INFO

‘Utopiak lehertzeraino’, Neska* Gazteen urriko baterajotzea girotuko duen kantua

Urriaren 13tik 15ea baterajotzea egingo dute Usurbilen Euskal Herriko Neska* Gazteek. Larunbat honetan, egun horiek girotuko duten kantua aurkeztu dute, baterajotzearen leloa izenburu duena: ‘Utopiak lehertzeraino’.


Urriaren 13, 14 eta 15ean Euskal Herriko Neska* Gazteek baterajotzea egingo dute Usurbilen. Bada, larunbat horretan hiru egun horiek jantziko dituen kantua aurkeztu dute sare sozialetan: ‘Utopiak lehertzeraino’, baterajotzerako aukeratu duten lelo berbera.

Neska* Gazteen ezaugarri den buruberoki koloretsuak jantzita, suziriak piztuta, kaleak hartzeko unea iritsi dela aldarrikatzen du.

Azaroaren 30ean egingo den greba feministaren aurretik, «neska gazteontzat espazio bat sortzeko» beharretik abiatuta antolatu dute baterajotzea Euskal Herriko Neska* Gazteek, apirilean egindako agerraldi batean azaldu zutenez. Udazkeneko zitaren erdigunea zaintzaren gaiak hartuko duela aurreratu zuten.

«Gazteok beharrezkoa dugu antolaketa propio bat, gure behar eta proposamenek tokia izan dezaten, mundu ikuskera propioa zabaldu dezagun, eta iritzi sortzaile izan gaitezen. Espazio propioak behar ditugu, grebaren aurretik Euskal Herriko neska gazteontzat espazio propio bat sortuko dugu baterajotzearekin», zehaztu zuten agerraldi horretan.