INFO

Erresuma Batuak biziarteko kartzela zigorra gogortuko du, erizainaren kasua baliatuz

Hainbat haurtxo hiltzeagatik epaitu eta kondenatu berri duten erizainaren kasua baliatuz, Erresuma Batuko Gobernuak biziarteko kartzela gogortzeko ekimena abiatu du. Hilketak bereziki «maltzurrak» diren kasuetan kondena barkatzeko aukera ezabatu nahi du Rishi Sunak buru duen gobernuak.

Manchesterreko Errege Gortean epaitu dute Lucy Letby erizaina. (Paul ELLIS | AFP)

Erresuma Batuko Gobernuak biziarteko kartzela gogortzeko ekimena abiatu du. Egun, biziarteko zigorrak berrikusi eta barkatu daitezke, «arrazoi humanitarioak» direla medio, besteak beste. Rishi Sunak buru duen gobernuak barkamenerako aukerarik gabeko biziarteko zigorrak deklaratzearen aldeko ekimena abiatu du, bereziki «maltzurrak» diren hilketen kasuan, hala nola, izaera sexualekoak.

Horrelako kasuetan bizi osorako espetxeratzea «lehenetsitako epaitzat» hartzea proposatzen dute. Duela egun gutxi ezarri diote biziarteko kartzela zigorra hainbat haurtxo hil zituen erizainari.

«Biziarteko zigorrak biziarteko kartzela-zigorra dakarrela ziurtatzeko, epaileek horrelako erabakiak hartu beharko dituzte hilketa mota izugarrienak egiten dituzten munstroei dagokienean», jakinarazi du Erresuma Batuko Gobernuak ohar batean.

Gobernuak adierazi du erabaki hori kodifikatzeko beharrezkoa den legeria «dagokion garaian» bultzatuko duela.

«Ikusleen izua nire egin dut berriki ikusi ditugun krimenen krudelkeriaren aurrean. Jendeak espero du, arrazoi osoz, kasu larrienetan bizi osorako kartzela-zigorrak horixe esan nahi duela bermatzea», adierazi du Sunak Lehen Ministroak.

Lucy Letby erizain britainiarrari, adibidez, biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten aste honetan, zazpi haurtxo hiltzeagatik eta beste sei hiltzen saiatzeagatik Ingalaterrako Chester herriko ospitale batean, nahiz eta emakumeak ahaleginak egin zituen heriotza horien erantzukizuna ukatzeko.

Erresuma Batuan 70 pertsona inguru ari dira biziarteko kartzela-zigorra betetzen, eta horrek esan nahi du, arrazoi humanitarioak salbu, ez direla espetxetik aterako. Letbyren aurretik, beste hiru emakumek bakarrik jaso zuten kondena hori, eta horietako bat 2002an hil zen.