INFO

Museoa zabalduko dute Islandian euskal arrantzaleen sarraskia gogorarazteko

Albaola Islandiara iritsi da, zehazki Djupavík herrira. Euskal arrantzaleen historiaren pasarte garrantzitsu batek lurralde hau du eszenatoki. Honela euskaldunok eta islandiarrok batzen gaituen historia komun honen aitzaki, 2025ean zabalduko den museo bat eta hainbat ekimen abian jarri dira.

Albaolako Mikel Leoz Islandian hitzaldi bat ematen. (ALBAOLA)

‘Basque Association in Iceland-ek’, Islandiako eta Euskal Herriko marinelen historia partekatua babesten duenak, Euskal Zentro bat ezartzeko asmoa du Islandiako mendebaldeko fiordoen Strandir, eskualdeko Djupavík herrian, Albaola elkarteak jakitera eman duenez. Hain zuzen eskualde hori da Islandiara zihoazen euskal marinelekin lotura estuena duena.

Djupavík itsasoarekin zerikusia duten industriengatik ezaguna den herri txiki bat da, inguru horietan hondoratu ziren 1615ean euskal baleontziak.

2021ean, ‘Basque Association in Iceland’ elkarteak, Albaola aipatutako Euskal Zentroaren sorreran parte hartzera gonbidatu zuen; Europako bi nazio txikiren historia, Euskal Herrikoa eta Islandiakoa, eta itsasoarekin duen lotura ospatzeko asmoz.

Itsas historia partekatu hau ezagutzera emateko helburua bat dator elkarte pasaitarraren helburuekin, elkarteak berak aipatu duenez. Honek gainera, harreman berriak eraikitzeko, publiko berrietara iristeko eta gure itsas historia balioan jartzen jarraitzeko proiektu berriak garatzeko aukera emango duela uste du. Horrela, Islandiako lagunek Euskal Herriko eta Islandiako itsas kultur ondarearen parte izango den ondarea eraiki ahal izango dute.

Sinposioa, urrian Pasaian

Albaolak bere esperientzia eta ezagutza eskainiko ditu balea-txaluparen eraikuntzan eta erabileran. Parcs Canada gobernu-agentziak aurkitutako euskal ontzi mota da, San Juan galeoiaren pezioaren azpian, Red Bayko (Kanada) badiako ur hotzetan; eta Albaolak Apaizac Obeto arkeo-nabigazioko espedizioa egiteko erabili zuen ontzi bera (2006).Proiektu esperientziala, Labradorrrera joan ziren euskal baleazaleen bale txalupa eta bizitzari buruzko ezagutza berria ekarri zuena.

Hau guztian kontuan izanik, Albaolak hiru zeregin nagusi izango ditu proiektuan, ohar batean aipatu duenez. Lehenengoa, bi eguneko sinposioa antolatzea da, partzuergoko bazkide, ontzigile tradizional eta historialariekin, urriaren 16an eta 17an, Albaola Itsas Kultur Faktorian (Pasaia).

Sinposioaren helburua ontzigintzako euskal tradizioak partekatzea eta alderatzea da, batez ere bale-txalupena. Jarduera hau publiko orokorrari irekita egongo da.

Albaolako Mikel Leoz eta Enara Novillo Islandiako euskal arrantzaleei eginiko monumentuan.

Horrez gain, prestakuntza intentsiboa bat antolatuko da, Islandiako hainbat ontzigile tradiziolanek bale-txalupa bat eraikitzen ikas dezaten. Prestakuntza hori Pasaiako ontziola-museo-eskolan egingo da, aurtengo urrian sarrera-workshop batekin hasita; eta 2024an prestakuntza-aldi luzeago batekin jarraituko da. Helburua Islandiako arotzek Djupavík Euskal Zentru berrian euskal baleontzi bat eraikitzea da.

Museoa Islandian

Albaolako zuzendari zientifikoak, Xabier Alberdik, Djupavíken bale-txaluparen eraikuntzari lagunduko dion erakusketaren edukiak gainbegiratuko ditu eta itsas historia partekatuaren kapitulu garrantzitsu horri buruzko bere ezagutza
historikoa partekatuko du.

Baskasetur izena jarriko diote museoari eta 1615ean gertatutako euskaldunen sarraskiaren historia kontatzeaz gain, bi herriek aurretik izandako harremana eta elkarbanatzen duten kulturan sakonduko du. Erakusketak jarduera paraleloak izango ditu, kultura eta historia batuz euskal balezaleen historia gogoraraziko dituen tailerrak, kontzertuak eta bestelako adierazpen artistikoak besteak beste.

Jarduera hauek, itsasoaren zaintza arrantza-komunitate txikiekin lotzeko asmoa ere badute. Helburua, Euskal erakusketa iraunkor bat sortzea da, islandiar eta euskaldunek partekatzen duten kultur ondarea balioan jartzeko, historia eta gaurkotasunaren arteko elkartasun puntuak bilatuz.

Dagoeneko hasi dira museoa eraikitzeko lanak, eta erakusketa 2025eko abuztuan inauguratuko da, Creative Europe, europar batasuneko funtsak finantzatutako hiru urteko proiektu baten ondoren.

Europar Batasunari aurkeztutako eta Basque Association in Iceland-ek koordinatutako proiektu honetan, Albaola ez da bazkide bakarra; Haizebegi euskal musika elkartea edo University Centre of the Westfjords (University of Iceland) bezalako euskal kulturaren munduko eta Islandiako erakundeetako partaideak batu dira.

Beste erakunde batzuen laguntza ere izango dute, hala nola Strandagaldur ses, Hótel Djúpavík eta Árneshreppur.

Hainbat hilabetetan elkarlanean aritu ondoren, abuztuaren 21 geroztik erakunde bakoitzeko arduradunak Islandian daudela jakinarazi dute pasaitarrek; Djupavík erakusketa gunea bisitatuko dute, eta bertan Habia euskal taldea eta txalaparta musika bilduko dituen kontzertua egingo dute, Haizebegi proiektuko bazkide denak antolatuta.

Horrez gain, eman beharreko hurrengo urratsak zehazteko eta urrian Pasaiako Albaolako egoitzan egingo den topaketa zehazteko aukera izango dute. Topaketa horretan, Albaolak itsas ondare materiala eta ez-materiala babesteko eta zabaltzeko sortu duen ekosistema guztia ezagutzeko aukera izango dute guztiek.

Eta, jakina, bertatik bertara ikusiko dituzte ontziola-museo-eskolako erakusketaren parte den bale-txalupa eta 2015ean Unescoren babesa lortu zuen San Juan baleontziaren eraikuntza.