INFO

Haizea lagun duela astindu du Oriok udako lehen bandera eta liga pil-pilean jarri da

Oriok, bigarren txandatik, denboraldiko lehen bandera astindu du Ondarroan eta aurreko asteetako arantza atera du, ohorezko txandan aritu baitzen azken bi igandetan baina arerioengandik urrun bukatu zuen. Sailkapen nagusian, Hondarribiak lau puntu jan dizkio Urdaibairi eta ligako borroka estutu du.

Orioko eskifaia XXXIX. Ondarroako Bandera astintzen. (Jon URBE | FOKU)

Itsasoa hain da handia, hain aurreikusiezina, hain da harrigarria bere eragina... Horrek guztiak egiten du eder arrauna eta arraun denboraldia, indartsuenek ere men egiten baitie eguraldien baldintzei eta horrek ezustekorako bidea zabaltzen du. Halaxe gertatu da larunbat honetan XXXIX. Ondarroako Banderan. Oriok garaipen zinez gozoa dastatu du, bigarren txandatik jardunaldiko denbora onena eginez. Lehendabiziko bandera astindu dute ‘mirotzek’ eta aurreko asteetako arantza atera dute, ohorezko txandan aritu diren guztietan arerioengandik oso urrun aritu baitira.

Gaur ezustean harrapatu die garaipenak, Ander Etxegoien patroiak ETBko kameren aurrean adierazi legez. Bigarren txanda irabazita –Ondarroa anfitrioiak eginiko lan ona are gehiago hobetuta eta txandan arerio izan zutenekiko nagusitasuna erakutsita–, uretatik jarraitu dute ohorezko txanda. «Hasiera batean haizea jaitsi egin da baina azken luzean haizea goraka hasi da; hala ere, ez genuen pentsatzen garaipena gurea izan zitekeenik. Badakigu haizeak asko lagundu digula, kontziente gara nola irabazi dugun, baina merezitakoa da egunerokoan egiten dugun lanarengatik», azaldu du Etxegoienek.

Hain zuzen ere, Hondarribiak segituan apurtu du ohorezko txanda eta bazirudien berea izango zela denborarik onena –hirugarren luzean Orioren denbora bost segundoan hobetuta zeukan eta Urdaibairi 12 segundo ateratzen zizkion– baina itsasoak, haizearekin bikote eginez, txarrera jo du eta poparean egin behar zuen azken luzean denbora galtzen joan da.

Azken ziaboga hartu eta minutu eta erdian, Orioren denbora lau segundo azkarragoa zela adierazten zuen GPSak. Asko sufritu dute Orbañanosenek azken luzean eta azkenean, 14 segundoko atzerapenarekin iritsi da helmugara, Orio eta Lekittarraren atzetik, hain zuzen ere. Isuntzak erakutsi du Kontxako sailkapen estropadan kontuan hartzeko traineru bat izango dela, bai eta Ondarroa berak ere.

Etxekoena izan da garaipena lehendabiziko txandan eta azkenerako bosgarren egin du, hurrengo urtean gorengo mailan lehiatuko duela matematikoki ziurtatuz. Samertolameuk ere maila galdu duela ziurtatu da.

Urdaibaik lau puntuko galera

‘Ama Guadalupekoa’ garaipena ospatzeko penaz geratu da, azken bi asteetako deserosotasuna astintzeko formula egokia izan baitzitekeen baina badauka zer zelebratu ontzi gipuzkoarrak. Bigarren postua sendotu du ––Zierbenak bederatzigarren egin du, Santurtzi, Kaiku eta Samertolameuren aurretik– eta liga berriro ere pil-pilean jarri du. Urdaibai jokoz kanpo geratu da segituan, baina denbora galera hori ez da soilik ohorezko txandan islatu, estropada zazpigarren bukatu baitu.

Hala, Hondarribiak lau puntu jan dizkio eta hiru estropada puntuagarriren faltan, ‘Bou Bizkaiatik’ bost puntura jarri dira hondarribiarrak.

Bihar, igandea, 12.15etatik aurrera, XIV. Getariako bandera jokatuko da. Orio, Lekittarra, Hondarribia eta Cabo ariko dira ohorezko txandan.

Eusko Label Liga - XXXIX. Ondarroako bandera

1. Orio 20:29.96
2. Lekittarra 20:38.94
3. Hondarribia 20:44.02
4. Cabo 20:44.48
5. Ondarroa 20:47.43
6. Getaria 20:50.96
7. Urdaibai 20:56.46
8. Donostiarra 21:05.24
9. Zierbena 21:07.70
10. Santurtzi 21:07.99
11. Kaiku 21:20.49
12. Samertolameu 21:51.17

Eusko Label Liga - Sailkapen nagusia

1. Urdaibai 170 puntu
2. Hondarribia 165
3. Zierbena 159
4. Donostiarra 133
5. Orio 123
6. Cabo 102
7. Getaria 98
8. Lekittarra 88
9. Ondarroa 67
10. Kaiku 65
11. Santurtzi 45
12. Samertolameu 32 

Portugalete, KAE 1 ligara begira

KAE 1 ligara igotzeko play-offetako lehen jardunaldia jokatu zen atzo Colindresen eta Portugaletek eraman zuen lehen garaipena. Atzoko lan ona gaur berretsi beharko du Erandion, bi jardunaldietako puntuak hartzen baitira kontuan. Gaurkoan azkarrena izan da, Deusturi hiru segundo eta Donostiarrari zortzi aterata. Hala, lau punturekin daude portugaldarrak, hirurekin Deustokoak, birekin Kaiarriba eta batekin Busturialdea.

Orio, KAE2 ligako garaile bezala, zuzenean igo da mailaz.