraren osaketa aldatuko badu. Zalantza handiena ezker hegalari dagokio, Arbillak joan den astean partida eskasa ondoren, bigarren zatian zelairatu zen Cristianek hartu baitezake bere lekua. Aurrean, bestetik, denboraldiaurreko lehen lagunartekoan lesionatu ondoren joan den asteartekoan berragertu zen Bautista sartu daiteke hamaikakoan, Quique ordezkatuz. Eta baliteke Numanciaren kontrako partida horretan bi gol sartu zituuen Aranak hasieratik jokatzeko aukera izatea ere.

Golak behar ditu Eibarrek, aurrelari eraginkorrenak lesionatuta jarraitzen baitu. Gaurko partida ere harmailatik ikusi beharko du uda osoan minutu bakarra jokatu ezin izan duen Stoichkovek. Berarekin egongo dira beste bi lesionatu, Corpas eta Sorian lesio muskularra jasan zuen Konrad eta ikustear dago Blanco Leschukerekin laukotea osatzen badute. Argentinarrak ez zuen lehen jardunaldiaren deialdian sartu, printzipioz klubetik irtetzear dagoelako, baina Eibarren jarraitzen duenez, baliteke biharkoan lekua izatea.

Elxen egoera ez da hobea erasoari begira, hamar eguneko epean bi aurrelari garrantzitsuenek, Poncek eta Millak, alde egin baitiote AEK Atenasek eta Espanyolek zazpi milioien truke fitxatuta. «Onartu beharreko erabakiak» direla onartu du Sebastian Beccaccece entrenatzaileak. «Onena opa diet baina neretzat, egun, Boye eta Moraud dira aurrelari onenak», esan du; hau da, taldean dituen bi aurrelari bakarrak.