Graxi Etxebehere, Ortzaizeko bake artisau eskuzabala, zendu da
«Emateak ekarri dit zoriona; ez hainbeste jasotzeak». Esaldi honek laburbiltzen du herritar xume honen bizitzaren zentzua. Graxi Etxebehere zendu da, gaixotasun luze baten ondorioz, baina bidea jorratuta utzi du.
Erizaina lanbidez, militante abertzalea izaeraz eta bakearen artisaua bokazioz. Hiruretan asko eman ostean joan da Graxi Etxebehere Goikoetxea Ortzaizeko alaba. Gaixotasun batek itzali du bere barruko indar geldiezina, 72 urte zituelarik. Gau honetan hil da.
Samina ekarri du albisteak, eta hamaika dolumin-adierazpen. Ostegun honetan bere Ortzaizeko etxean hartuko ditu familiak bertara hurbiltzen direnak.
2015. urtean telebista bidez denon arreta erakarri zuen Etxebeherek. Aurretik itzaleko lana egina bazuen ere, orduan atera zen argitara bere ekarpena, ezer ezkutatu gabe. Sanferminetatik bueltan zetorrela atxilotu zuen Poliziak, Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea ETAko kideak bere etxean gordetzen zirelako. Baina komisariara abiatu aurretik hitza hartu nahi izan zuen hedabideen aurrean Graxik, zapi gorria lepoan, ezin argiago mintzo: «Armagabetu nahian dabilen erakunde bati ematen diot laguntza, ez naiz ezertaz damutzen».
«Armagabetu nahian dabilen erakunde bati ematen diot laguntza, ez naiz ezertaz damutzen». Aldarri horrek, telebistaz emana eta zapi gorria lepoan, bidea seinalatu zuen.
Aldarri ozenak oihartzun handia izan zuen eta euskal herritar asko mugiarazi zuen. Luhusoko pasartean sortuko zen bakegileen mugimenduaren hazia jarri zuen desobedientzia keinu hark, nolabait. 2017ko apirilaren 8an gauzatuko zen azkenik ETAren armagabetzea, herritar askoren laguntzaz eta Estatuen oztopoak gaindituz, eta nekez uler daiteke egun hori Etxebeheren bultzadarik gabe.
Hala ere, aspaldi luzean, ia bizitza osoan, elkartasun emailea izana zen Ortzaizeko emakume ausart hau. 1992. urtean ere atxilotua eta kartzelatua izan zen, bi iheslari gordetzeagatik. Sustrai Colinak 2021ean NAIZen egin zion elkarrizketan gogoratu zuen atxiloketa hura, eta bigarrena ere bai, bien arteko aldea aipatuz: «1992an, eginbidez ari nintzen, gaixo bat laguntzeko, baina, egia aitortzeko, lehen atxiloketa hartatik landa, kontzienteago egin ditut gauzak. 1992an laguntzaile sentitzen nintzen, baina 2015ean banekien zer eta zertarako egiten ari nintzen».
«Diferentzia handia da hori. 1992an inozentzia puntu bat nuen, arrautzatik atera berri den txita bezala, mundua konprenitzeko zerbait falta. Kartzelatik pasatzeak begiak ireki zizkidan. Ez da presondegia bezalakorik Estatua zer den eta zertarako gai den ikusteko», ziurtatu zuen.
2015ean egindakoaz eta oraingo uneaz honela mintzo zen Etxebehere, elkarrizketa berean: «Guri dagokigu hautetsiak mugiaraztea, hautetsiek Estatua presionatu dezaten. Akigarria dela? Ados, baina zein da alternatiba? Hautetsiak Estatuak behartzera bultzatzen ez baditugu, beldur naiz putzu hil batean buka litekeela afera. Baina horrek ez du erran nahi herri hau bideratzen ari ez garenik. Ene inguruan, arras marjinalak izatetik gutxiengo garrantzitsu bat izatera pasa gara. Hauteskunde-denboran, denek gurekin nahi badute, indar bat garelako da»
ETAri eta bere amaierari buruz ez du bere iritzia barruan gorde Graxik, oso berezkoa zuen zintzotasunez azaldu du: «Bizi nahi duen Euskal Herri baten ikurra zen enetzat, matxinada baten sinboloa. Ezagutu ditut egun borroka armatua kartsuki kritikatzen dutenak bere garaian atentatu zenbaitengatik pozten. Ezagutu ditut, halaber, egin beharrekoa ETAk eginen zuela pentsatuz etxean lasai gelditu direnak. Konprenitzen dut ETAren bukaerarekin jende batek amesgaiztoa fini dela pentsatzea eta, aldi berean, beste jende bat doi bat galdua sentitzea, nerabezaroan aitaren eskua askatzean bezala. Denek behar dugu denbora gure korapiloak askatzeko. Uste duzu nik, hastapenean, helburu baten alde norbait erail zitekeela ulertzen nuela? Uste duzu ez zaidala kosta hainbeste maite nituen eta hain zoragarriak zitzaizkidan lagunek beste norbait hil zezaketela onartzea? Nik ere, denen gisan, ene kontraerran eta gatazkak ditut eta izan ditut».
