Lezaman egiten den lanaren fruituak Athleticen hamaikakoetan izan du islada
Lehen hiru jardunaldietan hasieratik aritu diren jokalari guztiak harrobiko taldeetan partidak jokatutakoak dira. Aldi berean, dagoeneko iaz baino lehoikume gehiagok egin dute debuta lehen taldearekin. Unai Gomezek gol bat egin du, Imanol titularra izan da eta Pradosek Sadarren minutuak izan zituen.
Athleticen harrobiaren inguruan asko hitz egiten da lehen taldearen emaitzak onak ez direnean edo klubean hauteskunde sasoia heltzen denean. Sarri, informazio gehiegi izan gabe, ezbaian jartzen da egiten den lana eta hobekuntzen beharra azpimarratzen da. Arduradun ezberdinak izan dira Lezaman azken hamarkadan, hala ere, fruituak etengabe ateratzen joan dira.
50 urte baino gehiago igaro dira harrobi zurigorriaren proiektu aitzindaria martxan jarri zenetik eta zalantzarik gabe esan daiteke, Jose Mari Amorrortuk GARAn egindako elkarrizketa batean nabarmendu bezala, klubaren «bihotza» eta «bizkar hezurra» bilakatu dela.
Horren lekuko, Ernesto Valverdek lehen hiru jardunaldietan aurkeztutako hamaikakoek harrobiko taldeetan partidaren bat jokatutako futbolariek osatu dituzte. Belaunaldi eta ibilbide ezberdinak izan arren, guztiak uneren batean Lezamatik pasatakoak dira.
Betisen aurka hasieratik aritutako taldea aztertzen bada, Aitor Paredes, Imanol Garcia de Albeniz eta Iñigo Ruiz de Galarreta 10 urterekin hasi ziren harrobi zuri-gorrian jokatzen. 11 urterekin heldu ziren Iker Muniain eta Nico Williams Nafarroatik. Kapitaina Txantreatik etorri zen eta Nicok Osasunan jokatu zuen denboraldi bat. Unai Simon atezaina, aldiz, 14 urte zituenean iritsi zen Gasteizko Aurrera taldetik.
Gazte mailan sartu ziren Lezaman Iñaki Williams, Vivian, Guruzeta eta Lekue. Basconian eta Bilbao Athleticen aritu ziren eta Vesga bigarren taldean jokatzeko fitxatu zuten 21 urterekin. Alavesen eta Gasteizko Aurreraren harrobian ibilitakoa da.
Sentimendu zuri-gorria borborka
Oihan Sancet, De Marcos eta Unai Gomez ere hamaikakoetan sartu dira lehen jardunaldietan. Nafarra 15 urterekin fitxatu zuten Osasunaren harrobitik eta arabarra, aldiz, 20 urterekin iritsi zen Athleticera 2009an Alavesetik. Lehen taldearekin debuta egin ostean, Bilbao Athleticera jaitsi zuten eta partida bat jokatu zuen. 15 denboraldi daramatza talde zuri-gorrian eta 500 norgehiagotan parte hartu ondoren oroigarria eman zioten Betisen kontrako partidaren hastapenean. Lesionaturik dagoelako ezin izan zuen jokatu.
Guardiako jokalariak berak futbolaren erromantiko bat bezala definitu zuen bere burua eta ‘One Club Men’ bat izatearen harrotasuna aipatu zuen telebistan egindako adierazpenetan. Bere futbol ibilbide guztia talde batean egiten duten jokalarientzat erabiltzen den definizioa da.
De Marcosek azaldu zuenez, bere txikitako ametsa Athleticen jokatzea zen eta talde zuri-gorriaren kamiseta defendatzea izan da bere ilusio nagusia.
Hunkiturik agertu zen Unai Gomez San Mamesen egindako lehen gola ospatu ostean. 20 urte ditu erdilari bermeotarrak eta sare sozialetan euskaraz zabaldutako mezuan «ametsak egi bihurtzen» ari dela adierazi zuen. Amamari eskaini zion gola, talde zuri-gorria harmailetan animatzen egon izan den mutilak.
Imanol Garcia de Albeniz ezker hegaleko defentsa bizkaitarrak bezala, Real Madrilen aurka egin zuen debuta Unai Gomezek. Joan den denboraldian harrobiko bi jokalarik bakarrik jokatu zuten lehen taldearekin: Aitor Paredes eta Malcom Adu Ares.
Hasi berria den ikasturtean hiru jokalarik izan dituzte minutuak, Beñat Prados nafarrak ere Sadarren jokatu baitzuen bigarren jardunaldian. Defentsaren eskuin hegalean zelairatu zen, postu ezberdinetara egokitu daitekeen 22 urteko jokalaria. Mirandesen utzita egon zen iaz eta Cadizek berarengatik galdetu omen du.
Haize berria sartu da aldagelan hiru jokalari gazteak euskaraz mintzatzen entzun ahal izan dira adierazpenetan. 21 futbolari erabili ditu Valverdek lehen hiru jardunaldietan eta, Raul Garcia, Berenguer, Herrera eta Dani Garcia izan ezik, beste guztiak talde zuri-gorriaren harrobitik igarotakoak dira.