INFO

Gustu guztietarako ekintzak Areatzan Bilboko Konpartsen eskutik

Xake, igel edo skate txapelketak; pisto, tortilla edo sukalki lehiaketa gastronomikoak; waterpolo partidak itsasadarrean, haurrentzako jokoak edo kontzertuak. Bilboko Konpartsen egitarau oparoak Bizkaiko hiriburuko Areatza girotzen du egun osoan zehar.


Konpartsek 500 ekintza baino gehiago antolatuko dituzte abuztuaren 19tik 27ra bitartean, Jai Batzorde Mistoaren ekitaldiez gain.

Aurtengo programazioan badira urteroko ezinbesteko hitzordu potoloak, Lehiaketa Gastronomikoa eta aurten 25 urte beteko dituen Hiri Krosa kasu, baina bada lehiaketa berririk ere. Horien artean daude skate eta rap/hip-hop lehiaketak, orain arte antolatu izan diren basket, bloodbowl, goitibera, igel-toka, open magic, waterpolo eta xake lehiaketak, mus txapelketa eta piraguen igoera ahaztu gabe.

Astelehenean pisto %100 begetala eta asteartean patata tortilla egin ondoren, hauek dira Lehiaketa Gastronomikoan geratzen diren hitzorduak: 23an, asteazkenean, txipiroiak tintan; 24an, ostegunean, sukalkia; 25ean, ostiralean, bakailaoa pil-pilean; 26an, larunbatean, marmitakoa eta 27an,  igandean, buztana.

Horrez gain, haurrentzako programazio berezia dago, zeinak antzerkia, gastrotxikia, igel-toka, puzgarriak eta beste hainbat ekitaldi bilduko dituen.

Programazio musikala ere ez da makala izango: Kristonak, J Martina, Zirkinik bez, Xiberoots, Tribade, Malakias, Goxua’n Salsa, Las Fellini, eta beste talde askok girotuko dituzte Areatza eta inguruak, baita zenbait elektrotxarangak, erromeriak eta DJak ere.