Salbuespenarekin behingoz amaitu beharra dagoela aldarrikatu du Sarek Donostian
Preso, iheslari eta deportatuek pairatzen duten salbuespen egoerarekin behingoz amaitzeko aldarrikatu dute larunbat honetan Donostian Aste Nagusiaren testuinguran Sarek deitu duen mobilizazioan.
Donostiako Aste Nagusiaren testuinguruan Sarek deitu duen mobilizazioan preso, iheslari eta deportatuek pairatzen duten salbuespen egoerarekin behingoz amaitu behar dela aldarrikatu dute Gipuzkoako hiriburuko kaleetan.
«Tamalez, oraindik ere mobilizazio hau deitu beharrean gaude, oraindik ere badelako zer egina euskal preso, iheslari eta deportatuen egoera normalizatzen bidean», nabarmendu dute mobilizazioaren ondoren irakurri duten testuan.
«Espetxe politikaren baitan aldaketak eman eta 34 urte luze iraun dituen urruntze politika gainditzeak ez du berekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketen amaiera. Fiskaltzak, Audientzia Nazionalaren laguntzaz, legedia arruntaren ezarpenaren aurrean eta etxeratze prozesuaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen du, elkarbizitza zangotrabatuz», salatu dute.
«Guk ordea argi dugu. Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzeko unea da. Dagokien eskubidea da, etxera bidea legeak dioen ibilbidea jarraituz pausuz-pausu burutu dezaten», aldarrikatu dute.
«Elkarbizitzan aurrera urratsak emateko, konponbidean jarri behar dugu preso, iheslari eta deportatuen auzia. Eta helburu hori errealitate izan dadin, den-denok behar zaituztegu», gaineratu dute.