INFO
Entrevista
Olatz Martin
Uribe Kostako hiru urteko haur baten ama

«Pediatra egon balitz, umeak arinago jasoko zukeen tratamendua»

Elkarretaratzea egin dute Plentzian, Uribe Kostako pediatria zerbitzuaren egoera salatzeko. Azaldu dute arriskuan jartzen duela umeen osasuna, abuztuaren 23an Olatz Martinen hiru urteko semeari gertatutakoa adibidetzat jarrita. NAIZek berarekin hitz egin du protestaren aurretik.

Olatz Martin, elkarretaratzean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Hiru urteko semea zurbil, zorabiatuta eta izerditan zegoela eta, Gorlizeko Osasun Zentrora eraman zuen Olatz Martinek abuztuaren 23an. Erizain batek artatu zuen umea, ohiko pediatra ez zegoelako eta ez dutelako espezialitate horretako medikurik jartzen hura ordezkatu dezan. Arriskutsua izatera iritsi daitekeen egoera hau salatzeko, elkarretaratzea egin dute Plentziako Osasun Zerbitzuaren aurrean, bide batez, Uribe Kosta eskualdean pediatria zerbitzu duina galdegiteko. Martinek berak zein June de la Maza lagunak hartu dute hitza, egoeraren berri emateko, eta herritar ugarik egin dute bat haiekin, herriko jaiak une batez alde batera utzita.

Hipogluzemia diagnostikatu zioten umeari Gorlizeko Osasun Zentroan eta tratamendua jarrita, amak eta semeak etxerako bidea hartu zuten. Ez ziren iritsi, ordea, ia berehala hasi baitzen haurraren egoera okerrera egiten eta anbulatoriora itzuli ziren. Erizainak, umea artatu zezakeen pediatrarik ez zegoela eta, Martin eta semea Plentziako Osasun Zentrora eraman zituen bere autoan bertan, amak atzean umearekin joateko aukera izan zezan.

June de la Maza eta Olatz Martin, elkarretaratzean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

NAIZekin hitz egin du Martinek, sustoa gorputzetik kendu ezinda oraindik: «Pediatra egon balitz, umeak arinago jasoko zukeen tratamendua». Onartu du ziur jakiterik ez dagoela, baina zentzuzko ondorioa atera duela esan daiteke, kontuan hartuta Gorlizen pediatra egon balitz hasieratik behar zuen tratamendua jasoko zukeela umeak.

Aldiz, Plentziako Osasun Zentroan artatu zuen mediku espezialistak eta behin umea egonkortuta, Gurutzetako Ospitalera eraman zuten anbulantzian. Gertuago dago Urdulizeko ospitalea, baina han ez dago pediatria zerbitzurik.

Ospitaleko alta-txostenak jarraipen pediatrikoa ezarri zuen hurrengo bi egunetarako. Martin hitzordua hartzera joan zenean, ordea, familia mediku batekin eman zioten, pediatrarik ez zegoelako. Lortu du haurra espezialista batek egitea, kostata izan bada ere: «Ondorengo jarraipena pediatra batek egin dio nik beste hitzordu bat hartu nuelako astelehen honetarako Plentzian».

Baina, partxea jartzea baino ez da horrela ibiltzea. Gabezia hau aspaldikoa dela azpimarratu dute Martinek zein De la Mazak: «2019an hasi zen jendea kexatzen eta hedabideetan ere agertu zen. Esan zuten neurriak hartuko zituztela, baina ez da horrela izan».

Egoera salatu zuenetik, ez da Osakidetzako inor Martinekin harremanetan jarri. Oraindik ez du kexa formalik aurkeztu, sentipena duelako eraginkorragoa dela bizitakoaren berri ematea. Erantzun moduan hartu du, ordea, ‘El Correo’ egunkariak gaur bertan dakartzan Osakidetzaren adierazpenak.

«Lotsagarria» iruditzen zaiela adierazi dute De la Mazak eta Martinek elkarretaratzean. Halaber, uste dute Osakidetzak ez duela inolako autokritikarik egin eta langileen gain utzi nahi izan duela gertatutakoaren ardura: «Jokabide zikina iruditzen zaigu». Horren aurrean, eskerrik beroenak helarazi nahi izan dizkiete umea artatu zuten profesionalei, «haiei esker, ondo dago gaur».

Ordezkorik gabe

Egoera udan okerragoa bada ere, Uribe Kostara jende ugari joaten delako oporraldia pasatzera, urte osoan zehar ematen den arazoa da. «Pediatra oporretan edo beste arrazoiren batzuengatik lanean ez dagoenean ez dute ordezkatzen. Ez da udako kontua, neguan ere gertatzen da», azaldu du Martinek.

Konponbideaz galdetuta, argi mintzatu da: «Ohiko pediatra ez dagoenean, espezialitate bereko mediku batek ordezkatzea. Dermatologo bat ez badu familia medikuak ordezkatzen, berdin pediatrekin». Martinek uste du zerbitzu minimoak betetzeagatik baino ez dagoela kezkatuta Osakidetza, eta ez du ulertzen gutxiengo horretan pediatrarik ez sartzea, «agian, kontingentzia plana berrikusi beharko dute». Izan ere, kontingentzia planaren arabera, Gorlizeko Osasun Zentroan zegoen familia medikuren batek artatu behar zuen umea, nahiz eta pediatra bat behar zuen.

Gasteizko Legebiltzarrera

EH Bilduk gonbidatuta, Gasteizko Legebiltzarrera eramango du kasua Martinek, «euren kasua azaltzeko eta Uribe Kostako Pediatria zerbitzuaren prekarietatea salatzeko», koalizio subiranistak jakitera eman duenez.

Halaber, ohar baten bidez azaldu dute Rebeka Uberak azalpenak eskatu dizkiola Gotzone
Sagardui Osasun sailburuari, «argitzeko zergatik ez zegoen pediatrarik Gorlizen data horretan, zer datetan ez den pediatrarik egon eta ea egokia iruditzen zaion hori udaran gertatzea, hain justu Gorlizen biztanleria gehien handitzen denean».