INFO

Sabelak bete eta arimak elikatzen dituen sukaldea

Zaporeak kalitatezko elikaduraz arduratzen den bezala, beste GKE batzuen lana ezinbesteko bihurtu da Lesbosen dauden milaka errefuxiatuei gutxieneko batzuk bermatzeko. Bien bitartean, uharteko gune isolatu batean kanpaleku berri bat eraikitzearekin tematuta jarraitzen dute tokiko erakundeek.

Sei aldiz ukatu diote asilo eskaera, Zaporeaken lan egiten duen Hadiri. (Hedoi BELATEGI)

Mavrovouni da gaur egun Greziako Lesbos uhartean dagoen errefuxiatu gune nagusia. Mavrovouni da izen ofiziala, baina Kara Tepe II da herritar gehienen artean nagusitu dena, aurretik inguru berberean egon zen Kara Tepe gunearen ondorioz. Moria herrixkatik gertu zegoen zorigaiztoko kanpalekua (irailaren 8an hiru urte beteko dira kiskali zenetik) ordezkatu zuen Kara Tepek, eta gaur egun Turkiatik Greziara itsasoz heldutako 3200 errefuxiatu baino gehiago hartzen ditu. Aurreikusitako gehienezko edukiera 3000 lagunekoa da.

Espazio faltarena, Kara Tepen dauden pertsonek duten arazoetako bat baino ez da. Egunean «otordu bakarra» bermatzen diete errefuxiatuei Kara Tepeko arduradunek, eta maiz pertsona asko «jan gabe ere» gelditzen direla dio erakundeko sortzaileetako bat den Peio Garcia Amianok. Kalitateari dagokionez, behin baino gehiagotan heldu zaie janari ustela errefuxiatuei armadak banatutako erretiluetan. Grezia osoan pertsona errefuxiatuentzako otorduak prestatzen dituen erakunde gehiago ez egotea nola posible ote den galdetuta, «jende guztia halako urratsik emateko prest ez dagoelako», erantzun du Perez Amianok. 2000 menu inguru egunero astelehenetik larunbatera, elikagai guztiak lortzeko egin beharreko kudeaketarekin batera. Hala ere, oraindik ere beharrak dituztela gogora ekarri du Zaporeako Helena Ruiz de Azuak eta beti erantzuteko prest izan denez jakitun, babes eskaera berria egin dio Ruiz de Azuak euskal gizarteari. «Oraintxe bertan 2200 otordu ematen ari gara, baina Kara Tepeko eremuan 3300 pertsona daude, beraz matematikak esaten digu 1000 pertsonari ezin diegula jatekorik eman». Honez gain, ingurumenarekiko kaltea murrizteko helburuz, gaur egun erabiltzen dituzten erabilera bakarreko ontziak atzean utzi nahi dituzte berrerabil daitezkeen aluminiozkoak erabiltzeko.

Elikaduraz harago, integraziorako bidea ere eskaintzen die errefuxiatuei boluntario edo langile izateko aukera eskainiz, asilo eskatzaile izate soilagatik kasik gaizkiletzat tratatu dituzten testuinguru batean. Hadi da sukaldean egunero-egunero diharduen boluntarioetako bat. Sukalde horretan dihardu Irandik ihes egin ostean, sei aldiz asilo eskaera ukatua izan zaion Hadi. Zaporeak duen okindegi propioan lan egiten dute berriz, Afganistanetik heldu diren Mohammed eta Reza. Sorterrian, «negozio gizon arrakastatsua» zela gogora ekartzen du Rezak, eta gaur egun pita ogia egiten duela. Dionez, «honelako gauzak ditu bizitzak». Bost urteren ostean, bere egoera erregularizatu du Rezak eta urtebete barru Europara joatea espero du.

Kara Tepe II, Mavrovouni da izen ofiziala eta ez dago baimenduta argazkirik egitea gertu. (Hedoi BELATEGI)



Nazionalitate asko beraz sukalde honetan eta ez dira euskal herritarrak falta. Goizean goiz Lesbosera heldu eta zuzenean lanera bidali dutela azaldu du Tuterako Pablok, «lehen eguna gogor joan da, hemen ez da inor gelditzen. Baina tira, harrera bikaina egin digute eta ederki nago hemen». Hiru astez sukaldean kolaboratu, eta errefuxiatuen errealitatea ezagutuko du Pablok.

