INFO

Jakak eta Mariezkurrenak bikote perfektua osatu dute Donostiako torneoa irabazteko

Lizartzarrak bikain baliatu ditu bere atzelariak irekitako zuloak 11 tanto amaitzeko eta Altuna-Rezustak ezer gutxi egin ahal izan dute arerioen joko erautsiaren aurrean.

Jaka eta Mariezkurrena, pozarren, euren trofeoak eskuetan dituztela. (BAIKO PILOTA)

Sarri gauzarik sinpleenak izaten dira ederrenak eta pilota ere, bere horretan, ez da bereziki kirol konplikatua. Binakako jokoaren oinarrietan begiratuko bagenu ere, atzelariak jo eta aurrelariak amaitu egin behar dela irakurriko genuke eta ideia soil hori muturrera eramanda, bikote perfektua osatu dute gaur Erik Jaka eta Jon Mariezkurrenak giro ederra izan duen Atano III.ean Donostia Hiria torneoa irabazteko (22-12). Ezin esan Altuna-Rezustak partida txarra egin dutenik, amezketarrari txapel bat ere bota diote 3-4koan egindako bi paretako latz baten ostean, baina lizartzarrak esan bezala, Berriozarko atzelaria izan da txapela kentzeko partida egin duena, piloteoan erabat agindu, kantxa asko bete eta apenas akatsik eginda.

Eta hein handi batean, pilotaririk onenaren Iñigo Salbidea saria eraman duen atzelariak markatu du partidaren nondik-norakoa. Lehendabiziko tantoetan kosta egin zaio atzelari nafarrari pilotei neurria hartzea, eta suertez egindako bina tanto eta beste bi kale tartekatu ditu eta bere gorabeheren arabera jokatu dute beste hiru pilotariek. Gauzak horrela, partidak hasiera orekatu xamarra izan du, seina ere berdindu dute, baina dozena bat tanto jokatuta materiala otzandu denean, Baikoko atzelariak jotako soinuan aritu behar izan dute gainontzekoek. Oso amaierara arte beste alerik galdu gabe, nafarrak ikaragarri eta jarraikortasun handiarekin eman dio pilotari, Rezustari bizkarra behin eta berriz erakutsiz. Bergararrak pilota bakarra hutsegin du partida osoan, baina kosta egin zaio Jakari aukerako pilotak kentzea eta lizartzarrak ikaragarri gozatu du.

Bera zen sanferminetako finala jokatu ez zuen bakarra eta Larrazabalekin gertatu ez bezala, gipuzkoarra ez da Jokin Altunaren tranpan erori. Hilabete gogorrak pasa eta gero, gaur haizea alde zuela jokatzea tokatu zaio eta ez dio aukerari pasatzen utzi. Egoki aritu da gipuzkoarra, aukerarik onenak aukeratzeko presarik gabe eta errematean zorrotz, jokoan hamaika tanto amaituz, hamaikak airez. Hasierako tantoetan borroka polita izan du bere adiskide Jokin Altunarekin, nork tanto dotoreagoak egin, baina askoz baldintza egokiagotan, pike horretan nabarmen gailendu zaio bizilagunari. 8-1eko partzial batekin partida erabat hautsi dute (14-7) eta gero ez dute inolako arazorik izan errenta hori kudeatzeko.

Saiatu da Jokin Altuna, aurrean sartuz, partidaren erritmoa aldatzen, baina bere akatsak murrizteko gai den egunetan, Jon Mariezkurrena geldiezina da, gaur egun horietako bat izan du eta amezketarrari, gogoz kontra izan bada ere, amore ematea besterik ez zaio geratu.

Artolaren beste erakustaldi bat

Txapelketatik at, Bilbokoa kasualitate bat izan ez zela berretsi duena Iñaki Artola izan da. Logroñon ere torneoan ez duela jokatuko jakin arren, alegiarrak lanean jarraitu eta beste erakustaldi bat sinatu du, Iztueta lagun, Elezkano eta Tolosari 22-9 gailenduta, 15 tanto amaituz.

FITXA TEKNIKOA:

Jaka-Mariezkurrena: 22

Altuna III.a-Rezusta: 12

Pilotakadak: 466. Iraupena: 54,13 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 3-2, 3-4, 4-4, 4-5, 5-5, 5-6, 11-6, 11-7, 14-7, 14-10, 15-10, 15-11, 18-11, 18-12, 22-12. Sakeak: 2 Jakak eta 0 Altuna III.ak. Egindakoak: 11 Jakak, 3 Mariezkurrenak, 5 Altuna III.ak eta 1 Rezustak. Galdutakoak: 3 Jakak, 3 Mariezkurrenak, 4 Altuna III.ak eta 1 Rezustak. Gorabeherak: 1089 ikusle, sarrera bikaina, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Lehen sakea gorri.