Nafarra, mugen gainetik
Graxi Etxebehere 1951n sortu zen Ortzaizeko Ibarnia izeneko laborari etxe batean (Ahaize auzoan). Baxenafartarra izanik, Nafarroa Garaiarekin ere lotuta handia izan du. Iruñeko Sanferminak eta Baigorriko Nafarroaren Eguna biziki maite izan ditu eta bietan sumatuko da bere falta. Arbasoetatik ere zetorkion harremana; bere aitona Gaintzakoa zen eta soldaduska ez egiteagatik zeharkatu zuen muga eta hartu zuen Ipar Euskal Herria bizitoki.
Lau ahizpen arteko zaharrena zen Graxi. Ortzaizeko eskolan ikasi ondoren, Donapaleuko Errecart lizeoan jarraitu zuen bidea, eta erizain ikasketak osatu zituen gero Bordelen. Ondoren, hiru urtez egin zuen lan Baionako ospitalean, 1972tik 1975era, eta geroztik erretiroa hartu arte bere herrian ibili da erizain, 40 urtez.
40 urtez erizain izan da Etxebehere bere herrian, eta euskal kulturan eta politikan engaiamenduak hartuz beti.
Gazte garaietatik hartu zuen euskal mugimendu kultural eta politikoan engaiamendua. Zergatia honela azaldu zuen ‘Mintzoak’ egitasmoaren barneko elkarrizketa batean: «Baigorriko kantonamenduan odolustea zen. Gazte guztiak kostaldera edo kanpora joaten ziren. Orduan hasi ginen gogoetatzen, zer egiten ahal zen. Kultura hiltzen ari zen, baina ekonomia ere. Turismoaren bihurgune lanjerosa ari zen hartzen. Zure ekonomia propioa behar duzu, bestela beste kapital baten meneko jartzen zara».
Esperientzia gogorrena, berak esan bezala, 1992ko kartzelatzearena izan zen, Fleury-Merogisen. Baina hortik oraindik are euskaldunagoa eta borrokalariagoa atera zen Etxebehere.
Bigarren kondena eta agurra
Helduago etorri zitzaion bigarren atxiloketa, patxada handiz hartu zuena. Pariseko Entzutegian epaitu zuten eta 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina betetzeko beharrik gabe. Bertan ere egindakoa damurik gabe onartu zuen Etxebeherek: «Jada ez da borroka armaturik. Armagabetzea gauzatua da. Estatu frantsesak parte hartu du. Gure erara ekarpena egin genuen eta ondorioekin kontent gara. Zuek ere kontent egotea nahiko genuke», helarazi zien epaileei. Presoen auziari serioski noiz helduko zitzaion galdetu zien ere.
ETAk bere zikloa amaitutzat eman ostean, 2018ko maiatzean Sortuk Bilboko Miribillan eginiko ekitaldian ere bere lekukotasuna eman zuen, jende artetik altxatuz eta eskuetan kutxa bat zuela. Horrekin irudikatu nahi izan zuen «herri honek gordetzen dituen borroken altxorra»: euskararen aldekoa, ikastolak, ekologismoa, nazioarteko elkartasuna, feminismoa... Horiekin guztiekin etorkizuneko Euskal Estatua gaurtik gorpuzten ari dela esan zuen.
Geroztik azken urteak gaixotasun larriarekin borrokan eman ditu Ortzaizeko erizainak, umorea galdu gabe. Apaltasunez esan die agur bidean pilatutako lagunei azken egun hauetan, eta esker ona adierazi ere bai: «Naizena egin nauzue». Garena egin gaituzu, Graxi.
Emazte handi bat joan zaigu!
— Artisans de la Paix #OrainPresoak (@Artisans_Paix) August 30, 2023
Bakegile nekaezina!
Milesker emandako guziagatik.
Adiorik ez Grazi! pic.twitter.com/tBi2C0N128
Berri txarrek iratzarri gaituzte gaur goizean. Graxi Etxebehere, bake artisau eskuzabala eta nekaezinak utzi bagaitu, berak hasitako bidean aurrera egiten jarraituko dugu.
— Sare #EtxeraBideaGertu ↗️↙️ (@sare_herritarra) August 30, 2023
"Garena egin gaituzu, Graxi"
Lurrak goxo har zaitzala. https://t.co/JHsFrIFsB5 pic.twitter.com/ZPF0DNpVmU
Graxi lagun, lurrak arina bekizu! Gure biotzetan betiko gordetuko zaitugu. Gora Nafarroa batua! https://t.co/0TCxQRhAVG
— Adolfo Araiz (@AdolfoAraiz) August 30, 2023
Graxi Etxebehere hil da. Abertzalea, militantea, konprometitua. Gure mugimenduaren baloreak ezin hobeki gorpuzten zituen kidea.
— SORTU Independentziarako #Indarra (@sortuEH) August 30, 2023
Izar berri bat piztu da Euskal Herriko zeru gainean.
Eskerrik asko herria egiteagatik, Graxi. pic.twitter.com/2mH2LoXjlC