INFO

Araban 145 hegazti kutsatu dira botulismoarekin, baina laster agerraldia kontrolatzea espero da

Botulismoak Arabako 145 hegazti kutsatu ditu, eta horietako 122 hil dira. Gaixotasuna lehen aldiz abuztuak 18an atzeman zuten eta Arabako Foru Aldundiak adierazi du egoerak «hobera» egin duela. Datozen egunetako tenperaturen jaitsierekin agerraldia kontrolatzea espero da.

Arabako botulismo-kasuek 145 hegazti kutsatu dituzte (Fusaromike | Gettyimages)

145 hegazti kutsatu dira botulismoarekin Araban azken astean, hegaztiei soilik eragiten dien bakterio baten agerraldiaren ondorioz. Lehenengo kasuak aurreko asteko ostiralean, abuztuak 18an, eman zituen ezagutzera Arabako Foru Aldundiak. Momentuz, 122 animalia hil dira gaixotasun honen ondorioz.

Hala ere, ostiral honetan hiru hegazti soilik hil dira, egoera hobera doan seinale. Gainera, hurrengo egunetan tenperaturak jaitsiko direnez, agerraldia «kontrolatutzat» eman ahalko dela uste du Foru Aldundiak.

Kasu gehienak, Salburua, Betoño eta Arkaute inguruetan jaso dira. Hegazti kaltetuenak anatidoak dira, somormujo batzuk ere atzeman arren. Gaixotasun hau hegaztiei soilik eragiten dien bakterio batek sortu du eta egoera kontrolatzeko «detekzio goiztiarra» beharrezkoa dela jakinarazi dute adituek.

Egoera «kontrolpean»

Kutsatutako eta hildako hegaztien kopurua nabarmenki jaitsi da azken egunetan. Abuztuak 18an, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi zuen Gasteiz inguruan orotara 71 hegazti hil zirela eta 19 Martiodako Fauna Berreskuratzeko Zentroan tratamendua jasotzen zeudela. Azken hiru egunetan, aldiz, 10 kasu baino ez dira antzeman.

Agerraldiaren hasieran Aldundiak hiritarrei sintomak zituzten hegaztiak ikusiz gero Udalarekin zein Aldundiarekin harremanetan jartzeko eskatu zien, gaixoak eta hildakoak lehenbailehen ingurunetik ateratzea kutsadura ez hedatzeko modu «eraginkorrena» zelako.

Azken egunetako tenperaturak «lagungarriak» ez izan arren, kasuak ez dira nabarmenki hazi eta hurrengo egunetako tenperatura jaitsierekin, agerraldia kontrolatzea aurreikusten da.