INFO

Hasiera nahasi eta bizia baliatu du Alavesek Valentzia mendean hartzeko (1-0)

Kike Garcia tartean zela, 7. minutuan, bere hirugarren gol aukeran, lortu du Alavesek partidako lehen eta azken gola Valentziaren aurka. Ozkacarrek sartu du baloia bere atean, aurrelari babazorroak minutu batzuk lehenago bi penalti huts egin ostean –Mamardashvili oso fin ibili da bi jaurtiketetan–.

Kike Garcia, 1-0ekoa ospatzen, Ozkacarrek bere atean sarturikoa. (Endika PORTILLO | FOKU)

Afizioa eta taldea bat eginda, entrenatzailea zaleen animo kantuak jarraitzen, pozik... Hauxe da Alavesen egoera ligako lau jardunaldi jokatuta eta sei puntu batuta; bi partida galdu eta beste bi irabazita, azkena atzo bertan. Valentzia ere zenbaki berdinekin dago, baina dinamiken kontuak balio gehigarria dauka futbolean eta, oro har, kirolean. Babazorroek etxean erreskadan eskuratzen duten bigarren garaipena izan da larunbat honetako, eta etxeko berotasunean handi egin nahi dutenaren asmo argiak islatu dituzte. Eta horretarako, noski, gakoa da partidetan topera hastea.

Eta a zer nolako hasiera gaur arratsaldekoa! Nahasia bezain bizia, eta mingarria izateko zorian, baita ere. Lehen minutua pasatuta, etxekoen aldeko penaltia adierazi du Gonzalez Fuertesek. Jokaldia argia zen: Diakhabyk atzean geratu zen bere taldekidearen pasea jasotzeko, atezainak hartuko zuelakoan, eta bitartean, Rioja bizi-bizi tartean sartu eta falta gogorra egin dio Mamardashvili atezainak, nola edo hala jokaldia geratzeko asmo zuzenarekin.

Akatsa eginda, atezainari berari zegokion arriskuaren aurrean taldea salbatzea, eta bai lortu ere. Ez behin, baizik eta bi aldiz. Kike Garciaren lehendabiziko jaurtiketa, Mamardashviliren ezkerrera jaurtitakoa, gelditu egin du, baina Lopez arean sartu dela-eta, errepikatzera bidali du epaileak. Ciudad Realekoa bera arduratu da bigarrengoan ere, oraingoan eskuinera jaurtita, eta are gehiago luzatu da atezaina, gola saihesteko.

Artean, 7. minutua zen oraindik eta Alaves hirugarren gol jokaldia eratze prozesuan zegoen. Duartek erdiraketa oso arriskutsua egin du eta Kike Garcia, areako gizona dela agerian utziz –eremu horretan jazotako 11 jokalditan izan zen protagonista–, errematerako prest zegoen Özkacarrek bere oina jarri eta baloia bere atean sartu du arte. Mamardashvilik ezinezkoa izan du hirugarren aukera hori desbideratzea eta Kike Garciak, beraren gola izan ez bazen ere, hirugarrenean asmatu du.

Borroka

Hain zuzen ere, Kike Garciaren bizitzako leloa da amore ez ematea, eta halaxe lortu du Alavesek ere denboraldiko bere bigarren garaipena. Hain gol goiztiarrarekin, Luis Garcia Plazak zuzendutako taldea ondo moldatu da abantaila defendatzeko, defentsan zein erasoan.

Kike Garciak berak bigarren gola gertu izan du, atzelariei bizkarra hartu, arean sartu eta oinean baloia ondo kokatu ostean, jaurtiketa gurutzatuak zutoinarekin topo egin baitu. 39. minutua zen eta atsedenaldira iritsi bitartean, apenas egon zen baloia mugimenduan, bi taldeen zenbait falta tarteko.

Valentziako entrenatzaile Barajak onartu du espero baino gutxiago sufritu zuela Alavesek lehenengo zatian eta «makal aritu zirela». Itxuraldatuta eta bi aldaketa eginda zelairatu dira valentziarrak, eta estu hartu dituzte etxekoak. Sivera atezainak berretsi du garaipenaren zati bat berea zela.

Diego Lopezekin aurrez aurre neurtu da Sivera, eta handi egin da berdinketa saihesteko. Erdiraketetan ere arin ibili da, eta baita sendo ere, baloia ondo desbideratuz. Luis Garcia Plaza teknikariak ondo irakurri du partida eta aldaketa guztiek eman diote emaitza: Solaren freskotasuna Kike Garcia probesteko zorian egon da, honen erdiraketa buruz kanpora errematatuz. Omorodionen zelairatzeak are gehiago hustu du Valentzia eta, honi esker, Guridik gol aukera garbia izan du... Tenaglia eta Benavidezek, bestetik, sendotasuna eman diote, erreskadan bigarren porrota jaso duen Valentziaren amorraziorako.

Fitxa teknikoa:

Alaves: Sivera; Gorosabel, Sedlar (Tenaglia, 75. min.), Rafa Marin, Duarte; A.Blanco (Benavidez, 88. min), Guevara; Rioja, Alkain (Sola, 66. min.), Guridi (Hagi, 87. min.); Kike Garcia (Omorodion, 75. min.).

Valentzia: Mamardashvili; Foulquier, Diakhaby, Ozkacar (Mosquera, 46. min) Gaya; Javi Guerra, Pepelu; Correia (F. Perez, 46. min.), Almeida (Canos, 61. min.), Diego Lopez (Amallah, 70. min); Hugo Duro (Dominguez, 81. min.).

Gola: 1-0, 7. minutan: Özkacar, bere atean.

Epialea: Gonzalez Fuertes (Asturias). Jon Guridi (38. min.), Gorosabel (45. min.), Gaya (45. min.), Guevara (81. min.) eta Diakhaby (86. min.) txartel horiarekin zigortu ditu, baita Luis Garcia Plaza teknikaria ere.