INFO

Alex Renfroeren ustez, Bilbao Basketek «osagai guztiak» ditu denboraldi on bat burutzeko

Antolatzaile bosniar-amerikarrak 37 urte ditu eta makina bat lekutan jokatzea zer den ederki daki. Alabaina, eskarmentuaz gain, «bihotza» eta «jokoarekiko maitasuna» azpimarratu ditu bere bertute nagusitzat. «Gazteen gaitasun fisikoaz nahasi, irrikaz nago zer eman dezakegun ikusteko», gaineratu du.

Alex Renfroe, saskibaloian jokatzeko gogotsu oraindik ere, 37 urte izan arren. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Alex Renfroek 37 urte ditu eta saskibaloiak ez du sekreturik berarentzat. Baina beste ezer baino gehiago, «jokoari maitasuna» eta «jokatzeko gosea» mantentzen ditu. «Adinean gora noa eta urte hauek guztiak azkenak izan daitezkeela badakit. Hargatik, egun bakoitza, dela neurketa bat jokatzeko, dela entrenamendu bati ekiteko, aukera berri bat da. Jokoarekiko maitasun eta gose horri eusten diodan bitartean jarraituko dut», adierazi du Surne Bilbao Basketeko antolatzaileak astelehen honetan burutu duen aurkezpen ofizialean.

AEBtako Georgia estatuko Savannah hirian jaio zen Alex Renfroe 1986ko maiatzaren 23an. Ez zuen NBAn jokatzeko talenturik, antza, edo ezin izan zion abentura horri ekin, baina bere uzta oparoa izan da bisitatu dituen herrialde eta taldeei dagokienez –ez du, alperrik, Bosniako pasaportea ere, nahiz eta Bosnian sekula ez duen jokatu–, eta Europako lehiaketa ia guztietan hartu du parte, Euroliga, Eurocupa eta FIBAren Txapeldunen Liga barne. ACB Ligari lotuz gero, Valladoliden eman zituen aurreneko urratsak, eta gero Saski Baskonia, Bartzelona, Manresa, Burgos eta Granada zapaldu ditu, Bilbora etorri aurretik.

«Eskarmentua» eta «alboan dituen jokalarien maila hobetzeko gaitasuna» azpimarratu ditu aurkezpena asteko orduan Rafa Pueyo Bilbao Basketeko kirol zuzendariak. «Mundu guztiak ezagutzen du Alex Renfroe nor den. Patxada emango digu, uneoro erabaki zuzena hartzeko gaitasuna dauka; barruko jokalariekin blokeo eta jarraipen jokaldiak oso erraz ikusten ditu eta antolatzailea izateko, erreboteatzaile oso ona da. Hala, jokoari bila ari garen dinamismoa emango diolakoan gaude», gaineratu du Pueyok.

Izaera baikorra eta irekia duela nabarmentzea ahaztu zaio beltzezko gizonen kirol zuzendariari, halaxe azaldu baita Renfroe hedabideen aurrean. «Eguneroko lana da taldea osatzen joatea, baina itxura baten, beharrezko diren osagai guztiak ditugu denboraldi ona osatzeko. Batzuok, nik neuk edo Xavik –Rabasedak; biek ala biek Burgosen elkarrekin jokatu zuten– eskarmentua dugu eta gazteei kantxan kokatzen eta eredua eskaini diezaiekegu. Gazteenek, berriz, saskibaloi mailaz gain fisiko bikainak dituzte; atletak dira eta gaitasun fisiko horri etekina ateraz gero asko emango dute. Lanerako ordua da hau, baina irrikaz nago ACB Liga eta FIBAren Eurocupa noiz hasiko, bertute horiek guztiak zenbateraino garatzeko gai garen ikusteko», adierazi du jokalari bosniar-amerikarrak.

Miribillako zaleak ere gogoan izan ditu bilbotarren antolatzaile beteranoak. «Ozen entzuten dira, gero!», adierazi du, inork ere galdetzeke. «Beti aurka egokitu zaizkit orain arte, baina badut gogoa gure alde bultza nola egiten duten sentitzeko. Halako berotasuna da aurrera egiten laguntzen didana. Goizetik gauera naiz saskibaloi jokalari, lehiaketa eta jokoa maite ditut baita nire seme-alabekin jokatzen dudanean ere, baina jendearen bultzada sentitzea beste maila bat da», gaineratu du.

«Bihotza jartzen dut jokoan eta hori eskaini nahiko nuke hemen ere», azpimarratu du, amaitzeko.