Babesean aliatuak

Batasuna indarraren sinonimo dela argi dute Zaporeaken eta elkarlan estua dute uhartean dauden bestelako eragileekin. Haien otorduak jasotzen dituen GKEetako bat When We Band Together da (euskaraz elkartzen garenean esaldiarekin itzul daitekeena). Zaurgarritasun egoeran dauden emakume eta haurrekin egiten du lan erakunde honek, errefuxiatuen kanpalekuko giro itogarriaren aurrean, oasi txiki bat eskainiz. Hamarka haur eta emakume hartzen ditu espazio honek egunero eta babes espazio bat dela ezin uka, haurrek haurrarena egiten baitute, jolasean ibili lagunak zirikatu eta barre egin. Kalitatezko otordu bat, lagunekin lasaitzeko aterpetxo bat, plastikozko igerileku bat, ikastaroak... ez da asko akaso, baina errefuxiatuen kanpalekuak eskaintzen ez dien guztia da.

Dionez ez da kexatzen den horietakoa, baina Kara Tepen «bero izugarria» egiten duela kritikatzen du Iftuk, «jasanezina» zaiola giroa. Pentsa, aterpetzat jotzen duten edukiontzi batean egiten du lo, beste hainbat lagunekin, Lesbosen 35 gradutik gorako tenperaturak kasik egunerokoak izan diren uda batean. Eritrean jaio zen Iftu, baina Etiopian hazi zen eta 3 urterekin dagoeneko umezurtz gelditu zen. 25 urterekin, indarkeriatik ihesi eta Etiopian etorkizunik ez zuela sinetsita Turkiarako bidea egin zuen bertatik Anatolia eta Lesbos banatzen dituzten zazpi kilometroak ontziz zeharkatzeko. «Ez dakit igeri egiten» azaldu du Iftuk, baina beste aukerarik ere ez zuen. Hilabete pasatxo darama uhartean, eta une honetan bere lehentasuna «atseden hartzea da» bidai luzearen ostean. Aurrerago Europara joan nahiko luke. Ez du herrialde kuttun bat, bere nahi bakarra «gerran ez dagoen herrialde batean bizitza on bat» edukiteko aukera izatea da.

Are eta ikusezinagoak

Zaporeaken gonbitari erantzunez Lesbosen izan da Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburuak eta Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak osatua. Euskal GKEren lana gertutik ezagutzeaz harago tokiko zenbait ordezkari instituzionalekin biltzeko aukera izan dute Melgosak eta Legarretak, baita Mavorouniseko kanpalekua bisitatzeko aukera ere. Besteak beste, Stratis Kytelis Mitilene Lesboseko hiriburuko alkatearekin biltzeko aukera izan zuten eta honek berretsi zien Vastrian kanpaleku berri bat eraikitzeko asmoa, baita urte amaierarako eraikita izatea espero dutela ere (Atenaseko epaile batek behin-behinean eten zuen honen eraikuntza, ingurumen arrazoiak direla medio).

Kanpaleku berriaren beharra, gaur egun «gainezka» daudela esanez justifikatu du Kytelisek, «Kara Tepeko errefuxiatu-esparruan 3.200 pertsona baino gehiago daude, eta kopuru horrek gure gaitasunak gainditzen ditu». Melgosak bere aldetik, kanpalekuen aukeraren aurrean, «korridore seguruak» bermatzeko aukeraren alde egin du baita  Eusko Jaurlaritzaren Share proposamena ere helarazi ere, «elkartasuna sistematizatuan eta erantzukizunez partekatzeko, lurralde bakoitzaren gaitasunak kontuan hartuta».

Vastria, Lesboseko iparraldean dago, Mitilenetik ordubete ingurura eta gune oso isolatu batean. Alegia erraz topatzen diren arren, dagoeneko nahiko ikusezinak diren errefuxiatuak are eta ikusezinagoak bihurtuko direla. Kazetarien galderei erantzunez, Kara Tepen topatu duten «testuinguru gogorra» nabarmendu du Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak, Vastriako aukeraren aurka daudela berretsiz, «Guretzako ez da aukerarik egokiena, are gutxiago uharteko beste puntan kokatzen badute». Haren iritzi berberekoa dira ere NBEn Errefuxiatuentzako Goi Mandatarian. «Kanpalekuak beti azken aukera izan behar dutela sinetsita gaude. Beti apustu egin dugu errefuxiatuak komunitateetatik gertu egon daitezen» nabarmendu du Danilo Valdiviezo NBEko agentzia honen ordezkariak.

WWTk eskaitzen dien babes espazioan, haur gehienak pozik agertu dira kameren aurrean. (Hedoi BELATEGI)