INFO

Txanponaren alde gozoa dastatu dute Ondarroak, Cabok eta Getariak; garratza Isuntzak eta Kaikuk

Kontxarako sailkapen estropadan ez da ezustekorik izan, neurri batean, itsasoa ez zegoelako atzo bezain zakar. Zierbena, Hondarribia, Urdaibai eta Orio sartu dira; baita Cabo eta Getaria ere. Azken txartela lortzeko lehian egon dira Ondarroa, Isuntza eta Kaiku, eta saria 'Antiguako Amak' eraman du.

Ondarroako arraunlariak, estropada bukatu berritan, Kontxan sartu direla ospatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ondarroak ezin izan du hobeto ospatu klubaren 50. urteurrena, Kontxako Banderan sartuta. 'Antiguako Amak' brankaz oso lan ona egin du, kanpoko balizan Zierbena, Hondarribia, eta Orio traineruek bakarrik markatu dute denbora hobea. Ondoren, poparean, lana borobildu dute, eta lehen luzean lortu duten errentari eutsi diote. Zazpigarren postuan amaitu dute Kontxako sailkapen estropada.

Faborito nagusiak barruan dira: Zierbena lehena (20.01), Hondarribia bigarren (+15,05), Orio hirugarren (+15,79) eta Urdaibai laugarren (+20,64), eta haien atzetik ibili diren traineruak ere bai: Cabo bosgarren (+31,68) eta Getaria seigarren (+33,34).

Ondarroak txanponaren alderik gozoena dastatu du; Lekittarrak (zortzigarren) eta Kaikuk (bederatzigarren), ordea, garratzena. Isuntza 1.89 segundorengatik geratu da kanpoan. Brankaz 'Antiguako Ama' gailendu zaio, zortzi segundoko aldea aterata. Poparean, ordea, Lekittarra, sei segundo azkarrago etorri da. Denboraldi osoan bezala, erakutsi dute ondo moldatzen direla olatuen gainean. Bi luzeen denborak batuta, baina, Iñaki Errastiren arraunlariek eraman dute saria.

Sestaoko traineruak, Lekittarraren denbora berbera markatu badu ere lehen luzean, bigarrenean nahiko atzean geratu dira, Ondarroa baino zazpi segundo motelago iritsita. Jose Luis Kortaren taldeak ezin izan du atzo emakumezkoek hasitako lana borobildu, eta, hala, klubaren mendeurrenean, Kontxarako sailkatu.

Atzo emakumezkoek izandako itsaso zakarra ez da gaur egon gizonezkoen erlojupekoan. 20 kilometro orduko haize boladak, eta metro inguruko olatuak. Ezustekoak emateko tarte txikiagoa, zalantzarik gabe. Eta ez da izan ustekaberik, faborito nagusiek sailkatzea lortu baitute.

B multzoko traineruak izan dira irteeran lehenak. Zarautzek abiatu du erlojupekoa. Arkote izan da multzoko denborarik onena markatu duena, bai kanpoko balizan (10.16), bai helmugan (20.51). Multzo horretatik, Lapurdi izan da bigarrena, eta San Pedro hirugarrena. Hain justu, KAE 1 ligako hiru ontzirik onenak.

Zierbena, lehena, alde handiz

Santurtzi izan da A multzoko ontzietan irteten lehena, eta ziabogan Arkote eta San Pedrore baino denbora kaxkarragoa markatu du, bai eta amaieran ere. Ares Galiziako ontzia onenen multzoan sartu dute, eta kanpoko balizan Arkoteren atzetik egon bada ere, poparean lan ona egin du, eta haien aurretik sartu da, hamargarren geratuta, Kaikuren atzetik.

Orduan iristen hasi dira faborito nagusien erreferentziak. Orio atera da aurrena ontzi indartsuenen artean, eta hari segika zituen Zierbena eta Urdaibai. Kanpoko balizan Mirotzek 10.03 segundoko denbora ezarri dute, eta 'Galipoek' zortzi segundotan hobetu dute. 'Bou Bizkaia', aldiz, bi ontzi horiek baino motelago heldu da. Zierbena baino hamalau segundo gehiago behar izan ditu Iker Zabalaren taldeak.

Hondarribia izan da azken-aurrena irteten. Mikel Orbañanosen taldeak Zierbenaren atzetik iritsi da ziabogara, bost segundo motelago. Eta lau faboritoek kanpoko balizara iritsi diren hurrenkera berean amaitu dute erlojupekoa. 'Galipoak' aldarte onean daudela erakusten ari dira denboraldiko azken txanpa honetan, eta gaur ere hori berretsi dute, 'Ama Guadalupeko' traineruari hamabost segundo aterata.

Lau traineru indartsu horien atzetik egon dira Cabo eta Getaria, Eusko Label Ligan bezala. Bi ontzi horiek denbora berdina markatu dute kanpoko balizan (10.10). Baina poparean galiziarrak zertxobait hobeto etorri dira, bi segundo azkarrago eta, hala, bosgarren bukatu dute.

'Esperantza' traineruak gogotik sufritu du, bereziki ikusirik azkenak zirela helmugaratzen. Isuntzaren denbora zuten erreferentzia: 20:40.04. Hori hobetuta, barruan ziren. Azken paladak eman, eta oihuka hasi dira getariarrak. 'Esperantza' ontziarentzat hitzordu garrantzitsua baita Kontxako Bandera.

 

Kontxako sailkapen estropadako denborak

1. Zierbena 20:01,80
2. Hondarribia 20:16,84
3. Orio 20:17,84
4. Urdaibai 20:22,40
5. Cabo 20:33,50
6. Getaria 20:35,08
7. Ondarroa 20:38,32
8. Lekittarra 20:40,04
9. Kaiku 20:45,20
10. Ares 20:48,34
11. Arkote 20:51,50
12. Lapurdi 20:56,24
13. Samertolameu 20:56,70
14. Santurtzi 20:57,38
15. San Pedro 21:02,20
16. Bueu 21:14,00
17. Tiran 21:16,36
18. Zumaia 21:17,96
19. San Juan 21:22,52
20. Zarautz 21:31,28
21. Deustu 22:11,12
22. Elantxobe 22:22,38
23. Hibaika 22:25,96
24. Mutriku 22:33,94